Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Ane Eslava.
Iruñea
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako etxe gehienetan ohi baino gehiago jo zuten kulturara itxialdi garaian: herritarren %74k kultura ohiturak areagotu zituzten. Baina, halaber, aldi horretan, sektoreko enpresek %67 jaitsi zuten fakturazioa, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Kultura Zuzendaritza Nagusiak atzo aurkeztu zituen bi ikerketen datuetako batzuk dira horiek. Itxialdian izandako kultura joeren inguruko inkestaren azken ondorioak eman zituzten aditzera, batetik; eta kulturaren inpaktuaren jarraipen dispositiboaren datu eguneratuak, bestetik.

Inkestak ekainean egin zituzten, telefono bidezko elkarrizketekin, Nafarroa osoko 1.064 etxetan. Humano eta Ikerpartners enpresek egin zituzten inkestok, eta ez zuten hizkuntzaren aldagaia sartu gadleretan.

Kultur ohiturei buruzko galdeketetatik ateratako ondorioen artean, inkestari erantzun zioten gehienek kulturara ohi baino gehiago jo zutenitxialdi hilabeteetan; ohi baino gutxiago, %1ek soilik. Etxeen %58,7tan, «nahiko garrantzitsutzat» jo zuten kultura «familiaren ongizaterako».

Enplegua, behera

Pandemiak sektorean izan duen eragina aztertzeko, Nafarroako Kulturaren Behatokiak mekanismo dinamiko bat eratu du zabalik jarraitzen du, eta urteko bigarren hiruhilekoko datuen berri eman du. Gizarte Segurantzako kotizazio kontuak martxoan %4 jaitsi ziren; maiatzean, %24,4. Maiatz amaieran, berriz, 779 pertsona zeuden aldi baterako enplegu erregulazioetan: %80, aldi baterako eteteagatik, eta gainontzekoak lanaldia murrizketagatik.

Ekainetik aurrera, afiliazioan gorakada txiki bat izan zen, baina enplegu erregulazio espedienteetara atxikitako enpresen kopurua ez da ia murriztu. Inkestaren arabera, sektoreko langileen ia herenak daude egoera horretan. Sektoreko langileen artean ekainetik aurrera suspertzeko itxaropena antzeman dute, baina aipatzekoa da inkestak birusaren bigarren olatua nabaritzen hasi baino lehen egin zituztela. Horregatik, garrantzitsutzat jo dute informazioa eguneratzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.