Habiak husten ari dira

Europako mendebaldean laborantzari lotutako txori populazioek beherakada handia izan dutela ohartarazi dute adituek. Horren atzean, besteak beste, habitat galera eta pestiziden erabilera dago.

BERRIA.
Iker Tubia.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez da gai berria, baina horrek ez du esan nahi ez duenik gaurkotasunik eta garrantzirik. Alarma gorriak aspaldi piztu ziren, eta bere horretan jarraitzen dute. Berriki, Frantzian egin duten ikerketa batek ekarri du gaia berriz ere mahai gainera: txorien populazioa izugarri jaisten ari da herrialde horretan; kasu batzuetan, bi herenetakoa izan da jaitsiera. Ikerketa horretan parte hartu du Benoit Fontaine Frantziako Natura eta Historiaren Museo Nazionaleko biologoak, eta horrela deskribatu du egoera: «Hondamenezko egoera bizi dugu. Gure herrialdea benetako desertu bihurtzeko bidean gara».

Sasi txinboa, berdantza miarritza, hegatxabal arrunta eta oso zabaldurik dauden beste espezie batzuen populazioa heren bat jaitsi da mendea hasi zenetik. Beste batzuen egoera makurragoa da: negu txirta kopurua %70 inguru jaitsi da. Frantzian egin duten ikerketaren egileek uste dute monolaborantza eremu handietan pestizida anitz erabiltzeak sortu duela egoera, batik bat gari eta arto landaketetan. Diotenez, arazoa ez da txoriak pozoiturik hiltzen direla, gosez baizik, haien bazka diren intsektuak desagertzen ari direlako.

Ikerketan parte hartu duen CNRS Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroaren arabera, hegan egiten duten intsektuak %80 gutxitu dira Europan, eta txorien populazioak 400.000 baino gehiago 30 urtean. Datu gehiago badira: Europako mendebaldean laborantzari loturiko txori populazioen beherakada jaso du IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak berriki plazaratu duen txostenean. Bertan azaltzen denez, hegazti horiek %57ko beherakada izan dute 1980. eta 2013. urteen artean.

Arazoa, beraz, ez dagokio soilik Frantziari; mendebaldeko Europa guzian dago. Euskal Herrian ere bai. SeoBirdlife elkarteak egina du egoeraren argazkia, eta beherakada nabarmena dela ohartarazi du. Horren berri eman du Lucia Peñak, elkarte horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak, azken hogei urteetako joera azalduz. Txori alejaleen beherakada handia dela dio, %52, eta, oro har, zerealen landa eremuari loturiko hegaztiak %28 gutxitu dira.

Gehien gutxitu direnak laborantzari loturik daude: baso txinboa, usapala, berdantza horia, hegatxabal arrunta, landa txolarrea, antzandobi arrunta eta pitxartxar nabarra. Haietako batzuen beherakada %90ekoa baino handiagoa izan dela ohartarazi du Peñak. Hori da landa txolarrearen, berdantza horiaren eta pitxartxar nabarraren egoera.

Intsektuen beherakada

«Gainbehera ikaragarria ikus dezakegu», ohartarazi du Peñak. Gainbehera horren eragileei dagokienez, hainbat faktore daudela uste du SeoBirdlife elkarteko ordezkariak: herbizidak eta pestizidak erabiltzea, egiten diren laborantza lanak eta habitat aldaketa. «Ikusi dugu gehien mekanizatutako landa eremuetako beherakada, batik bat, herbizidengatik eta blindatutako hazien erabileragatik gertatzen dela». Aitortu du pestiziden eragina handiagoa dela Europako iparraldean Euskal Herrian baino, han laborantza intentsiboagoa delako, erreserba leku gutxiago dituztelako eta klimaren egoera makurragoa delako. «Hemen, hegaztiek aukera gehiago izaten dituzte janaria lortzeko, nahiz eta plagizidak erabili». Hala ere, egoera ez da ona, inondik inora, eta Europan intsektuek beherakada «handia» izan dutela gogorarazi du Peñak.

Iker Elosegi EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzaileak bi faktore nagusi aipatu ditu: habitat galera eta intsektuen galera. «Europan habitat galtze ikaragarria izaten ari da», gogorarazi du. «Intsektuen populazioak nabarmen galtzen ari dira, eta pentsatzekoa da horrek eragin zuzena duela intsektuak jaten dituzten txoriengan». Laborantza industrialean erabiltzen diren pestizida asko intsektizida direla gogorarazi du, baina ez hori bakarrik, habitatak sinplifikatu egin dira. «Hesi guziak kendu dira Europan, hesietan ziren intsektuetarako eta abarretarako habitat horiek deseginez, beraz, haien populazioak desegiten ari dira. Azkenean, dena lotua dago».

Egoera horren aurrean, Elosegik uste du lehenbiziko urratsa egoeraz beraz ohartzea dela: «Uste dut inportanteena hori dela, eta ez nago segur hori agendetan dagoenik». Kontuan izan behar da hegaztien populazioak ingurumenaren osasuna neurtzeko adierazle gisa erabiltzen direla. Beraz, egoera horrek alarmak pizteko balio beharko luke. Peña kezkaturik agertu da egoeraren aurrean, eta jarrera aldaketa beharrezkotzat jo du: «Alde batetik, horrek esan nahi du gu ere gaizki gaudela. Zer jaten ari gara? Zer kalitateko janaria jaten ari gara?».

Hark argi du: «Basoetan, txorien egoera hobea da; Europan, okerren daudenak laborantza eta hiriko hegaztiak dira. Horrek esan nahi du haien habitata eta janaria gaizki dagoela. Haientzat gaizki badago, guretzat ere gaizki dago». Gogorarazi du plagizida eta herbizidak jaki horietan eta lurrean daudela, eta hori da pertsonek ere jaten dutena. Ez soilik plagizida eta herbizidak, blindatutako hazien afera ere aipatu du: «Hazi horiek plagizidak eta bestelako elementuak dituzte, eta guk hori jaten dugu».

Arazoen artean, bat nabarmendu du SeoBirdlifeko ordezkariak: hark dio ez direla araudiak betetzen, eta, beraz, lehenbizi egin beharrekoa da gobernuei araudiak betetzeko exijitu. «Europan badago Plagiziden Erabilera Iraunkorreko Zuzentaraua, baina beste alor batzuetan bezala, ez dira hartzen behar diren neurriak». Arau horretan plagen kudeaketa integratua egiteko gomendioa egiten da: plagizidak dira azkenengo aukera, eta kontrol naturalagoa egiteko eskatzen da. Kontrol natural horietako bat hegaztiak dira.

Plagizida eta herbizidak legezkoak dira, eta kontrolak pasatzen dituzte, baina ohartarazpen bat egin du Peñak: «Produktu guztiek arrisku analisiak igaro behar dituzte, baina batzuetan ez dago ondo definituta, eta ez dituzte kontuan hartzen zeharkako eta luzera begirako eraginak».

Bestelako laborantza

Laborantza modeloari erreparatzeko beharra nabarmendu du EHLGko koordinatzaileak, horrek eragin zuzena duelako habitatetan, eta intsektu zein hegaztien populazioetan. «Etxaldeak geroz eta handiagoak badira, makineriak geroz eta handiagoak badira, horren ondorio da sistemak sinplifikatzen direla. Erran nahi dut, lehen alor asko baziren eta haien artean hesiak, lehen 10-15 lursail zenuen tokietan, orain baduzu bakarra».

Monolaborantzaren aurrean, hobetsi du aniztasuna. «Lehengora itzultzea zaila da, baina lehengoa zertan zen ulertu beharko genuke bide hori berreskuratzeko». Baina, Europako Batasuneko laborantza politikak kritikatu ditu, handitzera bultzatzen dituelako laborariak. «Sistemak intentsifikatzea eta sinplifikatzea dakar, horrek dituen ondorio guziekin ingurumenari buruz eta biodibertsitateari buruz. Baina eragina du ere uraren kalitatean, lurraren emankortasuna desegitean eta herri bakoitzean dauden baserritar kopuruan. Baserritar asko eta oso handiak izatea ez da posible».

Dena den, horrekin ez da aski. Elosegik gogora ekarri du klima aldaketa: «Horrek eragin zuzenak baditu, dudarik gabe, txorietan, baita intsektu eta haien janarietan ere». Faktore hori nabarmendu du IPBES gobernu arteko plataformak, mundu osoan biodibertsitatearen suntsiketan duen eraginarengatik.

Baina neurri guziak ez daude gobernuen esku. Peñak esan du norbanakoek ere badutela zer eginik egoera larriaren aurrean: gertuko produktuak erosi, eta erosten den produktu hori konfiantzazkoa izatea. «Produkzioa nolakoa den ikustera joatea ere ondo dago». Batetik eta bestetik, adituek jarrerak eta joerak aldatzeko beharra azpimarratzen jarraituko dute. Baina denborak aurrera egiten du, eta hegazti batzuen populazioak behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.