EAEko hezkuntza legea eztabaidagai (V) Olatz Egiguren (Sortzen-eko kidea)

«Eztabaida ez genuke bost gai horien inguruan eraikiko»

Gogoeta prozesua «abiapuntutik okerra» dela esan du Egigurenek. Uste du «egungo sistema zaharkitua hobetzeko» dela, baina «eraldatzeko» izan beharko lukeela. Jaurlaritzari «borondatea eta ausardia» falta zaizkiola salatu du.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ikasleen beharretara egokitutako hezkuntza lortzeko akordioa nahi du Olatz Egigurenek, Sortzen-eko Euskara arduradunak (Bilbo, 1968): «Euren errealitatetik abiatuta, tokitik mundura zabalduko dituen hezkuntza sistema eraiki behar dugu Euskal Herrian». Baina horretarako aukera gehiago ikusi ditu Hik Hasiren proposamenean Jaurlaritzarenean baino.

Hasieratik kritikatu duzue Hezkuntza Sailak martxan jarritako prozesua. Zergatik?

Goitik beherako prozesu bat izan da. Hezkuntza Sailak berak erabaki du zer lan talde sortu, zer gairen inguruan hitz egiteko. Ez da ekarpenik egiteko aukerarik egon dokumentua bukatu den arte. Hezkuntza Sailak esan zuen bermatuko zuela sentsibilitate guztiak egongo zirela ordezkatuta, eta horrekin nahikoa zela.

Eta bermatu du?

Sentsibilitate asko egon dira. Guztiak? Ez dakit. Orain, hamabost egun ditugu ekarpenak egiteko. Baina ez da oso serioa. Hemendik aurrera sortzen den prozesuak ere zalantzak sortzen dizkigu. Hasieran, esan genuenhezkuntzari buruzko akordio baten beharra dagoela. Lege batena ez, baina akordio batena bai.

Legea zergatik ez?

Legea adostasun baten isla delako. Hezkuntza herri eraikuntzarako oinarrietako bat bada, horren inguruko adostasunik zabalena behar da: herri akordio bat. Herritarrentzako tresna bat izan behar du, adostasunik zabalenarekin osatua, eta behetik gora eraikia. Herri honetan akordio baten beharra dago, bere berezitasunak dituelako: gutxiagotutako hizkuntza bat eta zapaldutako kultura bat. Ezinbestekoa da hezkuntza sistema propio baten inguruan akordioa lortzea. Hainbat iritzi daude. Baina, gure ustez, gaur egungo eredua eta sistema oso zaharkituta daude. Eraldaketarako beharra dago, ez hobekuntzarako. Prozesu honetan hutsunea ikusten dugu, Hezkuntza Sailaren abiapuntua delako egungo sistema ona dela esatea. Planteamendua okerra da hasieratik. Prozesuak behetik gorako eraldaketa baterako balio beharko luke, baina ez dugu horretarako borondaterik ikusten. Hezkuntza munduan orain dagoen giroak eta kanpoko ebaluazioek utzitako emaitzek behartu dute hau martxan jartzera.

Beraz, gobernua bera ere ez dago oso konbentzituta?

Bai, baina legea oso baldintzatuta dago. Batetik, aipatutako bi faktore horiengatik; bestetik, berak hartutako konpromisoengatik. Heziberri planteatu zuenean, hiru fase aurreikusi ziren: marko pedagogikoa, curriculumari lotutako dekretuak eta legea. Lehen biak egin ditu, eta legegintzaldia amaitu aurretik legea behar du.

Zer iritzi duzue edukiaz?

Gauza inportanteak falta dira dokumentuan. Hasteko, begirada bera. Guk eztabaida ez genuke bost gai horien inguruan eraikiko. Edo gai horietako batzuk beste era batera landuko genituzke. Hala ere, badaude hor guretzat ezinbestekoak eta oinarrizkoak diren gai batzuk: hizkuntza, ebaluazioa, autonomia... Baina curriculuma falta da. Zergatik ez dago hor? Jaurlaritzak esan digu prozesua ez dugula zerotik hasi, aurretik dagoena dugula abiapuntua. Heziberriz ari da. Eta Heziberrik arautu duena LOMCEren aplikazioa bermatzeko da. Beraz, curriculumaz eztabaidatzen hasiko bagina, sabai horrekin egingo genuke topo. Beste horrenbeste gertatuko da hizkuntzarekin, ebaluazioarekin...

B2 maila ipini da hizkuntzetan helburu. Kontseiluko bazkide zaretenok aspaldi egindako aldarrikapena da.

Baina paperak edozeri eusten dio. Hori nola bermatuko da hizkuntza ereduen sistema aldatu gabe?

Eragile batzuek esan dute aipatu gabe aitortu dela hizkuntza ereduak aldatzeko beharra.

Oso arriskutsua da espekulazioetan ibiltzea. Lege berrian ez bada arautzen hizkuntza ereduen sistema desagertu eta eredu orokortu bat jarriko dela, esaten ari gara izugarrizko hipoteka utziko dugula beste 25-30 urterako. Hezkuntza Sailak badaki egungo sistemak ez duela euskalduntzen. Baina, guri akordioa aurkeztu eta biharamunean, Hezkuntza sailburuak esan zuen B2 helburua dela, baina gero tokian tokiko errealitatea aztertu eta egokitu egin beharko zela. Horrek esan nahi du baliabide eta denbora gehiago eskatuko duten lekuetan helburua apalduko dela. Gure ustez, B2k gutxieneko irteera profila izan behar du. Toki batzuetan posible izango da C1 lortzea. Egutegi bat adostu behar da ezinbestean, egungo sistematik murgiltze eta mantentze eredu orokorrera igarotzeko.

Ebaluazioa ere garrantzitsutzat jo duzu. Dokumentuak sistema integral berri bat proposatu du.

Gogoeta txukuna egin da, baina talka egiten du errealitatearekin. Martxotik ekainera, Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailetan eta DBHko 2. eta 4. mailetan kanpoko ebaluazioak egingo dira; horri gehitu PISA eta selektibitatea. LOMCEk ez du baimentzen dokumentuak dakarrena. Horrek burujabetza eskatuko du. Nola egiten da ebaluazio sistema kalifikazioetatik kanpo, daukagun sistema erabat kalifikatzailea bada?

Zer irizten diozue eskolatze orekatua lortzeko egindako bulego bateratuari?

Elkarbizitza alorrean planteatzen diren gai asko ez dira hezkuntzakoak: gizartean konpondu behar dira. Segregazioaz eztabaidatzean ez da hizkuntza behar beste kontuan hartzen. Zergatik hautatzen dute batzuek A eredua? Inklusioaz hitz egitean, ahaztu egiten zaigu hizkuntza gutxitua dugula. Euskaldunok ere aniztasun horren parte gara. Herri honen berezko hizkuntzak izan beharko luke kohesiorako tresna.

Hezkuntza sistemaren egiturari buruzko eztabaida baten falta sumatu dute eragile batzuek.

Publiko-pribatu dikotomia da herri honetan akordioak lortzeko oztopo nagusia. Administrazioak ez dauka guztiak asebeteko dituen proposamenik, eta ezkutatu egiten du eztabaida. Baina oker dabil. Hezkuntza sistema propioa eta burujabea sortu behar dugu, eta hor sartuko ditugu guk nahi ditugun edukiak: hizkuntza, kultura, aniztasuna eta proiektu pedagogiko berritzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.