«Daukan arazoaz gu ez konturatzea lortu du»

Eunate Arraiza 2012-2013 denboraldian iritsi zen Athleticera, eta ordurako zuri-gorrien aldagelan zeuden Eli Ibarra azkoitiarra eta Joana Flaviano bilbotarra. Ezker hegaleko atzelariaren «zintzotasuna» goratu dute biek.

Eunate Arraiza Huelvako Sportingeko jokalari batekin lehian, herenegun, Lezaman. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Lezama
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zein ondo e, Eunate; nahi duzunean itzaltzeko botoiari ematen diozu eta kito». Eli Ibarrak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1981) onartu du broma giroan noizbait esan izan diotela halakorik Eunate Arraiza taldekideari, despistatu itxura egiten ari dela irudikatzeko. «Eta barrua mugitu izan zaigu bere erantzunarekin: 'Gustura aldatuko nuke neure egoera zeurearekin; gustatuko litzaidake aukera hori edukitzea'. Zer pentsatua ematen du horrek».

Arraiza 2012-2013 denboraldian iritsi zen Lagunak taldetik Athleticera. «Eta nik gogoan daukat hasieran geure artean hizketan aritu ginela, nola entzungo zuen, zelaian nola moldatuko ginen, nola hitz egingo genuen... elkarri galdezka». Joana Flavianok (Bilbo, 1990) eta gainerako taldekideek berehala ikusi ahal izan zuten nafarra oso ondo moldatzen zela egunerokoan. «Zelaian jabetu ere ez gara egiten gorra dela», hasi du azalpena Ibarrak. «Daukan arazoaz gu ez konturatzea lortu du».

21 urte bete berritan iritsi zen Arraiza Lezamara. «Eta gogoan daukat bere gurasoekin hitz egin nuela hilabete inguru igaro zenean. Aitak berehala esan zidan eurak beti ahalegindu izan direla dena ahalik eta normalen egiten; ikasketetan, kirolean... Meritu handia dauka».

Flavianoren hitzetan, «isila, lotsatia eta urduria» da Arraiza. «Ezezagunekin oso urduri jartzen da, eta hitz egitean igartzen zaio bereziki. Baina duen arazoaren ondorioa da; oso erreakzio normala». Pertsona gisa «oso zintzoa» dela gaineratu du bilbotarrak. «Laguntzeko prest egoten da beti, eta oso lagun ona da».

Taldekideek aldagelan bizi izan dute, bizi izatekotan, tentsio momenturen bat edo beste Arraizarekin. «Dutxatzean kendu egiten du gailua, eta ez du ezer entzuten. Gertatu izan da geure artean beste kontu batzuez hizketan, barrez eta kolpeka hastea, bibrazioen bidez bera konturatzea, eta berari buruz hizketan eta barrez ari ginela pentsatzea». Lasaitu eta argi hitz egitea baino gauza hoberik ez dago horrelako gaizki-ulertuak konpontzeko. Arazoak arazo, taldekide bat gehiago delako Eunate Arraiza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.