EAEko hezkuntza, sindikatuen ikuspegitik (IV). Joseba Ander Muñoz (UGT).

«Jaurlaritzaren jarrera ez da akordiorako aproposena»

CCOOk eta UGTk Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioei esker aldatu du jarrera Jaurlaritzak. Hala uste du Muñozek. Salatu du ez zaiela utzi hezkuntza itunean proposamenak egiten.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Joseba Ander Muñozek (Bilbo, 1961) esan du bere sindikatuari ez zaiola «konfrontazioa gustatzen»; Euskadiko UGTko Irakaskuntza arloko arduraduna da. «Proposamenen eta negoziazioaren aldekoak gara». Uste du negoziazioen bidez lortu dutela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasle publikoen mahai sektorialean jarrera aldatu izana.

Gogobete zaitu astelehenean sinatutako akordio oinarriak?

Lehen pausoa da. Norabidea markatu behar digu, gaur egungo lan baldintzak moldatuko dituen behin betiko akordioa lortzeko. UGTk eta CCOOk 2010ean sinatu genuen aurrekoa gobernuarekin. Asko kostatu da akordio oinarri hori lortzea. Hilabete luzez negoziatu dugu, baina azkenean lortu dugu. Etorriko diren beste mahai batzuetan zehaztuko ditugun beste gai batzuk falta dira oraindik. Espero dugu Jaurlaritzak ahalik eta azkarren deituko dituela, eta akordioetara iristeko jarrera horri eutsiko diola.

Lortu duzuenetik zer nabarmenduko zenuke?

CCOOrekin eta CSIFekin —Espainiako funtzionarioen sindikatua— batera langile publikoen lan baldintzak hobetzeko akordioa lortu dugu Madrilen, [Cristobal] Montoro [Ogasun eta Administrazio Publikoetako] ministroarekin. Horri esker, legezko bihurtu ahal izan dira hemen Eusko Jaurlaritzarekin adostu ditugun neurri batzuk. Adibidez, horri esker adostu ahal izan dugu soldata igoera, lan eskaintza publikoak behar diren neurrikoak egitea, gaixoaldian soldata lehen egunetik osorik kobratzea... Gai horiek estatu osoan egindako akordioari esker lortu ditugu hemen.

Zer falta da datozen sei hilabeteetan lortzeko?

2010etik hona, eskubide asko galdu ditugu. Batzuk berreskuratu dira, baina denak nahi ditugu.

Zer deritzezue Hezkuntza Sailak hezkuntza legerako abiapuntu bezala aurkeztu dituen bost oinarriei? Ez duzue ordezkaritzarik Eskola Kontseiluan, eta ez duzue zuzenketarik aurkezteko aukerarik izan.

Eskola Kontseiluan sartzea eskatu dugu, baina oraindik ez dugu lortu. Jaurlaritzaren txostenaz ezin dugu askorik esan. Bilera bi izan ditugu, iazko irailean eta aurtengo otsailean. Eragile guztiek parte hartu dugu, baina eurek erabaki dutenaren berri emateko baino ez gaitu eraman Jaurlaritzak. UGTk ez du parte hartu prozesuan.

Hala ere, txostena irakurri duzu. Zer iruditu zaizu edukia?

Oinarri batzuk agertzen dira, bai, baina Jaurlaritzak paperean nahi izan dituen horiek dira. Ez dituzte sindikatuek proposatutakoak sartu. Baditu alde onak; beste batzuk, ez hainbeste. Eztabaidatu beharko da, eta espero dut horretarako aukera egotea. Orain dagoen bezala ezin da bidali legebiltzarrera.

Eskola Kontseiluak esan du gai garrantzitsu asko falta dituela. Aipatu dira finantzaketa, hezkuntza sistemaren egitura eta publikoaren definizioa.

Hezkuntza arloko akordio bat lortu nahi bada, gai horietaz eztabaidatu beharko da, eta hezkuntza komunitateko eragile guztien adostasuna beharko da. Bestela, alferrik gabiltza. Jaurlaritzaren proposamen honek 1993ko hezkuntza akordioan dauka oinarria. Euskal hezkuntza sisteman sekula lortu dugun akordio bakarra da hura. Nire ustez, ona izan zen. Eragile guztiekin batera osatu zen. Badakigu zaila dela, baina uste dugu Jaurlaritzaren jarrera ez dela aproposena akordioa lortzeko. Helburua ona da, lege berria lortzea eta hezkuntza modernizatzea, baina hori ez da bidea.

Datorren barikuan, eskola publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute Gasteizen, segregazioaren auziari buruz. Zuek babestu egin duzue. Herrialde bakoitzerako matrikulazio bulego bakarra sortzea proposatu du Jaurlaritzaren txostenak.

Ongi etorria da segregazioari aurre egiteko proposatutako dena.

Baina hori da konponbidea? Zer egin behar dela uste duzu?

Negoziatu. Ezin dira ikasle etorkinak zentro jakin batzuetan metatu; sistema osoan banatu behar dira. Gehienak sare publikoan daude. Hala ere, sare publikoaren barruan ere gertatzen da.

Hizkuntzei dagokienez, B2 maila ipini da helburu euskaran eta gaztelanian; ingelesean, B1. Lortzeko modukoa da? Zelan egin daiteke?

Ondo dago helburua, eta lortzeko modukoa da. Baina irakasleen maila hartu behar da kontuan. Euskaraz eta gaztelaniaz maila egokia dute gehienek, baina ingelesean zailtasunak izango genituzke. Esango nuke gutxi direla ingelesean B2 maila dutenak.

Helburu horiek lor daitezke hizkuntza ereduen sistemarekin?

1994ko sistema da, zaharra. Nik uste berritu egin behar dela, eta gaur egunera moldatu. Alderdiek hainbat proposamen egin dituzte. Guri PSErena gustatzen zaigu: gureak eta haienak bat egiten du hein handi batean. Uste dugu hizkuntza ereduen sistema gainditu egin behar dela, eta gu eztabaidatzeko prest gaude.

Zuei gustatzen zaizuen eredua, beraz, Isabel Zelaak sailburu zela proposatu zuena da? Hiru hizkuntzei gutxieneko ordu kopuru bera eman nahi zien, eta gainontzeko orduak egoera soziolinguistikora egokitu.

Hori da. Baina beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutu beharko genituzke, eta aztertu ea kanpoan funtzionatu duen horrek hemen ere balio dezakeen.

Eskola publikoetako irakasleen gatazka bideratzen hastearekin batera, itunpeko batzuetakoa gogortu egin da.

Itunpekoen lan ituna 2009koa da, eta soldatak izoztuta dituzte. Egiten diren aldarrikapenak bidezkoak dira. Bederatzi urte igaro dira negoziatzen hasi ginenetik; 36 alditan elkartu gara patronalarekin, baina hasierako puntuan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.