Arrakasta josten, Getariatik Parisera

Besteen menera lan egiteari utzi, eta bere tailerra zabaldu zuen Cristobal Balentziaga diseinatzaileak, 1917an. Ehun urte dira ordutik, eta 80, berriz, Parisera lekualdatu eta lantegia han ezarri zuenetik.

Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Diseinurako eta joskintzarako gaitasunak txikitatik garatu zituen Cristobal Balentziaga jostunak. Hala ere, haren hastapenei historikoki garrantzia kendu izan zaiela uste du Miren Arzalluz historialariak. Haren inguruko informazio gehiena aspaldikoa eta atzerritik jasotakoa izateak horretan eragina izan duelakoan dago. «Gutxi gorabehera, esaten zuten Parisera joan zela bere jaioterrian ez zuelako inongo aukerarik lanbidea garatzeko eta berak nahi zuen mailan lan egiteko». Bertsio hori ez zen oso sinesgarria Arzalluzentzat; batetik, urte haietan Gipuzkoako kostaldean izaten ari zen aristokraziaren eta burgesiaren turismo gorakadarengatik; eta, bestetik, Parisera 42 urte zituela iritsi zelako, adin aski handian, ordurako. Horrek eraman zuen Arzalluz, hein batean, 2004an Balentziagaren inguruko ikerketan buru-belarri jartzera eta, handik sei urtera, Kristobal Balenziaga. Maisuaren eratzea (1895-1936) liburua kaleratzera; hala, agerian utzi zuen maisuamaisu zela Parisera iritsi aurretik ere. «Nola zitekeen 42 urteko gizon heldu batek izugarrizko arrakasta lortzea, aurretik ezer egin gabe?», galdetu du Arzalluzek.

Ogibidera Martina Eizagirre amak gerturatu zuen, Arzalluzek dioenez; joskintza eskolak ematen baitzituen hark Getarian (Gipuzkoa). Norbanakoen mandatuak ere jasotzen zituen, eta horien artean ziren Casa Torresko markes-markesak: Cesareo Aragon y Barroeta Aldamar eta Blanca Carrillo de Albornoz y Elio. Familia aberatsekoak ziren biak, eta Getarian zuten etxera sarri joaten ziren, Madrilen bizi baziren ere. Bigarrenarekin izandako topaketa askotan aipatu izan da, jostunari buruz aritzean. Markesaren jantziekin liluratuta, Balentziagak baimena eskatu omen zion etxean zituen soinekoak ikusteko. Hark onartu, eta, bere soinekoetako bat kopiatzen ere utzi omen zion.

Burgesiaren eta aristokraziaren munduak Balentziagaren ondorengo jostun ibilbidean izan zuen eragina ez du ukatzen Arzalluzek, baina joskintzarekin eta modarekin bere lehen lotura amaren bitartez egin zuela uste du. Horretan ados da Igor Uria Balentziaga museoko bilduma arduraduna. Balentziagaren josteko gaitasun goiztiarra ikusirik, hori desbideratzeko interesak ere izan ziren, Uriak dioenez: «Gizonezkoen joskintzarantz bideratu nahi izan zuten, garai hartan gizon batek emakumeen jantziak egitea ez baitzen ondo ikusia».

Herritik hirira

Artean nerabe zela, ofizioa ikastera Donostiara joan zen Balentziaga. Belle époque garaia zen Gipuzkoako hiriburuan: turismoaren gorakada, gizarteko klase desberdinen arteko nahastea, aldaketa eta erreferentzia kultural berrien agerpena... Klase altuko turismoak moda eraman zuen berarekin. Uriak azaldu duenez, «kontuan izan behar da, Balentziaga lanbidea ikasten ari zen momentu hartan, Donostia bere garai onean sartzen ari zela, modari dagokionez. Hiria handitzen ari zen, eta Frantzia aldetik zetozen eraginak nabariak ziren. Jostundegi eta denda asko zabaldu ziren». Hala gehitu du Arzalluzek: «Guk orain ezin dugu imajinatu ere egin Parisko modak garai hartan zuen garrantzia, bai Donostian, bai Miarritzen».

Hainbat jostundegitan ofizioa ikasten ibili eta gero, 1917an, bere negozio propioa zabaldu zuen Donostiako Bergara kalean, C. Balenciaga izenpean. Agustina arreba izan zuen bidelagun. Urte bat pasatuta, Picasso ahizpen—Benita Lizasoren eta Daniela Lizasoren— babes ekonomikoa jaso zuen, eta Balenciaga y Compañia izena hartu zuen dendak. 1924ra arte iraun zuen. Une horretatik aurrera, Donostiako Askatasunaren hiribidean egonkortu zen, laguntza bakarra familiatik zetorkiona zuela.

Garai hartan, eta baita lehenagotik ere, Balentziagak ohikoak zituen Pariserako, modaren hirirako joan-etorriak. Urtean bitan, behintzat, joaten zen, bilduma berriak aurkezten zituztenean. Parisko diseinatzaileen modeloak erosi eta birsortu egiten zituen. «Legala zen; modelo bat erosi, eta modelo hori errepikatzeko kopuru bat ordaintzen zen», esan du Arzalluzek. Prozesu bat jarraitu zuela uste du historialariak; beste diseinatzaileen modeloak birsortzetik hasi, eta bere modelo propioak egiteraino. Uriak uste du Balentziagak Donostiako Au Louvre dendan (Parisko Les Grands Magasins Du Louvre saltokiaren frankizian) lanean ari zen bitartean egin zituela Pariserako lehen bidaiak: «Parisera bidaltzen zuten egun batzuetarako. Gero, Donostian modelo horiek errepikatzen zituen. Jeanne Lanvinen lau modelo, esaterako, 1918an Balenciaga etxean eros zitezkeen, diseinatzailearen beraren baimenarekin».

1920ko hamarkadan, Primo de Riveraren diktadurapean, Donostiako udatiar aberatsek aldatu egin behar izan zuten euren aisialdi eredua, entretenimenduari eta jokoari mugak jarri zizkietela eta. Batzuek hiria utzi zuten, eta horrek guztiak eragina izan zuen, nola Donostiako modan, hala Balentziagarengan. Leial mantendu zitzaizkion bezero asko, hala ere. Erosle gehiago erakarri eta bere negozioa hedatzeko asmoz, bigarren jantzi denda ireki zuen 1927an, Eisa Costura izenarekin—Eizagirre bere amaren abizenaren laburdurari zegokion—.

1936ko gerra lehertzearekin, Parisera joan beharrean aurkitu zen Balentziaga. Hori gertatu zenerako, jostuna jada «fase espantsibo» batean zegoela uste du Arzalluzek, eta, lehenago edo geroago, Frantziako hiriburuan amaituko zuela aurreikus zitekeela: «Bere negozioa hedatzeko asmoa zuen, eta gauzatzen hasia zen; 1933an Madrilen denda bat ireki zuen, eta 1935ean beste bat, Bartzelonan. Nik uste dut gerra zibilak behartu zuela Parisera joateko erabakia lehenago hartzera». Uriaren aburuz, «nazioarteko arrakasta» lortu zuen Balentziagak Parisen, ordura arte izan zuenarekiko desberdina.

Jostuna, batez ere

«Oso perfekzionista zen, eta ikasi zuen lehenengo gauza jostea izan zen. Gero, sastrea izan zen, eta horrek asko markatu zuen», dio Arzalluzek, Balentziagari buruz. Jostungintzako jakintzak moda diseinuan aplikatu zituela azaldu du, eta horregatik zela, besteak beste, hain miretsia orduko diseinatzaileen artean. Berezitasun hori nabarmendu omen zion Coco Chanel diseinatzaileak ere: «Chanelek esaten zuen beste guztiak diseinatzaileak baino ez zirela, edo estilistak edo dena delakoa. Baina Balentziagak dena egiten zekien; pieza bat egiten zuen hasieratik bukaeraraino». Uriaren arabera, diseinuaren fase guztiak pertsona bakarrak egitea ez zen oso ohikoa: «Balentziaga zen, garai hartan, dena egin zezakeen bakarretakoa: forma eman, moztu eta josi; hasi eta bukatu».

Joskintza bere ibilbide osoan izan zen garrantzitsua, Arzalluzek dioenez: «Estrukturari sekulako garrantzia ematen zion, eta apaindurari ez hainbestekoa. Horregatik da joskintza hain garrantzitsua bere lanean, gorputzari arreta handiagoa jartzen diolako bestelako apaindurei baino». 1920ko hamarkadan, «mila tabu hautsi ziren» modan, historialariak zehaztu duenez, eta «emakumearen gorputza liberatzea» ekarri zuen horrek. Lehenengo pertsonan bizi izan zuen aldaketa hori diseinatzaileak, eta bere lanera eraman. «Edertasuna azpimarratuz, emakumea goraipatu egiten zuen, silueta ederrak eginez», dio Uriak. II. Mundu Gerraren ostean, emakumearen gorputzaren liberalizazio horrek berriro atzera egin zuen, Arzalluzek dioenez. Gainerakoena bezala, horrek Balentziagaren lana moldatzera eraman zuen arren, 1920ko hamarkadako «liberazio horren espirituari» heldu ziola uste du, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan.

Uriak dioenez, «koherentzia» mantendu zuen bere ibilbide osoan, aldaketa txikiak gorabehera. Bi adituek nabarmendu dutenez, izaera xumekoa zen, eta, batez ere, langilea. Horrek mitoak zabaldu zituen bere inguruan, Arzalluzek dioenez, sarritan «bere izaera ulertzeko klabe kulturalak» kontuan hartu gabe. Lanerako «obsesio puntu bat» zuen. Parisko luxuzko jaien eta hedabideen oihartzunaren aurrean puzten ez zen horietakoa zen. Uriak dioenez, «Balentziagak esaten zuenez, jendeak bere modeloak ezagutu behar zituen, eta ez bera, pertsona bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.