Erabakitzeko eskubidea (III). Jose Antonio Pastor (PSE-EE).

«Ez dugu babestuko Espainiaren lurralde batasuna haustea»

Legebiltzarkide sozialistak uste du erabakitzeko eskubideak «haustura» sortzen duela gizartean, eta ez duela bat egiten herritar gehienen nahiarekin. Ezinbesteko deritzo estatutu berriak «gai sozialei» lehentasuna emateari.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak (Ortuella, Bizkaia, 1959) Gure Esku Dago dinamika kritikatu du, haren «benetako helburua» independentzia lortzea dela iritzita.

Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu beharko luke igandeko giza katearen aldarrikapena?

Legebiltzarrean askotan eztabaidatzen dugu gai horri buruz; behar baino gehiago, esango nuke. Euskal gizartearen gehiengoak babesten ez duen aldarrikapen bat da, eta guk ez dugu uste Euskadin independentziaren aldeko tentsio politiko bat dagoenik. Izaera sozialeko gai askok dute gizartearen eta alderdi gehienon babesa, eta sozialistok eskatu duguna da batzen gaituzten gai horiek lehentasuna izatea Autogobernu lantaldean, gerorako utzita gure arteko desadostasunak eragiten dituztenak. Baina EAJk eta EH Bilduk kontrakoa egin dute, erabakitzeko eskubidea —hau da, autodeterminazio eskubidea—mahai gainean jarrita. Horrek haustura sortzen du ezinbestean, herri hau oso plurala delako eta askotariko identitate sentimenduak dituelako.

Zer deritzozu giza kateari?

Mobilizazio garrantzitsua izan zen, baina ez ditugu hainbat gauza ulertzen. Giza katea aurkeztu zutenean, bestelako aldarrikapenekin bat egiteko ekinbidea izango zela esan zuten —feminismoarekin, pentsiodunekin... —, baina gero, giza katean, ez ziren gai horiek aipatu ere egin. Beraz, irudipena daukat deialdiari indar gehiago emateko asmoz aipatu zituztela arlo sozialeko aldarrikapen horiek, baina azkenean erabakitzeko eskubidea delakoaren inguruan hitz egiteko baliatu zela, hau da, autodeterminazio eskubideaz hitz egiteko. Ez dugu gaizki ikusten edozein aldarrikapen modu baketsuan eta demokratikoan egitea, baina uste dut ez duela bat egiten Euskadiko herritar gehienen nahiarekin.

Erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bat da?

Abertzaleek horrela saldu nahi dute, baina kontzeptu horrek zalantza asko sortzen ditu. Nork ezartzen ditu erabakitzeko eskubidearen mugak? Eta nork erabakitzen du subjektu politikoa? Eta zergatik erabaki behar dute haiek subjektu politikoa eta ez beste batzuek? Eta zergatik egin behar du bat kontrako iritzia ematen duen lurralde batekbeste batek erabakitzen duenarekin? Erabakitzeko eskubideak, ezeren gainetik, haustura eragiten du gizartean.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du Eusko Legebiltzarra ezinbestekoa izango dela erabakitzeko eskubidea modu instituzionalean bideratzeko.

Hemen ez dugu inoren lekukoa hartu behar, erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida politikoa GED sortu baino lehenago baikenuen. Nolanahi ere, guk entzun egingo ditugu kalean dauden aldarrikapen guztiak, eta kontuan hartuko ditugu Autogobernu lantaldean. Galdetzen badidazu giza katea mugarria izango ote den lantaldearen egitekoetan, erantzuna ezezkoa da. Ados, ariketa jendetsua, demokratikoa eta baketsua egin zen igandean, baina guk ez diogu ematen beste batzuek ematen dioten garrantzi politikoa. Argi gera dadila sozialistok ez dugula babestuko Espainiaren lurralde batasuna haustea, ezta legea eta ordenamendu juridikoa ez errespetatzea ere.

EAJren ordezkaritza politiko gorena egon zen giza katean. Deseroso sentitu zarete PSEn?

Ez zitzaidan gustatu EAJren ordezkaritza instituzional batek giza katean parte hartzea. Hiriburuetako alkateek eta Eusko Legebiltzarreko presidenteak kargu instituzionalak dituzte, eta, teorian, euskal gizarte osoa ordezkatu behar dute. Ordezkaritza instituzionala lekuz kanpo egon zen.

PSEk harremanik ba al du Gure Esku Dago dinamikarekin?

Dinamika martxan jarri zenean, bileraren bat edo beste izan genuen kide batzuekin, eta haien asmoen berri jaso genuen. Esan genien ez genuela haien estrategiarekin bat egiten, eta uste genuela benetako helburuak ezkutatzen ari zirela. Alegia, autodeterminazio eskubidea, Espainiatik banatzea eta independentzia bilatzen zituztela, metodo modernoagoak eta hitz atseginagoakerabilita.

EAJk eta EH Bilduk estatutu berriaren hitzaurrea eta atarikoa adostu dituzte. Zer da gustuko ez duzuena?

Erabakitzeko eskubidea txertatzea. Estatutuak ahalik eta adostasun handiena lortu behar badu, has gaitezen aztertzen partekatzen ditugun esparruak. Abertzaleek, baina, justu kontrakoa egin dute. Subjektu politikoa eta autodeterminazio eskubidea jaso dituzte hitzaurrean eta atarikoan, legezkotasun itxura bat emanez, eskubide historikoetan oinarrituta. Proposatzen dutena astakeria bat da.

Zergatik?

Ez delako erreala, eta juridikoki bideraezina delako. Oinarrizko lege bat egin nahi baduzu, juridikoki bideragarri egin behar duzu; bestela, ez da loteslea izango. Ibarretxe Planaren zirriborroan jasota zeuden hitz batzuk berreskuratu dituzte, identitate nazionala, esaterako. Ez da biderik egokiena, eta kale itsu batera garamatza, Katalunian bezala.

PSErekin jarrerak hurbiltzeko, testuetatik desagertu egin beharko lirateke Euskal Herriaren nazio izaera eta identitate nazionalaren aitortza?

Bai, noski. Estatu batean bizi gara non Konstituzioa den lege gorena eta proposatzen den guztiak legezkoa ez ezik bideragarria ere izan behar duen. EAJk eta EH Bilduk proposatzen dutenak legea gainditzen badu, ez du bideragarritasun juridiko eta politikorik izango. Baliteke gehiengoa izatea testu hori onartzeko, baina ez du bideragarritasun juridikorik izango, Konstituzioa urratzen baitu eta ez baitu izango babesik Kongresuan.

Estatutu berria adostasun zabal batekin onartuko al da?

Orain arteko urratsak ez ditugu gustuko, baina badago denbora dokumentu on bat lortzeko .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.