Productos Tubulareseko langileek protesta egin dute Bilbon

xabier martin
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Trapagarango Productos Tubulares taldeko 157 behargin kaleratuko dituzten albistearen biharamunak manifestazio zaratatsua eragin zuen, atzo, Bilbon. Tutuegileko langileek Tubos Reunidosen egoitzara eraman zuten beren ezinegona, zuzendaritzak Productos Tubularesentzat diseinatu duen etorkizun beltza ezagutu ondoren. «Pauso bat ere ez atzera. Kaleratzerik ez. Borroka da bidea» idatzita zuen pankarta baten atzetik manifestatu ziren. «Non dago dirua»; «jo ta ke irabazi arte»; eta «kaleratze bakar bat ere ez» oihu eginez iritsi ziren Tubos Reunidosen egoitzara, petardoak jaurtiz, eta egoitzaren atarian aurrera eginez. «Zerrenda beltz hori, erre egingo dugu», esan zuten barruan, ozen.

«Ez dago galerarik»

Kanpoan, berriz, Iñaki Berezibar ELAko ordezkariak hartu zuen hitza, enpresaren asmoak ez direla bideragarriak esateko, «gezur batean oinarriturik daudelako». 157 kaleratze, soldata %25 jaitsi, urteko lanaldia 24 orduz luzatu, eta Trapagarango galdategia itxiko duela esan die langileei Productos Tubulareseko zuzendaritzak. «Galerak dituztela diote, eta Productos Tubularesen ez dago horrelakorik. Gure egoera akziodunen zikoizkeriak eragin du, diru gehiago irabazi nahi dutelako beharginen bizkarretik». Berezibarrek onartu zuen kolpe handia jaso dutela zuzendaritzaren asmoak ezagutzean, baina «egunero borrokatzen» jarraituko dutela, zuzendaritza «gezur batetik abiatu dela» uste dutelako. «Greban jarraituko dugu, eta kaleratze bakar bat ere ez egotea lortuko dugu».

Manifestaziora deitu dute larunbat honetarako, izan ere, Sestaon. Productos Tubularesen planta, Trapagaran, Sestao eta Barakaldo artean dago. Bien bitartean, enpresak helarazitako agiriak aztertzen ari dira sindikatuak; ostean, batzordea zuzendaritzarekin batzartuko da. Datorren asteartean izango da lehen bilera, eta harekin batera kontsulta epea abiatzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.