Presidentea hil zutenetik urtebetera, Haitiko estatua hondatzen ari da

Moiseren hilketari buruzko epaiketa azkartzeko eskatu du NBEk. Banda armatuek geroz eta lurralde zabalagoak dituzte kontrolpean

Manifestari bat Jovenel Moiseren irudia duen kartel bat apurtzen. J. SABIN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Sikario talde batek Jovenel Moise Haitiko presidente ohia hil zuen zazpi tiroz, atzo urtebete. Gertaera hark herrialdea eta nazioartea astindu zituen, eta egoerak ez du hobera egin geroztik. Haiti krisi politiko betean zegoen Moiseren agintaldiaren amaieran, eta haren hilketak azkartu egin du herrialdearen hondamendia: estatuaren erakundeak blokeatuta daude, lurrikarek eta urakanek milaka hildako utzi dituzte, eta banda armatuen indarkeria geroz eta bortitzagoak herritar ugari behartzen ditu egunero etxetik ihes egitera.

Moise uztailaren 7ko goizaldean hil zuten. Kolonbiako 26 militar ohik presidentearen etxe ingurua hartu zuten, AEBetako DEA Drogaren Aurkako Agentziaren operazio bat egiten ari zirela simulatuz, eta Moiseren logelaraino sartzea lortu zuten. Presidentearen emazte Martine Moisek lau tiro jaso zituen, baina bizirik irtetea lortu zuen.

Ihesean, Haitiko estatu indarrek bi militar ohi hil zituzten, eta hemezortzi atxilotu. Azken horiek epaiketaren zain daude Port-au-Princeko espetxe batean.

Sikario taldekoez gain, auzipetuta daude Haitiko Justizia Ministerioko funtzionario ohi bat eta AEBetako bi herritar, akusazioak erasoaren egile intelektualtzat baititu. Akusatuen zerrendan dira Hondurasko senatari ohi bat, herrialdeko Auzitegi Goreneko epaile bat eta hainbat enpresari.

Haitiko fiskalburua Ariel Henry lehen ministroa auzipetzearen alde mintzatu zen iaz, Henryk telefono dei bat egin ziolako ustez erasoaren agindua eman zuen Justizia Ministerioko funtzionario ohiari, Moiseren hilketaren egunean. Henryk, akusazioa ukatu, eta fiskalburua kargutik kendu zuen.

Moisek berak hil baino hilabete batzuk lehenago adierazi zuen argindar sektoreari lotutako familia batzuek erail nahi zutela, eta estatu kolpe bat prestatzen ari zirela.

Urtebetean oztopo ugari izan ditu epaiketak, eta prozesua motel doa. Bost epailek uko egin diote auziaren ardurari, jasan dituzten presio eta mehatxuen ondorioz, eta iazko urrian su eman zioten epaiketarekin lotutako probak gordetzen zituen bulego judizialari. NBE Nazio Batuen Erakundeak auzia «geldi» dagoela salatu zuen atzo, eta baliabide gehiago galdegin zituen ikerketarako.

Auzia bezala, blokeatuta daude estatuko erakunde politikoak ere. Moiseren agintaldiaren amaieran protestak lehertu ziren presidenteak karguari legeak agintzen duen baino luzaroago eutsi ziola iritzita. Eta Henry erail aurreko egunean izendatu zuen lehen ministro Moisek. Hark hauteskundeetara deitu behar zuen, baina bozak mugagabe atzeratzea erabaki zuen iazko irailean, eta horrek gizarte eragile batzuen haserrea eragin zuen.

Botere hutsunea

Estatuaren erakunde politikoetan dagoen botere hutsunea banda armatuek bete dute lurraldearen zati handi batean. CARDH giza eskubideen aldeko zentroaren arabera, Haitiko azaleraren %60 dute kontrolpean, eta hiriburuko portuko jarduera, erregaien merkatua eta bahiketak diru iturri oparo bihurtu dituzte. Hori dela eta, geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira.

Michelle Bachelet Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak joan den maiatzean ohartarazi zuen banden indarkeria «imajinaezinezko» mailara heldu dela Haitin. NBEren datuen arabera, bandek 188 lagun hil zituzten apirilaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean. Egoera herritarren migrazio masiboa eragiten ari da Mexikora eta AEBetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.