Bi aro lotzeko zubi lanetan

Javier Sotil Mondragoneko presidente izendatu dute Txema Gisasolak dimisioa eman eta hamar hilabetera.Fagor Etxetresnen krisiaren osteko Mondragon berria gidatzeko erronka dauka

Javier Sotil Mondragon taldeko presidente berria. MC.
xabier martin
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Etxe-etxeko gizona aukeratu du etxeak aro berria gidatzeko. Javier Sotil (Bergara, 1951) Mondragon taldeko presidente berria ez zen faboritoa Arrasateko eserleku garrantzitsuena eskuratzeko, baina Txema Gisasolaren dimisioaz geroztik (aurtengo urtarrila) korporazioa gidatu duen Kudeaketa Batzordeko beste hiru kideak atzean utzi ditu ardura hori hartzeko orduan. Javier Sotil Mondragon zaharraren ordezkaria da, historiko bat taldearen barruan, baina aurrerantzean, Etorkizuneko Mondragon proiektua gauzatuko duena ere izango da. Fagor Etxetresnen porrotaren osteko Mondragonen fase berria gidatuko du, beraz, bi aro lotzeko zubi lanean.

«Kargu berrian egokitu zaion lehen mugarria izango da organo korporatiboek azken hilabeteetan egin den eta Etorkizuneko Mondragon proiektuarekin burutu den hausnarketa 2014ko Kongresuan aurkeztea», jakinarazi zuen atzo korporazioak. Abenduaren 15ean izango da kongresu hori. «Kontseilu Orokorreko lehendakari berriak Korporazioaren hausnarketa eta etorkizunari begira dauden oinarrizko lan ildoak azalduko ditu». Eta kongresuan, halaber, taldea osatzen duten kooperatibetako 650 ordezkarik berretsiko dute Sotil dela Arrasateko presidente berria, «tramite bat» taldeko iturriek diotenez, «historikoki» ez delako arazorik egon izendatzeetan.

Orain arte, Mondragoneko Industria arloko lehendakariordea izan denak berrogei urte daramatza korporazioan. Ondoan kooperatiban aurrena, eta Ulma, Impreci, Fagor Etxetresnak eta LKSn gero. 2004tik Mondragoneko organoen barruan dago hainbat eginkizunetan, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko presidentetzan, eta, hortaz, etxeko gizon petoa dela esan daiteke, betiko Mondragonen ordezkaria.

Haatik, bere ibilbide profesionaleko eginkizun garrantzitsuena hura amaitzeko urte gutxi falta direnean iritsi zaio, 63 urte dituela. Fagorren krisiaren harira Txema Gisasolak gidatzekoa zuen bide berriaren erronka Javier Sotilen ardura izango da, beraz.

Ereduaren eztabaida

Etxetresna egilearen porrotak sortutako muturreko egoeraren ostean, askok espero zuten presidente berria Txomin Garcia, Agustin Markaide eta Javier Mutuberriak osatutako hirukotetik aterako zela; Laboral Kutxa, Eroski eta Oronako presidenteak dira, hurrenez hurren, eta ibilbide profesional sendoa dute;maila goreneko gidaritzan trebatuak dira, alegia.

Beraz, maila batean ezustea iritsi da Sotilen presidentetzarekin, eta orain arteko eredu kooperatiboarekin sendo jarraitzeko apustua egin den edo ez azaltzea egokituko zaio Sotili berari. Denborak esan beharko du presidente honek soilik Mondragon zaharra eta eraikitzeko dagoen Mondragon berriaren arteko zubi lanak egitea lortuko duen, ala urte askoan gidaritza sendo bat gauzatuko duen; hots, denbora irabazi den ala ez.

«Javier Sotilen izendapenarekin Batzorde Kudeatzailearen zeregina amaitutzat jotzen da», esan zuen korporazioak atzo ohar batean. Batzorde horrek Arrasateko talde industrialaren «etorkizunari buruzko gogoeta» dinamizatu eta koordinatu du, eta talde txiki horretako kide izan da Sotil. «Hemendik aurrera, Mondragonek datozen urteetan izango duen bilakaera gidatuko du Javier Sotilek».

Abenduaren 15ean Mondragonek egingo duen kongresua historikoa izango da, kooperatiben taldearen ibilbidean mugarria jarri beharko lukeelako. Azken urtean taldearen barruan egindako hausnarketa zabalaren emaitzak jakinaraziko dira. Jakina da enpresen artean tentsioak badirela elkarren arteko elkartasun mekanismoek ahalbidetzen dituzten funtsak direla eta. Fagorren krisiak zalantzak eta egonezinak areagotu dituzte azken urtean, eta taldea bera nora doan idazten hasiko dira taldeko eragileek kongresuan. Euskal kooperatibek modu askean aukeratutako orain arteko batasun eredua dago jokoan azken finean, enpresa bakoitzaren konpromiso maila taldearekiko.

«Egoera, zalantzaz betea»

Edonola ere, Arrasateko korporaziora aldaketa sakonak datozela ematen du Sotilek atzo kargua hartu eta gero egindako adierazpenei begira: «Uste dut oso erronka anbiziotsua eta erakargarria dudala aurrean, hau da, Mondragon eraldatzea, oraingo eta etorkizuneko agertokiaren desafioei egokiago erantzuteko». Presidente berriak esan zuen badakiela egoera «zalantzaz betea» dagoela, «eta horrek arazoak eragiten dituela gure kooperatiben negozioetan». Baina «erabateko konfiantza» duela ere gaineratu zuen «taldearengan, proiektuan, eta gure eredu kooperatiboaren onura lehiakorrean».

Sotil presidente izendatzeko prozesua konplexua izan da oso. Ezin da ahantzi Txema Gisasolak urtarrilean eman zuela dimisioa eta, ordutik, Kontseilu Nagusian ez direla ados jarri haren ordezkoa izendatzeko, harik eta orain egun gutxi ke zuria atera zen arte. Kongresua ekainean zen egitekoa, eta abendura arte atzeratu behar izanak egoeraren zailtasunaren neurria ematen du. «Hausnarketa epe bat» zabaldu zuen korporazioak ilbeltzean, dimisio hark eragindako egoera nola bideratu erabakitzeko. «Etorkizuneko ereduaren oinarrizko ezaugarriak» zehaztu behar zirela ere erantsi zen, prozesu horren koordinazioa kudeaketa batzordearen eskuetan utzita.

Gaur egun, 280 enpresa inguru batzen ditu Mondragonek; horietatik, ehundik gora kooperatiba eta 74.000 pertsona inguru enplegatzen ditu. 12.900 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2012an, baina iaz annus horribilis izan zen taldearentzat. Fagor Etxetresnen porrotarekin bat emaitza kaskarrak iritsi ziren, bai salmentetan (-%10), bai langile kopuruan (-%7,8), bai inbertsioan ere (-%19,7). Nazioartekotzetik iritsi ziren albiste onak, ekoizpenaren %71,1 saldu zuelako kanpoan, 2012an baino bi puntu gehiago eta duela bost urte baino hamabi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.