Urduñako kontzentrazio esparruan hil ziren presoak omendu dituzte

Oraingoz hamabost pertsonaren gorpuzkiak hobiratu dituzte, eta esparru horretan eta kartzelan hildako 225 lagunen izenak ipini dituzte plaketan

Atzoko omenaldian senideek eroan zituzten hilkutxak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Urduña
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu zuten atzo Urduñan (Bizkaia), «faxismoaren aurrean askatasuna defendatzeagatik zendu zirenak omentzeko». Ondoan hobiratu dituzte identifikatu bako hamabost errepublikanoren gorpuzkiak, eta hainbat plaka ipini dituzte, Urduñako kontzentrazio esparruan eta kartzelan hil ziren 225 hildakoren izenekin. Gehien-gehienak Extremadurakoak dira (Espainia); dozena bat, Herrialde Katalanetakoak, eta bizkaitar bat ere badago.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «herrialde honek» memoriarekin duen konpromisoa nabarmendu du: «Euskal lurretan errepresaliatu errepublikano bat aurkitzeko aukera dagoen bitartean, lanean jarraituko dugu, izan euskal herritarra, andaluziarra, asturiarra, extremadurarra zein beste edonongoa». Artolazabalek gaineratu du omenaldia ez dela gorroto, mendeku edo «mamu zaharren» kontu bat, baizik eta duintasunarena, memoriarena eta justiziarena.

Hamabost izan dira oraingoanhobiratu dituzten biktimak. Hamalau hilerrian aurkitu zituzten, eta, ustez, Urduñako Kartzela Zentralean hil ziren, 1941eko otsaila eta ekaina bitartean. Hamabosgarren hildakoa Amurrioko San Pedro ermitaren inguruko lubakietan aurkitu zuten.

225 biktima horien hainbat senidek jo dute Urduñara beren familiakoak omentzera. Horietako batzuek hilkutxak hobiratu dituzte —zapata kutxa bat baino handixeagoak—, nahiz eta ez jakin kutxetako bakoitza norena den, ezta euren senideak oraindik agertu al diren ere.

Silvano de Castro izan da gogoratu dituzten biktimetako bat. Almuradielen jaio zen, Ciudad Realen (Espainia). Matxinoak herrian sartzean, bere kideak salatzeko eskatu zioten, baina, ezezkoa ematean, Urduñako kartzelara eroan zuten, eta bertan hil zen, 1940ko uztailaren 24an. Miguel Angel de Castro biloba egon zen atzo omenaldian. «Zalantzak izan ditut etortzeko. 600 kilometro, sei ordu eta erdi. Hamabi orduko lanaldia egin dut egun hau hartu ahal izateko. Baina oso atseginak izan dira nirekin, eta, errespetu guztiz egin dutenez, etortzea erabaki dut, eskerrak emateko».

Itziar Biguri Urduñako alkateak azaldu du kolunbarioa inauguratuta ez dela ezer «amaitu», eta hilerrian hormigoi azpian oraindik dauden gorpuzkiak aterako dituztela orain.

Lana egiteko oraindik

Lourdes Herrasti Aranzadi zientzia elkarteko antropologoak adierazi du «goseagatik, miseriagatik, gaixotasunengatik eta abandonuagatik» hil zirela preso gehienak. Horrez gain, indusketen berri eman du. Aranzadikoek hilerri kanpoko nitxo biren arteko korridorea induskatu zuten, eta bertan aurkitu zituzten hamalau hobi. Esan duenez, proba genetikoak egin dizkiete gorpuzkiei, baina ez dute lortu bat ere identifikatzea. «Espero dezagun datorren etapan arrakasta handiagoa izatea», adierazi du Herrastik.

Izan ere, alkateak iragarri du hilerriko nitxo ilara bi horietan urduñarrak daudela, baina senideek baimena eman dutela lekuz aldatzeko. Hartara, horien azpian dagoen hormigoia altxatuko dute bertako gorpuzkiak ateratzeko. «Aukerarik badago, [biktimak] jaioterrira eramango ditugu. Bestela, hemen geratuko dira gurekin». Gainera, barkamena eskatu du Urduñaren izeneangerra presoen eskulana erabiltzeagatik, erantzuleak izan ez arren.

Iñigo Arregi artistak egindako Duintasuna eskultura da kolunbarioa, Elgoibarko (Gipuzkoa) hilerrian ipinitakoaren erreplika bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.