Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Lokatzak zipriztindutako eztabaida

Rajoy eta Sanchezen aurrez aurrekoak eta han elkarri jaurtiriko irainek kanpaina berotu dute; Euskal Herria kanpoan utzi zuten eztabaidan.
Sanchez eta Rajoy, aurrez aurrekoa hasi baino lehen.
Sanchez eta Rajoy, aurrez aurrekoa hasi baino lehen. JUANJO MARTIN / EFE

Gotzon Hermosilla -

2015eko abenduak 16
Apal, aldez aurretik ezarritako bideetatik eta aspergarri antzean zihoan hauteskunde kanpaina orain artekoan. Lehenengo astean lau eguneko opor zubi luzea egokitu izanak eta Atresmedia taldearen telebistetako eztabaidan Mariano Rajoy Espainiako presidente eta PPko hautagaiak huts egin izanak ez zuten askorik lagundu kanpainari bizitasun apur bat ematen. Baina Rajoy eta PSOEko hautagai Pedro Sanchezen arteko eztabaidak lozorroa zartatu du. Asko igo da tentsioa, eta, zenbaitetan, Espainiako lau alderdi nagusietako hautagaiek elkarri esan dizkiotenek interpelaziotik irainera egin dute salto.

Herenegun, bi alderdi nagusien arteko ohiko aurrez aurrekoa izan zuten Rajoyk eta Sanchezek telebista kameren aurrean. PPk inkestetan ateratzen dion aldea murriztekotan arriskatu behar zuela jakitun, erasora pasatzea erabaki zuen Sanchezek. Eta gogor jo zion Rajoyri: PPren ustelkeria kasuak aletu zituenean, blaust bota zion Espainiako presidenteari «gezurtia» eta «zintzotasunik gabea» dela. Rajoy bere onetik ateratzea bilatzen bazuen, xedea bete zuen, bete zuenez: «doilor», «zital» eta «miserable» deitu zion Sanchezi. «Orain esandakoak atzetik jarraituko dizu urte askoan», erantsi zuen egungo gobernuburuak.

Ikusle kuotari erreparatuz gero, arrakasta itzela izan zuen eztabaidak. Orotara, 9.700.000 lagunek ikusi zuten, Atresmediakoa baino 500.000 gehiagok. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eztabaidak %42,6ko ikusle kuota izan zuen; kopuru handia bada ere, Espainian baino zortzi puntu txikiagoa izan zen. Nafarroan, berriz, txikiagoa izan zen: %39,4.

Eztabaida emititu zuten telebistetarako emanaldi arrakastatsua izan bazen ere, askoz zalantzazkoagoa da horren eragin politikoa. Sozialistek, jende aurrean behintzat, eztabaidaren garailetzat jo dute Sanchez: «Eztabaidan, gezurra dioen presidentea ikusi genuen, agintaldia gezurrekin hasi eta gezurrekin amaitu duena», esan du PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak; «Sanchezek, aldiz, herritar gehienok pentsatzen duguna adierazi zuen: Rajoy murrizketen, gezurren eta ustelkeriaren presidentea dela».

Kontrakoa pentsatzen dute PPn, eta uste dute Sanchezek erabilitako gogortasuna bueltan etorriko zaiola. «Gizabiderik ez duena eta aurkaria errespetuz hartzen ez duena ez da Espainiako presidente izateko gauza», esan du Alfonso Alonso Arabako PPren zerrendaburuak Espainiako Kongresurako.

Eztabaidan parte hartzerik izan ez zuten Espainiako beste bi alderdi nagusien ordezkariek, Ciudadanoseko Albert Riverak eta Podemoseko Pablo Iglesiasek, ez dute aukerarik galdu nabarmentzeko asteleheneneko eztabaida «politika zaharraren adibiderik behinena» dela eta PP eta PSOEren hautagaiak «iraganaren ordezkaritzat» jotzeko.

Euskal Herria, kanpo

Luzea izan zen eztabaida, eta gai askoren inguruan eztabaidatu zuten bi hautagaiek, baina Euskal Herria eztabaidatik kanpo egon zen, eta horri buruzko aipamenak hutsaren hurrengo izan ziren. Eztabaidaren bukaera aldera, Kataluniaren gaia agertu zenean, «Espainiaren batasunaren berme» gisa aurkeztu zuen bere burua Sanchezek, eta horren adibidetzat aipatu zuen Ibarretxe plana aurkeztu zenean hari emandako ezezko borobila.

Rajoy, ordurako urduri samar, okertu egin zen, eta bera ere «Ibarretxe planaren alde» agertu zela esan zuen. «Kontra egon zinela esan nahi duzu», zuzendu zion Sanchezek, ironiaz. Horraino Euskal Herriari buruzko aipamen bakarrak, akats eta guzti.

Euskal Herria Espainiako bi alderdi nagusien eztabaidatik lekora geratu izana gogor kritikatu dute alderdi abertzaleek. Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak esan du Espainiako alderdi nagusiek ez dutela Euskal Herrirako eskaintzarik, eta multzo horretan sartu zituen eztabaidan parte hartutakoak zein parte hartzerik izan ez zuten Ciudadanos eta Podemos ere: «Atzo [herenegun] eztabaidatu zuten biek eta komentatu zuten beste biek ez daukate eskaintzarik herri honentzat», esan du. Bi hautagaien arteko eztabaidak «Espainiako Estatuaren endekapena eta hondoratzea» islatu zuen, Arraizen iritziz.

Sorturen bozeramaile Pernando Barrenak ere esan du «akatsa» dela pentsatzea «ETAren indarkeriarik ez dagoenetik gatazka politikorik ere» ez dagoela, eta bi alderdiak «oso garesti» ordaintzen ari direla akats hori, «Euskal Herrian politikoki eragiteko gaitasuna galtzen ari direlako gero eta gehiago».

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen aburuz, «eztabaidaren galtzaileak gardentasuna, aniztasuna eta demokrazia» izan ziren, eta erantsi du Euskal Herria eztabaidatik bazter gelditu izana «ekarpen positiboa» ez dela.

Patxi Lopez PSE-EEren hautagaiak Erkorekari erantzun dio Ser kateko Radio Bilbao irratian egin dioten elkarrizketan, eta ukatu du Euskal Herria eztabaidatik at gelditu zela. «Euskal Herria eztabaidan egon zen. Murrizketez, pentsioez eta abarrez hitz egiten denean, Euskal Herriaz hitz egiten da, euskal herritarrei ere eragiten dietelako», esan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna