Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreportajea

Patriarkatua, egunean behin bada ere

Onintza Enbeita eta Irantzu Varela EH Bilduko hautagaien xedea «araua apurtzea» da, ohiko moldeetatik urrun.

Onintza Enbeita eta Irantzu Varela, Leioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2015eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan eman duen denboran, Onintza Enbeita bertsolari eta Amaiurreko parlamentariak behin baino gehiagotan harrotu ditu hautsak. Haren berbaldiek askotan apurtu dituzte zuzentasun politikoaren moldeak, eta haietako batzuek sona handia lortu dute: abortu eskubidearen alde mintzatu zenean, esaterako.

EH Bilduko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua da orain Enbeita, eta hauteskunde kanpainan moldeak apurtzen jarraitzeko asmoa du. Baina oraingoan ez dago bakarrik: Irantzu Varela da Senaturako Bizkaiko hautagaia. Faktoria Lila blog feminista kudeatzen du Varelak; talaia horretatik hainbat egitasmo bultzatu ditu, eta La Tuerka Interneteko kanalean zuzentzen duen saioa erreferentzia bilakatu da feminismoaren arloan. Eta, Enbeita bezala, ahoan legarrik gabe hitz egiten dutenetakoa da.

Enbeitak eta Varelak osatutako bikoteak zeresan handia eman du kanpainaurrean, sare sozialetan batez ere, eta badirudi kanpainan ere moldeak apurtzen jarraituko dutela. Euren diskurtsoa asko aldentzen da ohiko politikarien diskurtsotik; hautagaiak aurkezteko hedabideekin egin zuten lehenengo agerraldian, kazetariei gaztigatu zieten, olgetan-benetan: «Gure asmoa da kanpainak irauten duen bitartean patriarkatu berba ahotan ibiltzea, egunean behin gutxienez».

Enbeitak dioenaren arabera, ez da aldez aurretik pentsatutako hauteskunde estrategia: «Gu horrelakoak gara. Emakume bi gara, pentsatzen dutena esaten dutenak, ezarritako kanonetan sartzen ez direnak, ez neurri aldetik, ezta bizimodu aldetik ere, eta gure presentzia hutsarekin apurtzen dugu araua. Baina aukera kontzientetik ere badu zerbait.Guk ez dugu izan nahi politika deitzen duten hori».

Varela bat dator: «Politika jakaz jantzitako gizonezkoek egiten dutela dioen arau hori tranpa bat da. Proiektu politikoak proposatzen dituen jendeak egiten du politika. Eredu hori irentsarazi nahi digute: gizonezko dotore eta serioek egiten dute politika, edo adats luzedun gizonezkoak diruditen eta diskurtso bera duten emakumeek, eta jendearengandik zenbat eta urrunago egon, eta esaten dutena zenbat eta ulergaitzago izan, orduan eta hobe».

Diskurtso «politikoa»

Freskotasuna, apurtzeko gogoa eta puntu lotsagabe bat erantsi diote Enbeitak eta Varelak kanpainari. Baina jakin badakite egon daitekeela euren diskurtsoa banalizatzeko arriskua edo tentazioa: «Guk bizitza osoa daramagu militatzen, eta gure diskurtsoa guztiz politikoa eta serioa da. Gure presentzia hutsa politikoa da, emakumeak esparru publikoan gonbidatu hutsak izaten garelako», esan du Varelak. «Gure gorputzez hitz egiten dugunean, edo feminismoaz berba egiten dugunean, guztiz politikoa da hori», erantsi du Enbeitak.

EHUren Leioako campusean mintzatu dira Varela eta Enbeita BERRIArekin. Geroago, solasaldi bat daukate han, Jule Goikoetxearekin batera. Gaia: «Euskal estatu feminista». Iduri luke Enbeita eta Varela zerrendaburu hautatuta feminismoak berebiziko pisua hartu duela EH Bilduren diskurtsoan kanpaina honetan. «Ez dakit EH Bilduk asmo horrekin egin duen», erantzun du Enbeitak, «baina guk argi dugu feminismoa beti dagoela mahai gainean; gure borroka da. Egia da barruan ere etxeko lan asko falta dela egiteko, baina guk eskubide zibilez hitz egiten badugu, nola ez dugu hitz egingo herritarren %50i eragiten dien gai batez? Batzuek pentsatuko dute geure gaiaz ari garela. Ez; arazo unibertsala da. Eta aitortu behar da alde horretatik EH Bildu ausarta izan dela gu aukeratuta».

«Ni proiektu honetan nago pentsatzen dudalako nik nahi dudan herria eraikitzeko balio duela», argitu du Varelak. «Eta nik nahi dudan herrian gustatuko litzaidake, asko eskatzea ez bada, emakumeek eskubide eta aukera berberak edukitzea. Angela Davisek zioen moduan, feminismoa oso ideia erradikal batetik abiatzen da; alegia, emakumeak pertsonak garela. Kontu egizu zein erradikalak garen!»

Kanpainako mezuetako batekin lotzen du Enbeitak arestikoa: «Guk independentziaz hitz egiten dugunean, Espainia izeneko proiektu politiko batetik askatzeaz ari gara. Eta inposatzen diguten estatu hori kapitalista eta patriarkala da. Eskema hori ez dugu Euskal Herrian errepikatu nahi».

Gauza askotan bat datozen arren, Enbeita eta Varelaren eskarmentuak, Espainiako Gorteetako lanari dagokionez, oso desberdinak dira. Hiru urte eta erdi eman ditu Enbeitak Kongresuan; Varelarentzat, guztiz abentura berria da.

«Nik esan diot Irantzuri bere burua prestatzeko, gizonezkoek kudeatutako boteregune batekin topo egingo duelako», azaldu du Enbeitak. Haren esperientzia ez da oso positiboa izan; behin baino gehiagotan egokitu zaio jarrera eta irain matxistak jasan behar izatea Kongresuan bertan. «Nik oso argi ikusi dut, eta ez nik bakarrik, nire taldekide guztiek ere ikusi dute hori», esan du. «Niri puta, nazkagarria eta antzekoak esan dizkidate, eta hainbat kontu pairatu behar izan ditut; Sabino Cuadrak, esaterako, pairatu behar izan ez dituenak». Zerbait ikasi du denbora tarte horretan: «oso arerio itsu baten kontra» ari direla borrokan, «Espainiaren banaezintasunetik eta betiko balioetatik harago ikusteko gauza ez dena».

Horrelakoak entzunda, «harriturik» ez dagoela dio Varelak. Baina horrek ez du kikiltzen; alderantziz, Madrilera joatea eta «zenbait botererentzat deseroso» suertatzea «oso ideia erakargarria» begitantzen zaio.

Enbeita eta Varela, Varela eta Enbeita. Eta zer pentsatzen du batak besteaz? «Uste dut Euskal Herrian jende gutxi egongo dela Onintzarekiko enpatia sentitzen ez duena», dio Varelak. «Ertz askotako emakumea da: bertsolaria da, feminista, baserritarra eta aldi berean kosmopolita, oso dibertigarria, jakintsua... Gezurra dirudi zenbat arlo biltzen dituen pertsona bakar batean».

«Irantzuk zentzu batean inbidia ematen dit», dio Enbeitak. «Oso diskurtso indartsua dauka, eta bere ibilbidean oso gai interesgarriak landu ditu, nik landu ezin izan ditudanak. Horretaz berba egiten duenean aho zabalik gelditzen naiz. Sekulako aurkikuntza izan da. Maiteminduta nago berarekin; inoiz emakume batekin ezkondu edo oheratzea erabakiko banu, Irantzu aukeratuko nuke zalantzarik gabe».

Solasaldia amaituta, Leioako Unibertsitateko kafetegiaren kanpoko aldera jo dute, mahai ingurua egin behar den lekura. Ikasle ugari dituzte han zain. Eta, jakina, hitzaldian patriarkatuaren kontra hitz egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.