Artiumek Moyra Daveyren obrekin ekingo dio udazkeneko zikloari

New Yorken bizi den artista kanadarrak 1980ko hamarkadatik gaur arte egindako lanak daude ikusgai. Argazkiak eta bideoak dira gehienak

Argazki postalekin osatutako obra bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Moyra Davey artistaren lanekin osatutako erakusketak emango dio hasiera Gasteizko Artium museoaren udazkeneko denboraldiari. New Yorken bizi den arren, Kanadan jaioa da Davey. Bide luzea egindakoa da artearen munduan, eta haren lanak munduko bilduma garrantzitsuenetan aurki daitezke. Lehen aldia du, ordea, Europako museo publiko batean. Artiumeko A3 aretoan jarritako erakusketan, hain zuzen ere, artistak 1980ko hamarkadaren erdialdetik gaur egun arte ondutako lanak ikus daitezke. Obrek argazkia, zinema eta idazketa dituzte oinarri batez ere, eta balio dezakete artista bera ezagutu eta haren ibilbidean erabilitako iturrietara eta prozesuetara hurbiltzeko. Datorren urteko martxoaren 7ra arte izango dira ikusgai.

Nahi baino beranduago ireki dute erakusketa, halere; izan ere, ekainerako zegoen aurreikusia hasieran, baina atzeratu egin behar izan zuten pandemiaren eraginez. Atzo ireki zituen ateak azkenean. Arrazoi hori bera dela medio, aurkezpena ere artista bera gabe egin zuten, atzo, Gasteizen. Beatriz Herraezek eman zituen azalpenak; Artiumeko zuzendari izateaz gain, Moyra Davey: Lanak/ Obras/ Works erakusketaren komisarioa ere izan da Herraez, Nicolas Linnertekin batera.

Herraezek azaldu zuen «etengabeko» hartu-emana izan dutela artistak eta museoko lan taldeak hilabeteotan, «bakoitza atlantikoaren alde banatan egonagatik ere». Eta erakusketa zabaltzeko «luzaro itxaron» behar izan badute ere, izan duten harremanak balio izan duela elkarren arteko loturetan sakontzeko. Gainera, zehaztu zuen Daveyk muntaketa prozesuan ere parte hartu duela, horretarako talde osoaren ordutegiak eta lan ildoak egokitu behar izan badituzte ere. Nolanahi ere, emaitzarekin pozik daudela nabarmendu zuen, eta artista «laster» bisitan izatea espero duela: «Ilusio berezia zuen hemen egoteko, baina ez da posible izan, bizi dugun egoeragatik».

Bi esparru elkarrekin

Erakusketa bi esparrutan banatu daiteke, nahiz eta biak elkar lotuta dauden; biak dira, halaber, artistak landu izan dituen diziplina askotarikoen ispilu: alde batetik, argazki sorta bat ikus daiteke, eta, bestetik, ikus-entzunezko hainbat pieza. Artistak berak museoari igorritako bideo-elkarrizketa batean azaldu duenez, idazketatik abiatzen dira bere lanak, eta argazkigintzarekin edo ikus-entzunezkoekin lotu izan ditu gero. Hain zuzen, Herraezek azaldu zuenez, Daveyren lanek bere bizipenak dituzte oinarrian, eta, hori dela-eta, badute performancearen esparrutik zerbait ere.

Argazkietan, animaliak, gorputzak edo objektuak ikus daitezke; duela gutxi egindakoak dira batzuk, eta artxiboko irudi analogikoekin osatutakoak beste batzuk. Atal horretan aurki daitezke, halaber, argazki-eskutitzez ondutako artelanak ere. Daveyk bere ibilbidean sarri erabili izan duen harremanetarako moduaren erakusgarri dira; izan ere, harekin solasean aritu izan diren hartzaileei zuzenduta daude: argazkiak inprimatu, eskutitz forma emanez tolestu, zigilatu, eta nazioarteko postaz bidali ondoren, erakusketa aretoan bertan ireki, eta argazki multzo gisara muntatu izan ditu gero bere erakusketetan.

Bada, Blue Ruin du izena horietako batek, eta erakusketarako propio egindakoa da. Artiumeko lantaldearekin izandako hartu-emanaren lekuko diren eskutitzek osatzen dute obra, zehazki, museoko langileei bidalitako argazki-postalek.

Ikus-entzunezko piezei dagokienean, I confess izeneko lana dago ikusgai, besteak beste. Daveyren obrarik berriena da, eta Quebeceko gaur egungo errealitate soziopolitikoa du aztergai. Horretarako, James Baldwin idazlearen, Pierre Vallieres iraultzailearen eta Dalie Girouxen Ottawako Unibertsitateko filosofia politikoko teorialariaren lanak hartu ditu oinarri artistak. Hala, aditu horien lekukotzak eta memoriak Daveyren artxibo biografikoko irudiekin uztartzen dira filmean. Artistak maiz erabiltzen du lan egiteko modu hori.

Beste hainbat film ere ikus daitezke erakusketan, nolanahi ere. Besteak beste, Les Goddesses, Hemlock Forest eta Wedding Loop filmek osatutako trilogia bat, zeinak Daveyren familiaren eta Mary Wollstonecraft idazle eta feminismoaren aitzindariaren arteko analogia bat egiten duen. Artistaren filmografiaren parte diren Notes on Blue eta Hell Notes filmak ere ikus daitezke.

Ikus-entzunezkoen iraupena dela eta —ordubete inguru irauten dute batzuek—, «bisita bat baino gehiago» behar du erakusketak, Herraezek nabarmendu duenez: «Moyraren erakusketa bisitatzeko, seguruena, beste inoiz baino denbora gehiago behar da, eta horrek behin eta berriz bisitatu daitekeen espazio bilakatzen du museoa. Artistarekin hitz egin dugun zerbait da, gainera». Hala, bisitariak aukera izango du sarrera bakarrekin erakusketara hainbatetan sartzeko. Museoak, gainera, ordutegi iraukorra izango du aurrerantzean. Filmek euskarazko eta gaztelerazko azpidatziak dituzte, eta museoak liburu bat argitaratuko du bi hizkuntza horietara itzulitako gidoiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.