Itxarotea merezi duenean

Bost milioitik gora txakolin litro ekoitzi dituzte aurten Euskal Herrian. Lehorteak mahats biltzea atzeratu zuen, baina pozik daude ekoizleak azken emaitzarekin. Asteartean inauguratuko dute sasoia, Getarian.

Ander Perez Argote
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
San Anton egunak —urtarrilaren 17a— iragarri ohi du txakolin garaiaren hasiera. Asteartean ospatuko dute jaia Getarian (Gipuzkoa), eta orduan izango da aukera urteko produktua dastatzeko. Txakolindegiek, halere, asteak daramatzate ekoizpen berria merkaturatzen. Eguzki faltagatik, apur bat atzeratu zen mahats bilketa Getariako Txakolina sor-markako txakolindegietan, eta lehorteagatik Araban eta Bizkaian. Halere, mahats ugari jaso dute, eta ekoizleak pozik dira azken emaitzarekin. Guztira, bost milioitik gora litro txakolin jarriko dituzte bezeroen esku. Iritsi da txakolina.

GETARIAKO TXAKOLINA

Merkatua zabaltzea xede



Sor-marka lortzen lehena izan zen Getariako Txakolina, 1989an, eta hura da txakolin gehiena ekoizten duena (%56). Egun, badira txakolindegiak Gipuzkoako barnealdeko herrietan —Oiartzunen, Aian eta Villabonan, adibidez—, baina Zarautz eta Getaria inguruan biltzen dira gehienak oraindik. Kostako klimak eragina du produktuan, eta barnealdean baino eguzki ordu gutxiago izateak alkohol gradu gutxiago ematen dizkio txakolinari ere, Bizkaikoarekin eta, batez ere, Arabakoarekin alderatuz. Ruth Mozo Getariako Txakolina sor-markaren idazkari nagusiak dioenez, «garraztasun orekatua eta karboniko puntu bat» duen ardo zuria da Getariakoa.

Egun, 33 txakolindegik osatzen dute sor-marka, eta 427 mahasti hektarea dituzte denera. Produktuaren esportazioa nabarmen hazi da azken urteetan —salmenta guztien %10 da—, eta AEBetan saltzen da atzerrian saltzen denaren erdia. Edonola ere, bertako merkatua da sor-markaren «helburu nagusia», Mozok dioenez: ekoizpenaren %80 merkaturatzen da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Halere, «merkatu hobi berriak» bilatzea da sor-markaren eta txakolindegien helburua. Hurrengo urteetan mahastien hedadura handituko dute, eta «merkatua zabaltzea» izango da Getariako Txakolinaren erronka nagusia.

Bost belaunaldiko ibilia du Getariako Ameztoi txakolindegiak. Zarautzen du jatorria familiak, baina Getariara aldatu zen Getariako Txakolina sor-marka sortu zen urteetan. Ordukoak dira mahasti gehienak, baina badira zaharragoak ere, Zarautzen, oraindik ere txakolina egiteko baliatzen dituztenak.

«Oso uzta ona» izan da aurtengoa, txakolindegiko Naiara Etxegoienen arabera. «Udaberriko eguzki faltagatik pixka bat atzeratu zen», eta irailaren 27ra arte itxoin behar izan zuten mahatsa jasotzen hasteko. Halere, azkar egiten da txakolina, eta abenduaren 1ean hasi ziren lehen botilak saltzen. «Fruta gustukoa eta oso usainduna» da aurtengo produktua, 10,5 gradu ingurukoa. %10 egin du gora Ameztoiko ekoizpenak, mahasti berriak izan dituztelako aurten. Orain 25 urte landatutako besorako mahastiak parrara pasatzen hasi ziren orain urte batzuk, eta, egokitzeko urte batzuen ostean, aurten sartu dira ekoizpenera, eta igarri dute.

Bisita gidatuak egiten dituzte Ameztoin, gutxienez sei lagun joango direla ziurtatuz gero, baina, oro har, «Getariako Txakolina ez dago horretarako prestatua», Etxegoienek dioenez. Enpresa txikiak dira gehienak, langile gutxikoak, eta badute zertaz arduratua. «Txakolina egitera bideratzen ditugu indarrak».

BIZKAIKO TXAKOLINA

«Ardo itxura handiagokoa»



23 txakolindegi txikirekin abiatu zen Bizkaiko Txakolina sor-marka, orain 22 urte. Enpresa txikiak ziren oro har, familiakoak, uzta eta ekoizpen apalekoak. Lehen urte hartan, 140.000 litro ekoitzi zituzten guztira. Aurten, 1.800.000 litroren bueltan izango da uzta. Hamahiru aldiz handitu da produkzioa.

Getariakoarekin parekatuz, «ardo itxura handiagoko» txakolina da Bizkaian egiten dena, Antton Txapartegi sor-markaren idazkariak dioenez. «Gorputz handiagoko txakolina lantzen dugu. Poteorako ardoa da, baina Bizkaian, ekoizpenaren ehuneko jakin bat mahairako da, jan bitartean hartzeko».

Kopuruak bezala, txakolindegien kokapena ere zabaldu da urteekin. Lehenago, toki oso jakinetan ekoizten zen txakolina, Bakion, Txorierriko hainbat herritan eta Enkarterrin, batik bat. Egun, horietara ez ezik, beste herri askotara ere zabaldu da ekoizpena. «Bizkaiko ia herri guztietan gaude», dio Txapartegik.

Merrutxu txakolindegia, adibidez, Ibarrangeluko lurretan dago. Ez da beti han izan, ordea. Koldo Saez eta haren emazteak hiriko lana eta bizimodua utzi zituzten 1990ean, «lehen egiten ziren zorakeria horietako bati» jarraika bizi berri bati ekiteko. Morgan erosi zuten baserria, eta, sagarrondoekin eta udareondoekin batera, mahastiak landatu zituzten inguruko lurretan. Artean ezer gutxi zekiten nekazaritzaz, Saezek berak aitortu duenez: «Ez nekien leka bat eta babarrun bat bereizten». Modu autodidaktan ikasi zuten ikasi beharrekoa.

1990eko hamarkadako lehen urte horietan hasi ziren txakolina ekoizten, artean sor-markarik ez zela. Getariako Txakolinak lortua zuen labela, eta hari begira ari ziren Merrutxukoak eta beste «aitzindariak». «Hektarea bat edo bi zeuzkaten ekoizle txikiak» ziren gehienak. 1994an lortu zuen Bizkaiko Txakolinak bere zigilua.

Urteetara, ordea, izurrite batek jo zituen Morgako mahastiak, eta handik Ibarrangelura mugitu behar izan zuten txakolindegia Merrutxukoek. 2003a zen ordurako, eta, ardo ekoizpenarekin batera, Ibarrangeluko baserrian agroturismoa ere paratzea erabaki zuten.

Urteko lehen txakolin botilak saltzen hasiak dira Merrutxun, baina geroago iritsiko da uztaren parterik handiena. Ontze berezia ematen diote txakolinari, lau hilabetez onduz, eta mahatsaren hondarrak behin eta berriro nahastuz. Hala, «gorputza irabaziz doa» txakolina. Aurretik, halere, 1.500 litroko produkzioa kaleratu dute, eskaerei aurre egiteko. Hori da orain salgai dutena.

«Uzta arraroa» izan da aurtengoa, Saezek dioenez. «Graduak hartzea kostatu zaio mahatsari. Ni ez nengoen oso pozik. Gainera, irailean kazkabarra egin zuen, eta mahastien parte bat hondatu zen». Eta, halere, «harrituta» dago, azken emaitza «zapore oso onekoa eta bizia» delako. 15.000 kilo mahats jaso dituzte aurten, eta 10.000 txakolin litro inguru aterako dute hortik.

Bizkaian saltzen da batik bat Bizkaiko txakolina, %85. Esportazioa %5 da, asko jota. «Gure merkatu naturala hemen dago», dio Txapartegik. Merkatu hori egonkortzeko eta hazteko helburua du Bizkaiko Txakolinak, baina «modu jasangarrian» hazi nahi dute, «bai ikuspegi ekonomikotik, bai ingurugiro ikuspegitik». Martxan dauden proiektuak eta oraindik bete-betean ari ez direnak sendotzea da asmoa. «Etorkizuna ziurtatzea dakar horrek, bai haiena, bai sektorearena».

Hasiak dira ekoizle gehienak uzta berriko lehen botilak saltzen, baina otsailera edo martxora arte ez dira indarrez aterako merkatura. Sasoi horretan egingo du Bizkaiko Txakolinak urteko produktuaren aurkezpen ofiziala.

ARABAKO TXAKOLINA

Bertan egonkortu nahian



960. urtekoak dira txakolinaren lehen aipamenak Araban. Urteetako gainbeheraren ostean, XX. mendearen bukaeran abiatu zen berreskurapena, eta 2002an lortu zuen Arabako Txakolinak sor-marka desiratua. 40.000 litrorekin osatu zuten lehen urte hura, eta 470.000 ekoitzi dituzte aurten; 660.000 botila, gutxi gorabehera.«Errekorra» da hori, Jose Antonio Merino Arabako Txakolina sor-markako kudeatzailearen hitzetan. Baina badago oraindik gehiago hazteko tartea: «Potentziala badago: milioi bat botilako muga dugu guk jarria».

Edonola ere, orain arteko neurriari eutsi nahi dio Arabako Txakolinak: «Sor-marka txikia izaten jarraitu nahiko genuke. Kontua ez da egiteagatik egitea eta gero prezioak asko jaitsi behar izatea saldu ahal izateko». Egun, zortzi txakolindegi dauzka Arabak, Aiaraldean zortziak. Ehun hektareako hedadura dute mahastiek guztira.

Barnealdeko txakolina da Arabakoa, ezin bestela: eguzki ordu gehiago hartzen dute mahastiek, eta, hortaz, alkohol graduazio handia izaten du, hamabi eta hamahiru gradu artekoa, normalean. Getariakoaren aldean, berantiarragoa izaten da —martxo bukaeran egingo dute aurkezpena—, eta, halere, hasiak dira txakolindegiak urteko lehen botilak saltzen. Esportazioek —salmenten %22— ekarri dute sektorearen hazkundea, baina, trukean, bertako merkatua egonkortzea kostatzen ari zaio. Hor jarri nahi ditu indarrak Arabako sor-markak: «Gasteizko ostalaritzan presentzia duina izatea lehentasunezko helburua da guretzat».

Ezin hobeki islatzen du egoera Okondoko Astobiza txakolindegiak. 150.000 txakolin litro ekoitzi dituzte aurten, mahats propioak eta inguruko herrietako ekoizleei erositakoak baliatuz. Esportaziora bideratzen dute gehien-gehiena (%70) eta Bizkaian eta Gipuzkoan —Bizkaian, batik bat— saltzen dute gainontzekoa. Araban, %4 besterik ez. «Gehien kostatzen ari zaion merkatua da Arabakoa», dio Bittor Villanueva Astobizako upeltegi eta mahastegietako arduradunak. «Urteetan, ardo txarraren fama izan du txakolinak, eta hemen, gainera, oso gertu dugu hain ona den Araba Errioxako ardoa».

«Oso urte gogorra» izan da iragan dena Astobizakoentzat: lehortearen ondorioz, kostatu zaio mahatsari heltzea eta azukre nahikoa hartzea. Baina prest dute, halere, txakolin berria. «Harritu gaitu: oso ona dago. Urtetik urtera hobetuz doa».

Kalitate horri eutsi nahi dio Arabako Txakolinak luzaroan, sektore gisara egonkortu eta bertako merkatua hazteko. Leku bat egin nahi dute Arabako ardo preziatuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.