Txibitek ez du onartuko «inoren betorik» aurrekontuez hitz egiteko

Lehendakariaren aburuz, gauza bat da PSNk EH Bildurekin gobernu ituna egin nahi ez izatea, eta beste bat da akordio zehatzak erdiestea

Txibite, atzo, parlamentuan, Javier Remirezekin eta Elma Saizekin. N. PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Udan, PSNk EH Bilduri betoa ezarri ostean, ezinbestekotzat jo du koalizio abertzaleak eurekin negoziatzea, eta hori ikusaraztea. Asteazken arratsaldean, Maria Txibite Navarra Sumarekin bildu zen, eta jarraian, EH Bildurekin. Espero zen bezala, Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere bulegoan EH Bilduko ordezkaritza hartu izanak zalaparta politikoa eragin du. Eskuinak kritika suharra egin arren, Txibitek normaltzat hartu nahi izan ditu bi bilera horiek «Aurrekontuak aurrera atera behar ditugu, eta oposizioan dauden indarrekin egin behar dugu hori. Ez dugu betorik jarriko, eta ez dugu inoren betorik onartuko».

Atzo, Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura hasi aurretik hitz egin zuen Txibitek, eta, negoziazioari begira, ez zuen inoren alde egin. «Alderdiek helarazten diguten lehentasunen edo kezken arabera, ikusiko dugu gure bazkideekin aldez aurretik dugun edukiarekin kontraesanean dauden, eta pasatuko diguten dokumentu horren gainean lan egingo dugu». EH Bilduk negoziazio esparruari eta aurrekontuei buruzko agiri bat helarazi dio gobernuari; Navarra Sumak, aldiz, ez du dokumenturik aurkeztu —hala baieztatu du Txibite lehendakariak berak—.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria «baikor» agertu da bi bilerek eman duten emaitzarekin. «Adeitasunez egin genituen, eta gauza ugari jarri genituen mahai gainean». Kazetarien aurrean azpimarratutakoaren arabera, Navarra Sumak batik bat zerga politika sakon aldatzeko eskatu dio gobernuari. «Oraingoz, talde baten proposamena baino ez dugu, Navarra Sumak ez baitigu eskaintzarik egin. Eta, bai, aritu ginen zerga neurriez denbora luzez hitz egiten», adierazi du.

Kazetariek gogorarazi diote PSNk bestelako jarrera erakutsi zuela EH Bildurekin udan. «Bi plano erabat diferente dira. Gauza bat da gobernu akordio bat izatea, eta guk ez genuen EH Bildurekin itun bat egin nahi; orain, mahai gainean, ekinaldi legegileak ditugu, eta gai zehatzetan akordioak lor ditzakegu», erantzun du.

«Eskuina haserre dago»

Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak gogorarazi du Txibitek gutun bidez bilera publiko baterako gonbita egin ziela, eta aurretik jada egiten zen gauza bat «normalizatu» nahi izan duela keinu horrekin. «Hemen jada hitz egiten zen, baina ez publikoki. Garrantzitsua deritzot pauso horri, bizitza politikoari halako normaltasun bat ematen zaiolako, baita Nafarroan ere».

Haren hitzetan, «eskuina haserre dago» horregatik. «Baina hobe dute ohitzen hasi. Voxekin, PPrekin eta Ciudadanosekin izan ezik, gainerakoekin harreman normalizatuak ditugu», gaineratu du. Nafarroako aurrekontuei begira, borondate kontua dela uste du Arnaldo Otegik. «Ezkerreko aurrekontuak izan nahi baditu, EH Bildurekin egin beharko du akordioa».

Uxue Barkos Geroa Baiko eledunaren iritziz, bi bilerek aditzera ematen dute Navarra Sumak elkarrizketa horietan «albo batera geratzea» erabaki duela, eta, aldiz, EH Bilduk «jarrera eraikitzailea» azaldu duela. Aurrekontuak negoziatu ahal izateko Navarra Sumak zerga erreforma bat ezartzea ezinbesteko baldintza gisa jarri duenez «aldez aurretik elkarrizketatik kanpo uzten du» jarrera horrek, Barkosen ustez.

Navarra Sumako Javier Esparzaren arabera, Txibitek eurekin ere bildu nahi izatea itxurakeria hutsa baino ez da: «Jarraian EH Bildurekin zuen bilera justifikatzeko baino ez da izan». Agertoki hori guztia, alderdi sozialista irmo kritikatzeko eta higatzeko baliatu nahi du Navarra Sumak. «Garrantzitsua da norekin egiten dituzun akordioak eta hark zer balio eta printzipio ordezkatzen dituen».Zerga arloan aldaketa sakonik egin nahi ez izatea aurpegiratu dio PSNri.

Alderdien eremutik kanpo, Nafarroako Merkataritza Ganberako zuzendariak, Javier Tabernak, uste du Navarra Sumaren eta PSNren artean «arrazoizko akordioak» lor daitezkeela. «Oso zaila da ganberak babesten dituen neurriak Ahal Dugu, Bildu eta antzeko alderdi komunistek babestea. Ezetz esango diete gure proposamenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.