EAEko hezkuntza, sindikatuen ikuspegitik (I). Pablo Garcia de Vicuña (CCOO).

«Ez dago akordiorik; soilik bost oinarritan gaude ados»

Datozen egunotan, sindikatuek gogoeta egingo dute hezkuntza publikoko lan gatazkari amaiera eman dion akordioaz eta Jaurlaritzak lege berrirako finkatu dituen oinarriez. «Txostenak ez du komunitatearen babesik», esan du CCOOkoak.
LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko maiatzak 16
CCOOko Irakaskuntzako arduradun Pablo Garcia de Vicuñak (Sestao, Bizkaia, 1969) uste du oinarri bat dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasleen mahai sektorialean aurkeztutakoa. «Ez dugu lortu nahi dugun guztia, baina oraindik aukera dugu abiapuntu horretatik akordio zehatzago bat lortzeko».

Gatazka luzea izan da, baina azken hilabeteetan etorri dira aldaketak. Zergatik?

Olatz Garamendi sailburuordeak gauza garrantzitsu bat esan zuen bileraren ondoren: «Mahai sektorialetan baino gehiago egin dugu aurrera aldebiko bileretan». Eta eskertzen diogu hori aitortu izana. Aldebiko bileretan ikusi dugu gertutasun handiagoa eta konpromiso sendoagoa erakutsi duela gobernuak. Horrek guri konfiantza eman digu. Bost urteko lehorte batetik gentozen, eta, orain arte, Jaurlaritzak entzun ere ez ditu egin gure aldarrikapenak.

Zer aldatu da orain?

Abenduko greba mugarria izan zen. Administrazioa ohartu zen arazo bat zetorkiola. Erantzuten jakin zuen.

Badira lortu ez dituzuen eskaerak, edo, behintzat, zehaztu gabe geratu direnak.

Bost sindikatuok indar handia egin dugu arlo batean: 60 urtetik gorako irakasle guztiek aukera izan dezatela lanaldi murrizketa eskatzeko. Orain arte, funtzionario direnei baino ez diete bermatu. Hori ez dugu zehaztu. Badakigu horrek eskatuko duen inbertsioa ez dela hutsala izango. Baina langile guztiek eskubide berak izan behar dituzte.

Ratio berriak ere ez dituzue adostu, eta bazen eskaera garrantzitsuetako bat.

Normalean, ikastetxeek ikasgela batean edo bitan izaten dute ikasle kopurua mugan; baina ikastetxe batzuetan ikasgela askotan gainditzen dute muga. Hezkuntza Sailak tranpa egiten du halakoetan. Izan ere, muga gainditzen duten ikasgeletatik bi ikasgela sortu behar dira. Baina hori egin beharrean, errefortzuak ipintzen ditu. Dena den, gure ustez, arauak jasotzen dituen ratioak zuzenak dira. Hobetzea lortzen dugula? Oso ondo. Baina CCOOrentzat ez dira lehentasuna.

Beste zer falta duzue?

2010ean sinatu genuenaren %100etik gertu gaude, baina oraindik falta da. Bada orduan sinatu eta gero desagertu zen neurri bat: erretiroa lehenago hartzeagatik ordaintzen diren primak. Irakasleen batez besteko adina jaitsi behar dugu. Hezkuntza berritu egin behar da; eta, zenbat eta urte gehiago eduki, gehiago kostatzen zaigu berritzea. Sistemara sartzen diren irakasle berriak prest daude aldaketa horietarako. Adibidez, euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzen dituzten irakasleak %15 dira gaur egun. Oso gutxi da. Baina egun sistemara sartzen direnen kasuan, %80 inguru dira. Horregatik, lagundu egin behar da belaunaldi berriei leku egiten. Betiere borondatezko erretiroak izan behar dute, noski.

Ez zaizue gustatu Jaurlaritzak hezkuntza legerako abiapuntu gisa aurkeztu duen txostena.

Abiapuntua da okerra. Akordio bat lortu nahi duzunean, jakin behar duzu zertan zauden ados, noski, baina baita desadostasunak non dauden ere. Jaurlaritzak adostasuna lortuko duela badakien gaiak baino ez ditu jarri mahai gainean. Baina garrantzitsuenak kanpoan geratu dira. Prozedura bera ere ez da zuzena izan. Txosten hau hirugarren urratsa da Heziberriren barruan: aurretik, hezkuntzarako lege esparrua eta curriculumaren dekretuak onartu zien. Horretan ere ez da entzun irakasleen ordezkarion eta guraso elkarteen iritzia.

Hori dio Euskadiko Eskola Kontseiluak joan den astean onartu zuen ebazpenak ere. Baina aurka bozkatu duzue. Zergatik?

Bai, baina zerrendatu baino ez ditu egin. Adibidez, matrikulazioari begiratzen badiogu, ikasleak pareko dabiltza eskola publikora eta itunpekoetara. Zelan egituratuko dugu sistema? Publikoaren aldekook eskatzen dugun legez, publikoa lehenetsi eta itunpekoa haren laguntzaile bihurtu? Ala, itunpekoek nahi duten bezala, biak parekatu? Hor gatazka dago, noski. Baina horri buruzko eztabaida izan beharko dugu mahai gainean. Ez dago akordiorako oinarririk; ados gaude soilik proposatutako bost oinarrietan. Horregatik, alderdi politikoekin hitz egingo dugu, jakin dezaten, Eskola Kontseiluak babestu duen arren, ez duela hezkuntza komunitatearen babesik.

Adostasuna badago, helburu batzuk berberak dituzuelako, baina oinarri batzuetan eragileok ez duzue bat egiten diagnostikoan. Segregazioan, kasurako.

Hala da, bai. Segregazioa, batez ere, itunpekoen eta eskola publikoaren artean gertatzen da, baina badago sare publikoan ere atzerritarrak saihesten dituen ikastetxerik. Itunpekoek hori erabiltzen dute euren burua zuritzeko. Eta esaten dute badirela ikasleen %80 inguru atzerritarren seme-alabak diren itunpeko batzuk. Badira, bai, ordena erlijiosoetakoei lotutakoak, euren helburu eta printzipioengatik bereziki etorkinei heziketa eman nahi dietenak. Baina gutxiengoa dira. Segregazioa, batez ere, itunpekoen eta publikoen artean gertatzen da.

Hizkuntzaren kasuan, diagnostikoan baino gehiago, ipini diren helburuak lortzeko bidean dago desadostasuna.

Nork ez ditu nahi ikasle hirueledunak? Ezinezkoa da ados ez egotea. Uste dut oraindik luzaroan hitz egingo dugula hizkuntzez erkidego honetan. PSEk gobernuan zegoenean aurkeztu zuen eredua gustatu zitzaigun: hiru hizkuntzei gutxieneko ordu kopuru bat ezarri, eta gainontzekoak ikastetxea dagoen herriko egoera soziolinguistikoaren arabera erabaki. A ereduak ez du euskalduntzen. Baina Jaurlaritza ez da ausartuko hizkuntza ereduen sistema aldatzen, Madrilek auzitan ipini baitu Kataluniako murgiltze eredua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna