Obamaren etorkin onak eta txarrak

Familiak bai, «gaizkileak» ez; langile eta lizentziadunak bai, baina zerga iruzurgileak ez. Etxe Zuriak iragarritako immigrazio erreformak hiru urtean ez deportatzeko promesa baino ez dakarkie bost milioi laguni. Askorentzat ez da aski paperik gabeko bizitzari uko egiteko.

Samara Velte -

2014ko azaroak 22
Washingtonek neurri sorta bat iragarri du Ameriketako Estatu Batuetan paperik gabe bizi diren bost milioi etorkinen egoera administratiboa legeztatzeko. Barack Obama presidenteak dekretu bidez onartu behar izan du, oposizioak era horretako lege guztiak blokeatu dizkiolako Kongresuan. Agintaldia amaitzeko bi urte eskasen faltan, eskuak lotuta dauzka presidenteak, eta duela zortzi urte emandako hitz asko, betetzeko; horietan nagusia, immigrazio sistema erreformatzea.

Atzo goizaldean emandako hitzaldian, erru oro bere administraziotik urruntzen ahalegindu zen Obama. «Gure immigrazio sistema hautsita dago, eta mundu guztiak daki hori», esan zuen Etxe Zuritik: «Gure herrialdera arauak betez sartzen diren familiek ikusten dute besteek muzin egiten dietela legeei. Euren langileei soldata onak ordaintzen dizkieten enpresariek ikusten dute konpetentziak paperik gabeko etorkinak esplotatzen dituela askoz gutxiago ordainduz. Guztiok haserretzen gara Amerikan bizitzearen onurak aprobetxatu eta horrek dakartzan ardurak betetzen ez dituztenekin».

Gobernuaren arabera, 11 milioi atzerritar inguru bizi dira AEBetan agiririk gabe. «Horietako askok esplotazioa sufritzen dute, eta euren familiatik banatzeko arriskuan daude». Erreforma berriak gutxi gorabehera erdiei eman asmo die euren egoera administratiboa legeztatzeko aukera. AEBetan bost urte baino gehiago daramatzatenek eta bertan jaio edo legez bizi diren seme-alabak dituztenek izena eman dezakete Hiritartasun eta Immigrazio Zerbitzuen Agentzian; euren delitu historia ikertzen duen azterketa bat gainditu eta legez kanpo igaro dituzten urteei dagozkien zergak ordaintzen badituzte, hiru urterako egoitza baimena lor dezakete. «Ez da herritartasuna, ez eta betirako gelditzeko eskubidea edo estatubatuarrek dituzten onurak jasotzekoa ere», nabarmendu du Obamak. «Hori Kongresuak bakarrik egin dezake. Esaten ari garena da ez ditugula deportatuko».

Lehendik ere indarrean zen antzeko formula bat AEBetan ikasten eta lanean ari direnentzat; baina guztiei eskatzen zieten, izena ematean, isun bat eta legez kanpo bizitako urte bakoitzari zegozkion zergak ordaintzea. Oraingoak epe are laburragoko espektatibak dakartza migratzaile horientzat: bi urte igarotakoan deportatu nahi badituzte, administrazioak askoz errazago izan dezake haien berri. Mexikoko La Jornada egunkariak ere ohartarazi du: «Euren burua 'erregularizatzeko' modu hau ez da oso erakargarria urte edo hamarkada luzez paperik gabe bizitzea lortu duten askorentzat».

Bereizketa argia egin du AEBetako presidenteak: arau berriekin, etorkin onek —merezi dutenek— geratzeko aukera gehiago izango dituzte, aldi baterako behinik behin; txarrentzat, deportazioak errazteko neurriak dakartza Obamaren dekretuak. Iaz kongresuko diputatu errepublikano batzuekin lortutako akordioaren ondorioz, erreforma partzial bat jarri zuen martxan Washingtonek: ordutik, bikoiztu egin dituzte Mexikorako muga zaintzen duten patruilak. «Inoiz baino giza baliabide eta teknologia gehiago dauzkagu hegoaldeko mugan segurtasuna indartzeko», azaldu du, harro, Obamak: «Agiririk gabeko langileek gure arauak hautsi zituzten, eta erantzukizuna eskatu behar zaie; batez ere, arriskutsuak izan badaitezke. Horregatik, sei urteotan %80 igo dira gaizkileen deportazioak, eta arlo horri arreta berezia ematen jarraituko dugu. Gaizkileak kanporatuko ditugu, eta ez familiak; kriminalak, ez haurrak; talde antolatuetako kideak, ez seme-alabak elikatzeko lanean ari diren amak. Batzuk besteen aurretik lehenetsiko ditugu, gure segurtasun sistemak orain arte egin izan duen bezalaxe».

Dekretuz dekretu, 2016ra

Nahikoa kostatu zaio Obamari immigrazio sisteman aldaketa txikiena ere onartzea: Alderdi Errepublikanoak ez dio garaipenik oparitu nahi haren gobernuari, are gutxiago orain, Kongresua menderatuta daukatenean. Errepublikanoen sektore eskuindarrenak botere gehiegikeria egotzi dio Obamari: proposatu dituen gisako neurriak soilik diputatuen onespenarekin jarri ei litezke indarrean — adibidez, Alderdi Errepublikanoak salaketa jarri zuen atzo Osasun eta Altxor idazkarien aurka, osasun erreforman gobernuak botere gehiegikeria egin zuelakoan—.

Horregatik, bere erabakia justifikatzeko kanpaina bat abiatu du Etxe Zuriak. Atzo bertan jendaurreko agerraldi bat egin zuen Obamak Las Vegasen, Latinoamerikako herritarren botoak pisu berezia duen hirian. Urte luzez legez kanpo bizi arren hirugarren lizentziatura amaitzen ari den gazte baten alboan agertu zen, hark immigrazio erreforma berria merezi duela azaltzeko: «Ekintza hauek legezkoak dira. Eta ez bakarrik hori: joan den mende erdian presidente errepublikano guztiek hartu dituzten erabakien gisakoak dira». Botere gehiegikeria egozten diotenei eskaera argia egin die Obamak: «Onar ezazue lege bat. Alderdien arteko akordioa lortzen dugun egunean, ez dira beharrezkoak izango neure kabuz egiten ditudan urratsak».

Egoera deserosoa da Alderdi Demokratarentzat, baina errepublikanoentzat ere gai arantzatsua da. Obamari gogor egin nahi diote, baina xenofoboegi agertu gabe; 2016ko presidentetza hauteskundeetarako kanpaina ate-joka dute, eta etorkinen botoak zaindu behar dituzte: bizkorren hazten ari den komunitatea, hain zuzen ere, latinoa da. Alderdi Errepublikanoak ez du bereziki trebe jokatu izan kolektibo horiekin: eskubide zibilen garaian erabat galdu zituen afroamerikarrak, eta duela bi urte ere krisialdi txiki bat izan zuen hispanoekin, Mitt Romney hautagai errepublikanoek iradoki zienean «euren burua deporta» zezaketela arazoa errazago konpontzeko.

Errepublikanoek Obamaren asmoari bidea itxi nahiko baliote ere, ikusteko dago nola egin lezaketen. Izan ere, Hiritartasunerako eta Immigraziorako Agentzia ez da Kongresutik finantzatzen, eskaerak egiten dituztenek ordaindutako dirutik baizik.

«Ez da amnistia bat», nabarmendu du presidenteak. «Amnistia orain daukagun immigrazio sistema da: milioika lagun, zergarik ordaindu gabe eta arauak bete gabe bizitzen; eta, bien bitartean, politikariak gaia herritarrak izutzeko eta botoak irabazteko erabiltzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna