Amorruaren egunean, amorruz

Hiru palestinar hil dituzte Jerusalemen, Meskiten Zelaigunea itxita egon izanaren aurka egindako protestetan. Berrehun lagun inguru zauritu dituzte. Gazako leku publikoetan, otoitzak egin dituzte

Israelgo Polizia eta manifestariak, atzoko istiluetan, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE.
2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Israelek Jerusalemgo Hiri Zaharreko Meskiten Zelaigunea zenbait egunez itxita eduki izanaren aurkako protestak egin zituzten atzo Palestinako zenbait hiritan. Hiru palestinar hil zituzten, eta berrehun zauritu inguru eragin. Lehenengo hildakoa 17 urteko gazte bat izan zen, eta Palestinako Maan albiste agentziaren eta Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, Israelgo kolono batek hil zuen buruan tiro bat emanda, Ras el-Amud auzoan. Bigarren hildakoa Makaser ospitalean hil zen, Ras el-Amudeko istiluetan zauritu eta gero, eta hirugarrena, Poliziaren aurkako liskar batean hil zen, bularrean tiro batek jota.

Meskiten Zelaigunearen inguruan eguerdian egin zen otoitz protesta jendetsu baten ostean hasi ziren liskarrak. Berrehun lagun zauritu zituzten, Ilargi Gorri Erdia larrialdi zerbitzuaren arabera, benetako balen, gomazko balen, kolpeen, gasa arnastearen, gas negar eragileen eta erreduren ondorioz. Protestak Jerusalem ekialdean, Zisjordanian eta Gazan egin zituzten. Israelgo Polizia goizaldetik hasi zen segurtasun neurriak hartzen. Armadaren bost batailoi hurbildu ziren plazara, eta 3.000 bat polizia prest zeuden edozein erasori aurre egiteko. Milaka musulman elkartu ziren Meskiten Zelaigunearen inguruan, errezatzeko, eta neurrien aurkako haserrea adierazteko. Jerusalemgo Hiri Zaharraren eremu hau islamaren hirugarren leku sakratua da. 50 urte baino gutxiagoko gizonei sarrera galarazi zitzaien islamiarrentzat errezatzeko egunean, ostiralean. Otoitzak ez zituzten era baketsuan egin, ordea. Hainbat lekukoren arabera, Israelgo Poliziak bultzaka eta «modu txarrean» galarazi zien errezoa.

Mendekuaren neurria

Zelaigunearen aurkako neurriak joan den asteburuan hartu zituen Israelek. Uztailaren 14an, Palestinako hiru gaztek Hael Satawi eta Kamil Shanan Israelgo bi polizia arabiar hil zituzten Hiri Zaharrean. Segurtasun indarrek gazteak hil zituzten, erasoaren ondoren. Poliziak eremura sartzeko baimena galarazi zuen atzo, eta barruan dagoen Al-Aqsa meskitan otoitz egitea debekatu. Atarian metal detektagailuak ezarri eta gero, sarrera baimendu zuen, hurrengo egunean. Neurri horrek samina eragin du musulmanen artean, zigor kolektibotzat hartu baitute.

Horrez gain, Meskiten Zelaigunean indarrean dagoen statu quo-a arriskuan dagoela sentitzen dute. Statu quo horrek islamiarrei ingurunearen kontrol erlijiosoa ematen die, eta juduei bisitatzeko baimena soilik, ez errezatzekoa. Hamas Palestinako erakundeak haserrea adierazi du aste honetan, eta, asteazkenean, Ismail Haniya buruzagiak Al-Aqsa meskitan ezarritako neurriak mehatxutzat hartu zituen. «Etsai sionistari argi eta garbi esaten diot: Al-Aqsa meskita eta Jerusalem marra gorriak dira. Jerusalemgo herritarren eta gure leku sakratuen aurkako inposaketa eta ixtea ez ditugu onartuko», adierazi zuen Hamaseko buruak. Nazioarteko Musulmanen Batasuneko agintariek islamiar guztiei eskatu zieten Al-Aqsako erlijiozaleei «amorruaren egunean» elkartasuna adierazteko. «Musulman guztiei eskatzen diegu aste honetako ostiral hau Jerusalemgo jendea erasotzen duten sionisten aurkako amorruaren eguna bihur dezaten». Palestina okupatuko mendebaldean eta Gazan ere, espazio publikoetan errezatu zuen jendeak, elkartasuna erakusteko.

Bestalde, Israelgo Segurtasun Kabineteak adierazi du Israelgo Poliziaren eskuetan dagoela metal detektagailuak kentzearen erabakia. Shin Bet Israelgo Segurtasunaren Agentziak ostegunean esan zuen metal detektatzaileak kendu beharko liratekeela, baina Poliziak kontrakoa esaten du. Israelgo Parlamentuko kide palestinar Mohammad Barakehen ustez, segurtasun kabineteak hartutako erabakia «joko politikoa» da. «Neurri honen gaia poliziaren eskuetan uztea Netanyahu erantzukizun guztietatik at uzteko joko politikoa da. Ez dela arazo politikoa diote, segurtasun arazoa baizik. Baina argi dago arrazoi politikoa dela». Israelgo Gobernuak, aldiz, metal detektatzaileek Meskiten Zelaigunean «segurtasuna eta ordena publikoa» bermatzen dituela babestu du. «Zelaiguneko statu quo-a mantentzearen aldekoa da Israel », adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoko ordezkari batek. «Segurtasun kabineteak baimena eman dio Poliziari leku sakratuetarako sarrera librea ezartzeko», jakinarazi du bozeramaileak, 50 urtetik beherako gizonei sarrera galarazi dieten arren.

Kazetariak kanpora

Israelgo Poliziak nazioarteko kazetariak bota zituen Meskiten Zelaiguneko inguruetatik, milaka musulman otoitz protesta egiten ari ziren unean. Israelgo Gobernuaren prentsa bulegoak ziurtatu zuen Poliziari agindua eman ziola, «liskarrik egon ezean», komunikazioaren profesionalei beren lana lasai egiten uzteko. Baina ezin izan zieten errezatzen ari ziren palestinarrei, ez elkarrizketarik egin, ez argazkirik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.