Erabakitzeko eskubidea (IV). Joseba Egibar (EAJ).

«Inportantea da abertzaleok gutxienekoetan ados jartzea»

Herri izaera onartzea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea «gutxieneko oinarriak» dira Espainiarekin harreman politiko berria eraikitzeko, EAJko bozeramailearen ustez. Herritarren artean galdeketa gaitzaile bat egitea defendatu du.
JUANAN RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko ekainak 16
Proiektuak aurrera eramateko herritarren aldarrikapenak eta instituzioen lana «uztartzea» ezinbestekoa dela dio Joseba Egibar EAJko bozeramaileak (Andoain, Gipuzkoa, 1959). Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa dagoela gogoratu du.

Gure Esku Dago-k esan du 2019an aro berri bat zabalduko dela eta erabakitzeko eskubidea giltza izango dela. Ados zaude?

Aro berri eta historiko asko ezagutu ditugu herri honetan. ETAk 2011n behin betirako indarkeria utzi izana estrategikoa izan zen, eta Gure Esku Dago ETAk iragarpen hori egin ondoren sortu zen. Hortaz, bide politiko eta demokratikoen aukeraketa gakoa izan da herri mugimendu horrek bere ibilbidea egiteko. Hortik aurrera, ezinbesteko uztarketa bat egon behar du herritarren bultzadaren eta erakundeen artean. Proiektuak, herri bultzada izaten ez badute, antzuak izaten dira.

Eusko Legebiltzarrak kontuan hartu beharko luke, beraz, giza katean eskatu zena.

Eusko Legebiltzarrean badago erabakitzeko eskubidearen inguruko isla bat. EAJk 28 eserleku ditu, EH Bilduk 18, eta Elkarrekin Podemosek 11; guztira, 57. Horrek esan nahi du 75 legebiltzarkideetatik 57 erabakitzeko eskubidearen aldekoak baldin bagara legebiltzarraren %76 dagoela erabakitzeko eskubidearen alde. Kanpoan geratzen dira erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenak, hots, konstituzionalistak. Ariketa matematikoa alde batera utzita, argi dago herri ordezkaritza bat dagoela legebiltzarrean erabakitzeko eskubidearen alde.

Hori islatu nahi izan duzue estatutu berriaren atarikoan eta hitzaurrean?

Erabakitzeko eskubidearen ariketa zehatz bat proposatu dugu. Herri honek erabakitzeko eskubidea dauka, eta ariketa egin nahi dugu barrura begira, gure bizitza politikoa, soziala eta ekonomikoa antolatzeko, eta kanpora begira, Espainiako Estatuarekin izan nahi dugun harremana zehazteko. Elkarbizitza politikorako eskaintza bat egin nahi diogu estatuari. Guk ez dugu independentzia planteatu, herri izaera aitortu, erabakitzeko eskubidea onartu eta horren ariketa bat aurrera eramatea baizik. Ariketa hori testu batean zehaztu beharko dugu, eta gero herritarrei galdetu nahi diegu, galdeketa gaitzaile batean.

PSEk eta PPk diote EH Bildurekin adostu dituzuen oinarriek ez dutela berme juridikorik.

PSE eta PP absurdoan erori dira, errealitatea bera ukatzen dutelako. Erabakitzeko eskubidea ukatzea, izan ere, Euskal Herria bera existitzen dela ukatzea da. Gaur egun indarrean dagoen Gernikako Estatutuaren lehenengo artikuluak jasotzen du Euskal Herriak nazio izaera duela, eta, beraz, hor badago subjektu politiko konstituziogile eta eratzaile bat: Euskal Herria. Hori existitzen dela ukatzen baduzu, gainerako guztiak ukatzen dituzu. Guk dioguna da konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarrietan helduleku tekniko, legezko eta juridiko bat egon badagoela, eta borondate politikoa baldin badago harreman politiko berria gauzatu daitekeela.

Aldebikoa eta berdinen artekoa.

Oinarrizko aurrebaldintza bat dago: Euskal Herriko hiru lurraldeak herri bat gara, eta errespetua beharrezkoa da bi komunitate politikoen artean. Menpekotasunean oinarrituko ez den harreman berri bat behar dugu. Jauzi bat eman behar dugu. Batetik, kuantitatiboa, erabakitzeko eskubidea zehaztuta eta eskumenak herritarren esku jarrita. Baina, batez ere, jauzi kualitatiboa, subjektu politikoa aitortu eta errespetatuta. Subjektu politikoa trenaren makina da, eta erabakitzeko eskubidearen zehaztapena, bagoiak.

EAJk eta EH Bilduk elkar hartuta jarraituko duzue estatutu berria adosten?

Erakutsi dugu aukera badagoela nazio ikuspegiko herrigintza jorratzeko bide politikoen, baketsuen eta demokratikoen bidez. Garrantzi estrategikoa du ados jarri izanak. Herri honen defentsan eta haren eskubideen inguruan testu bat partekatzeak esan nahi du gauza handi bat dagoela jokoan. Inportantea da abertzaleok herri honen defentsarako gutxieneko gaietan adostasuna lortzea. Herri honekiko betebehar politiko eta historiko bat dugu, hori aurrera eramatea posible egin nahi dugu, baina inori ezer inposatu gabe.

Elkarrekin Podemosen babesa espero zenuten?

Bai, espero genuen. Uste dut bertigoa eman diela. Hala ere, adostasunak lortzeko aukera baldin badugu, nahiago dut indarrak horretan jartzea.

Zein dira estatutu berriak izan behar dituen gutxieneko oinarriak?

Gutxieneko oinarriak mahai gainean jarri ditugu: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta oinarri demokratikoaren eskutik elkarbizitza politikorako eskaintza bat egin nahi diogu estatuari. Gure ustez, hori da gutxiengoa estatuarekin elkarbizitza politikoa antolatzeko. Kataluniak ere antzeko zerbait planteatuko du. Estatuari mezu berbera bidali nahi diogu biek ala biek: herrien arteko elkarbizitzan elkar errespetatzea beharrezkoa da, inposizioaren eskutik ez dagoelako elkarbizitza antolatzerik. Horren gaine- an akordiorik zabalena lortzen saiatu behar dugu.

Akordio zabal horretan nortzuk egon beharko lukete?

Kontsentsuak ahal den zabalena izan behar du, baina ez du zertan erabatekoa izan. Beto eskubidea ez da onargarria. Akordioa zabala den ala ez gizartearekin alderatu beharko da, eta herritarrei beren iritzia galdetu beharko diegu. Euskal gizarteak horrelako ariketa bat behar du herrigintza eta politika uztartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna