Karla Kortazar. Mendiko txirrindularia

«Neskak eta mendiko bizikleta guztiz baztertuta gaude»

Emaitza onak eta garaipenak lortzera ohituta dago Kortazar, baina horiei buruz baino gehiago hitz egiten du mendiko bizikletan aritzen diren emakumeek jasan behar dituzten baldintza kaskarrez.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zalla
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Urte oparoak izaten ari dira azken biak Karla Kortazarrentzat (Zalla, Bizkaia, 1985). Garaipenak nonahi lortu ditu mendiko bizikletarekin, eta antzera jarraitzeko asmoa du aurrerantzean ere. Gorputz Hezkuntzako irakaslea da lanbidez, baina mendiko bizikleta du denbora-pasarako lagunik onena. Duela hamar urte erosi zuen mendiko lehen bizikleta, eta duela lau hasi zen lehiatzen. Lehiaketetako emaitzak albo batera utzita, emakume txirrindularien egoerak kezkatzen du.

Errepideko bizikletan ere ibilitakoa al zara?

Errepideko bizikleta ez dut batere gustukoa. Oso gutxitan lortzen dut benetan gozatzea, autoek estres handia eragiten baitidate. Hori dela eta, denboraldiaren hasieran edo lasterketa baten ondoren bakarrik erabiltzen dut, hankak mugitzeko. Ez dut uste inoiz lortuko dudanik errepideko bizikleta batekin lehiatzea.

Familian beste txirrindularirik ba al duzu?

Hortik datorkit niri zaletasuna. Nire lehengusu-lehengusinek bizitza osoa daramate bizikletaren gainean. Igor Merino Kortazar gaur egun Burgos BH taldean ari da, eta Eider Merino Kortazar, Movistarren. Ez dakit zenbat urte egin ditudan haien lasterketak ikusten. Haien txirrindulari ibilbide osoa jarraitu dut, eskolako lasterketetatik profesionaltasunera. Europan zehar ere mugitu nintzen haiek ikusteko. Azkenean, hainbat lasterketa ikusi ondoren, pentsatu nuen: zergatik ez dut nik probatzen? Aita eta ama ere beti oso txirrindularitza zaleak izan dira. Txikitatik Tourra ikustera joaten ginen uda guztietan, kanpadenda batekin. Eider eta Igor ere gurekin etortzen ziren.

Euskadiko Txapelketa irabazi zenuen iaz. Nolakoa izan zen?

Aurreko denboraldian Euskadiko Txapelketa eta Bizkaikoa ere irabazi nituen. Euskadikoa oso berezia izan zen, lehen aldiz irabazteagatik. Gainera, nire iloba Unax eta nire ahizpa etorri ziren ikustera. Egia esanda, lehiakide garrantzitsu bat falta zen, Olatz Odriozola, istripu bategatik ezin izan baitzen lehiatu. Horrez gain, aurkari gogorrena, Luisa Ibarrola, erori egin zen. Denboraldi oso polita egin nuen, eta amaitzeko Euskadiko Txapelketa lortzea ederra izan zen. Orain bi urte, berriz, Opena irabazi nuen.

Badirudi aurten ez duzula aurkaririk izango Opena irabazteko. Edo ez?

Aurreko urtean aurrean ibili ziren neskak aurten errepidean dabiltza, eta oso gutxitan lehiatzen gara elkarrekin. Caja Rural Kopan, ordea, aurkari gehiago ditut, eta lasterketak gogortzen ari dira; erritmo eta tentsio ikaragarriarekin jokatzen ari gara.

Emakumeekin askotan gertatzen den bezala, zuen diziplinan ere oso emakume gutxi zabiltzate zirkuituan. Zein izan daiteke arrazoi nagusia?

Galdera ona da, baina oso konplexua da erantzuteko. Txirrindularitzan bakarrik ez, edozein kiroletan, baztertuta gaude. Ez hori bakarrik, erakunde batzuek ere baztertzen gaituzte. Aurten, adibidez, Euskadiko Openean arazoak sortu dira multzoa osatzeko. Eliteko emakumeok, master 40-50-60 urte bitartekook, senior mutilekin atera beharko genuke, gu bezainbeste itzuli ematen dituztelako. Baina badirudi txirrindulari batzuei traba egiten diegula, eta pentsatu dute onena azkenak irtetea dela, juniorrak eta masterrak atera eta bi minutura. Federazioak arautegian onartu du. Kexak ipini ditut, baina ez didate kasurik egin. Batzuetan, berdintasunerako pauso bat aurrera; beste batzuetan, atzera... Borroka egiten jarraituko dut, etortzen diren neskei bidea errazteko.

Federazioak ezer egiten al du emakumeen zirkuitua bultzatzeko?

Gogorra da esatea, baina Euskadiko Federazioak ez du ezer egiten. Baina ez bakarrik neskekin, mendiko bizikleta guztiz baztertuta dago. Aurten, adibidez, ez dago mendiko bizikletako hautatzailerik. Horrek esan nahi du, oraingoz, ez garela joango Espainiako Txapelketara selekzio gisa. Pentsa ezazu nola egongo den nesken egoera mendiko bizikleta horrela baldin badago.

Zer egin daiteke?

Federazioa goitik behera berritu. Jende berria sartu behar da, neskak eta mutilak, eta gaur egungo egora aldatu. Behin baino gehiagotan saiatu naiz nire kexak aditzera ematen, baina badakizue... baloiak kanpora botatzen dituzte beti. Aurten, Bizkaiko Federazioak bere lasterketak antolatu ditu, eta Euskadiko Openetik atera da, besteek aurrerapenik egin nahi ez zutelako. Ez da normala Openean eskoletako lasterketarik ez egotea. Hori bultzatzen ez badute, nondik aterako dituzte etorkizuneko neska-mutilak? Hor dago gakoa. Federazioak umeen mendiko bizikleta lasterketak egin behar ditu, bizikletari buruzko eredu bat landu eta Eusko Jaurlaritzara eraman, eskoletan lantzeko. Gorputz Hezkuntzako irakaslea naiz, eta prest nago edozein eskolatan garatzeko. Nesken egoera aldatzeko gauza bat bakarrik eskatzen dut: gauzak errespetuz eta zentzuz egitea. Ez da hain zaila.

Zer-nolako maila dago emakumeen artean Euskal Herrian?

Mendiko bizikletan ez dago maila txarra, baina ez dago neskarik. Hala ere, bertan dabiltzanak gero Espainiako lehiaketetan lehenengo postuak lortzeko borrokan ibiltzen dira.

Bi diziplinatan aritzen zara, XCO eta CX. Zein dira ezberdintasunak?

Nabarmenena, bizikleta. Zirkuitua ere bai. Lehenengoan, bizikleta errepidean erabiltzen denaren modukoa da, baina gurpiletan takoak ditu. Zirkuitua motzagoa da. Normalean zelai batean ibiltzen gara, eta gehienez ere bihurgune bat izaten dugu.

Zer ematen dizu mendiko bizikletak?

Lasaitasuna eta askatasuna. Zer gehiago eska daiteke?

Zenbat lasterketa egingo dituzu aurten?

Ez ditut zenbatu, baina gutxi gorabehera, 20 inguru edo gehiago.

Nola uztartzen duzu lana eta kirola?

Aurten ordutegi berezia dudanez, arratsaldez atera naiteke. Baina urte arrunt batean, ordua aldatu arte, ezinezkoa da ateratzea. Oso gogorra egiten zait beti lanetik korrika ateratzea bizikletan ordu pare bat ibiltzeko. Askotan, laneko nekeak oso nekatuta uzten nau, baina bizikletan izerdi asko atera eta gero, bizitza aldatzen da [barreak].

Caja Rural Kopan ere azken lasterketa irabazi zenuen. Emaitzekin pozik al zaude?

Bai, pozik nago, baina errendimendua hobetu behar dut. Sufritzen ikasi behar dut.

Zein gomendio emango zenioke mendiko bizikletan hasi nahi duen norbaiti?

Txirrindularitza maite duen norbaitekin elkartzeko eta gozatzeko. Besteak bizikleta maite badu, zuk berdin amaituko duzu, ezta? Hobe da ezagun batekin hastea, eta, gero, apurka-apurka taldeka ibiltzea.

Astean zenbat egunetan entrenatzen zara? Nolako entrenamenduak izaten dira?

Saiatzen naiz bi egunetan irteten. Hirutan lortzen badut, gehiegizkoa izaten da [barreak]. Kontuan izan behar dugu aurten ez dugula aste oso bat izan euririk gabe, etaoso zaila izan da egun bakar batean ere ateratzea. Beldurra diot bustitzeari. Behin edo bitan busti naiteke, baina hirutan jada ez. Neguan hiru aste jarraian pasatu ditut soilik arrabola egiten, egunero euria eta elurra egin zuelako.

Lehiatzea gustuko al duzu?

Gaur egun esango nizuke baietz. Hasi nintzenean ez. Ez nekien lehiatzen, ez sufritzen, ez denak emanda joaten... Jarraitzen dut nire okerrak zuzentzen, hor dagoelako nire aurrerapena.

Lesio larririk izan al duzu?

Mendiko bizikletan lehiatzen hasi baino lehen, orain dela lau urte, urtebete pasatu nuen kirola egin gabe. Izugarrizko bizkarreko mina izaten nuen, ezin nuen gorputza tolestu, tente joan beharra izaten nuen. Hor hasi ziren nire bizkarreko eta ziatika arazoak.

Bizikleta gainean beldurrik sentitu izan al duzu inoiz?

Ezetz esango banizu, gezurretan ariko nintzateke.

Oso kirol garestia al da?

Oso garestia. Nire kasuan, gainera, bi aldiz garestiagoa, senarrak ere lehiatzen baitu. Gainera, mendiko bizikletan pieza asko apurtzen edo gastatzen dira lokatza dela eta. Nahi duzun guztia gasta dezakezu bizikleta batean, muga norberak jarri behar du. Pentsa, 10.000 euro arte gasta dezakezu. Arroparekin, gauza bera. Arropa ona nahi baduzu, dirua ordaindu behar duzu: kaskoa 250 euro, oinetakoak 200 euro, betaurrekoak 150 euro, maillota 60 euro, kulot luzea 150 euro, wind-stopperra 180 euro... Denera mila euro inguru.

Ba al duzu babeslerik?

Aurten bai, Baskonia Sport, Barakaldoko [Bizkaia] bizikleta denda bat.

Zein dira zure gaitasunak?

Irmotasuna eta jarraikitasuna. Horri gozatzea gehitzen badiozu, bikain.

Zertan hobetu behar duzu?

Gauza askotan. Oraingoz ez dut nire muga ezagutu, nahiko erregulatu zalea naizelako, eta hori ez da ona XCO diziplina egiteko. Senarrak beti esaten dit hitz egiteko gai ez naizela iritsi behar dudala helmugara, dena ematen ikasi behar dudala.

Askok esaten dute lasterketak maldan behera irabazten direla.

Bai, argi eta garbi. Aurten gertatu zait horixe. Caja Rural Kopan, Faltzesen [Nafarroa], lehenengo postuan egin nuen ia lasterketa osoa, baina helmugaratzeko 300 metro falta zirela, bigarren postuan zetorren neskak, maldan behera, harriz beteriko leku estu batean, aurreratu egin ninduen, ez dakit nondik. Gainera, master bat erori zitzaidan, eta lasterketa galdu nuen. Askotan gehiegi balaztatzen dut.

Zer da zirkuitutik gehien gustatzen zaizuna?

Nahiko ondo moldatzen naiz igoeratan, gehienbat luzeak eta suabeak direnean.

Eta gutxien?

Aldapa motzak eta gogorrak. Horietan ikaragarri sufritzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.