Kazetaritza ez baita «delitua»

Erruz joan da jendea 'Argia'-ko kazetari Lander Arbelaitzi sostengua erakustera; haren aurkako auzibidea «bidegabea» dela argudiatu dute
Arbelaitz epaitegira sartzen, atzo; atzean, babesa ematera joandako jendea.
Arbelaitz epaitegira sartzen, atzo; atzean, babesa ematera joandako jendea. JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko martxoak 21
«Kezkatuta atera gara». Ezinegona ezkutatu ezinik solastatu zen atzo arratsaldean Lander Arbelaitz kazetaria, goizean epailearen aurrean deklaratu eta gero. Kazetari jardunean grabatutako bideo baten ondorioz bi ertzainek ipinitako salaketaren harira joan behar izan zuen epaitegira: izan ere, irudiak zabaldu zituen adieraziz bideo horretan hizkuntza eskubideak nola urratzen ziren ikusten zela, eta poliziek «irainak» egotzi dizkiote orain: «Publizitatearekin egindako irainak». Delitua da, kondenarako motiboa Zigor Kodean, eta ondorio larriak izan litzake. «Epaiketa egingo balitz, espetxe zigorra eskatuko lukete niretzat». Oraindik ez dago argi, ordea, urrats hori egingo den; atzoko deklarazio hartzea, hain justu, epaiketa irekiko den aztertzeko urratsetako bat izan zen. «Saiatu gara epaileari kontatzen zer gertatu zen, eta entregatu ditugu frogak; dokumentuak-eta», azaldu zuen. Aste pare batean jakingo da ebazpena.

Arbelaitz ez zen bakarrik egon atzo: jendea erruz batu zen epaitegi atarian auziaren artxibatzea eskatzeko. Argia-ko kazetaria da, eta haren lankideek deituta egin zen elkarretaratzea; Informatzen jarraituko dugu eta Kazetaritza ez da delitua aldarriak zabaldu zituzten pankarta batean: ofizioaren defentsa egin zuten. Lantaldearen izenean, Mikel Garciak adierazi zuen auzibidea artxibatzea espero dutela. «Bidegabekeria» amaitzea besterik ez dute nahi: «Gainerakoa izango litzateke kazetaritza konprometitua, kazetaritza kritikoa, epaitegietara eramatea eta, azken buruan, informatzeko eskubidea bera ere auzitan jartzea».

Babesa ematera joandakoen artean zegoen, besteak beste, Martxelo Otamendi, BERRIA egunkariko zuzendaria. «Onartezina da», deitoratu zuen. Antton Olariaga marrazkilaria, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Eleak mugimenduko ordezkari Joseba Alvarez ere han ziren, protestara batu ziren beste herritar askoren ondoan. Argia osatzen duten andre eta gizonek «eskertu» egin zituzten atxikimendu keinuak. 400 pertsona baino gehiagok eskatu dute asteotan auzibidea bertan behera uzteko.

Iazko maiatzean

Kasuak 2018ko maiatzean du sorburua. Arbelaitz Ernairen agerraldi baten berri ematen ari zen, eta han grabatu zituen irudi batzuetan ikusten da nola ertzain batzuek identifikatzeko eskatzen dioten euskaraz mintzatzeko eskakizuna egiten ari zen emakume bati. «Orain, aldiz, ertzainak esaten ari dira ez zutela identifikatu euskaraz aritzeagatik, baizik eta identifikazioa oztopatzeagatik», azaldu du Arbelaitzek. Erantsi du, ordea, badirela «frogak» erakusteko polizien jarrera hizkuntza eskubideen urraketa batekin lotuta zegoela. Esate baterako, aurretik ere eginak zituzten euskararekiko «mespretxua» erakusten zuten adierazpen batzuk, eta gero etorri zen euskaraz ari zen gaztea identifikatzeko urratsa. Hori erakusten saiatu zen epailearen aurrean. «Esaterako, adierazi nion hogei minutu lehenago identifikatuta zeudela ja agerraldiko arduradunak». Argi du: hizkuntza hautuak ekarri zuen berriz ere horretan hastea.

Hasieran, Ertzaintzak berak onartu zuen kasu hartan ez ongi aritu izana, Hizkuntza Eskubideen Behatokira helarazitako gutun formal batean. Baina gero isuna jarri zioten euskaraz aritzeko eskea egin zuen pertsonari, eta salaketa, berriz, Arbelaitzi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna