Elkarrizketa Sozialerako Mahaia utziko ote duen argituko du UGTk

xabier martin
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
UGT-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi Raul Arzak gaur argituko du Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta babestutako Elkarrizketa Sozialerako Mahaia eta Soldata Arrakalaren Mahaiak utziko ote dituen. Aurreko astean Euskadiko CCOOk utzi zituen mahai biak, Lakuak eta Confebask patronalak enpleguaren aldeko elkarlan akordioa egin eta gero. Loli Garcia idazkari nagusiak mahaia «dinamitatzea» egotzi zien patronalari eta Iñigo Urkulluren gobernuari. Azken horrekin bereziki haserre azaldu zen, «negoziazio kolektiboan dagoen oreka prekarioa puskatu» duelako. Aurrerantzean, gobernuarekiko harremanak beste era batekoak izango direla iragarri zuen.

UGT ere ez dago gustura itun horrekin, eta «desleial» jokatzea egotzi zien aurreko astean Jaurlaritzari eta Confebaski. «Gobernuak eta patronalak beren aldetik erabaki dituzte sindikatuekin Elkarrizketa Sozialaren Mahaian eztabaidatzen ari ziren gaiak».

Bada, gaur bertan jakingo da CCOOren bide beretik doan UGT ere; eta oso litekeena da horrela izatea, ordezkaritza txikiena daukan sindikatua ez baita nahikoa mahairi eusteko sindikatuen aldetik. Mahai hori hanka motz jaio zen ELAk eta LABek parte hartzeari uko egin ondoren. Azken urteetan apenas izan diren bilerak, eta are gutxiago emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.