Erabakitzeko eskubidea (II). Maddalen Iriarte (EH Bildu).

«Herritarren giharrik gabe, prozesuak zailagoak dira»

Igandeko giza katean herritarrek erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeak «bultzada bat» eman dio Autogobernu Lantaldearen egitekoari, Iriarteren aburuz. Dioenez, «inork ez lituzke begiak itxi behar» errealitate horren aurrean.
JUANAN RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko ekainak 14
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen irudiko (Donostia, 1963), Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarraren esku egoteak «ardura erantsia» ematen die estatutu berria lantzen ari diren alderdiei.

Igandeko giza katea mugarria izango da erabakitzeko eskubidea betetzeko orduan?

Igandekoa gizartea aktibatzeko beste urrats garrantzitsu bat izan zen. Giza katea Eusko Legebiltzarrean autogobernu lantaldean eztabaida ematen ari den unean iritsi da. Lantalde horretan dagoeneko akordio batzuk lortu ditugu atarikoaren eta hitzaurrearen inguruan, gehiengoz, eta horien arabera Euskal Herria nazio bat da, erabakitzeko eskubidea dauka, eta beste harreman bat izan nahi du Espainiako Estatuarekin. Beraz, herritarrek kalean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeak, dudarik gabe, bultzada bat ematen dio gure lanari. Herri hau beste egoera batera eramateko prozesu horretan egun garrantzitsu bat izan zen igandekoa, eta horren aurrean inork ez lituzke begiak itxi behar.

Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarrean dago jada. Orain, zer?

Eusko Legebiltzarrak lan eginez erantzun behar dio igandeko eskaerari. Itun hori gure eskuetan egoteak ardura erantsi bat ematen digu. EH Bilduk herritarrekin sinatutako kontratu bat dauka, eta hitz emandakoa bete behar du: besteak beste, herri honen burujabetzaren alde lan egitea. Horretan ari da EH Bildu Autogobernu lantaldean. Dudarik ez dugu herritarrak direla edozein prozesuren motorra, herritarren giharrik gabe mota honetako prozesuak zailagoak izaten direlako. Horteaz, itun hori guregana iritsi izanak aparteko bultzada bat ematen dio gure lanari.

GEDek dio herritarrak erabakitzeko eskubidera hurbildu direla azken urteotan. Transbertsalagoa da orain erabakitzeko eskubidea?

Gure Esku Dago-ren lanari esker erabakitzeko eskubidea bezalako kontzeptua indarra hartzen joan da eta jende gehiagorengana iritsi da. Azken batean, autodeterminazio eskubideaz ari gara, XXI. mendean herritarren erabaki demokratikoaren bidez lortutako eskubide batez. Konbentzituta nago GEDek sekulako ahalegina egin duela erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua ahalik eta zeharkakoena izan dadin. Beste kontu bat da bere burua espainartzat hartzen duenak eta mugimendura etorri nahi ez duenak bat ez egitea; kasu batzutan, gainera, herri honi aukera politiko guztiak aurrera eramateko betoa jartzeko asmo argia erakutsita. Nik horiei esango nieke: etorri demokratikoki gurera eta errespetatu gure erabakia.

EAJren eta EH Bilduren ordezkaritza zabala egon zen igandeko giza katean. Ez, ordea, gainerako alderdiena. Nola lortu haiengana iristea?

PSEk eta PPk giza katearen aurka egiteaz gain, ekimena barregarri uzten saiatu dira. Uste dut herritarren erabakiak gutxiestea eta barregarri uztea oso larria dela. Hori esanda, uste dut lan egiten ari dela erabakitzeko eskubidearen inguruan, baina gehiago egin beharko dela. Argi utzi behar dugu guk erabakitzeko eskubidea nahi dugula herri honetako herritarrak ahalik eta hoberen bizitzeko eta euren egunerokoan eragina duten politikak hemen bertan erabakitzeko. Erakutsi dugu bagarela gai estatu egitura modukoak eraikitzeko, esaterako, hezkuntza sistema bat antolatuta. Herri hau oso ekimentsua da eta gaitasuna dauka herritarren beharrei ongi erantzuteko. Beraz, argi utzi behar dugu erabakitzeko eskubidea ez dela kontu identitario bat.

Estatutu berriaren atarikoa eta hitzaurrea adostu dituzue EH Bilduk eta EAJk. Akordioa lortzeko, EH Bilduk lausotu egin behar izan ditu bere exijentziak?

Negoziazio batean beti daude bigarren lerroan jarri beharreko edukiak. Edozein moduz, lortutako akordioetan garrantzi handiko hiru kontzeptu sartu dira: Euskal Herria nazio bat dela, erabakitzeko eskubidea duela eta Espainiarekin beste harreman bat izan nahi duela. Eta harreman horrek izan nahi du berdinetik berdinera, estatu konfederal baten barruan. EH Bilduren azken helburua euskal estatu independente bat lortzea da, eta ez ditugu ahazten Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Gure eguneroko lana hori erdiestera bideratuta dago, baina bitarte honetan uste dugu iritsi gaitezkela azken eskailera horren tarteko maila batera.

Bazirudien Elkarrekin Podemos adostasunera batuko zela, baina, azkenean, boto partikularra aurkeztu zion hitzaurreari.

Atarikoaren inguruan akordio terminoetan hitz egiten ari ginen Elkarrekin Podemosekin, baina atzera egin zuen eta komunikabideen bidez jakin genuen ez zuela testua babestu behar. Atarikoaren zortzi puntuetatik seitan ados geunden hiru taldeak, baina azken momentuan Elkarrekin Podemosek erabaki zuen boto partikularra ematea. Haiek jakingo dute zergatik. Argi dut Elkarrekin Podemosi egunetik egunera desagertzen ari zaiola hauteskunde kanpainan aldarrikatutako erabakitzeko eskubidearen lema. Gainera, uste dut akats handia izan zela giza katean parte ez hartzea, bere botoemaile asko bertan egon zirelako. Ez dago politika egiteko era okerragorik herritarrek esaten dutenari begiak ixtea baino.

Akordioa errazago izango da estatutu berriaren beste atal batzuetan?

Beste arlo batzuetan elkarlanean aritu gaitezke. EH Bilduk nahiko luke estatutu berriak ahalik eta adostasun zabalena lortzea, eta ahaleginak eta bi egingo ditugu hala izan dadin. Baina argi utzi behar da gehiengoak erabakitakoa errespetatu behar dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna