ATZEKOZ AURRERA. Lorea Atxa. Baztandarren Biltzarraren antolatzailea

«Uholdeen ondoren, jendeak behar du halako besta bat»

Baztandarren 51. Biltzarra egingo dute igandean, Elizondon, baztandarrak batzeko helburuz. Uholdeek kalte eginiko bailara festa giroan murgiltzeko aitzakia izango da eguna.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Urak hartu zuen Elizondoko herria iragan astean (Nafarroa): uholdeek kalte handiak sortu zituzten. Askok uste zuten Baztandarren Biltzarra bertan behera geratuko zela. Baina ez. 51. biltzarrarekin aurrera jarraitu dute antolatzaileek, bailarako hamabost herriak festa giroan elkartzeko. Orga lehiaketa, herri bazkaria, dantzaldia... Denetarik prestatu dute. Lorea Atxa da antolatzaileetako bat (Elizondo, 1984), eta jada eguna hasteko irrikaz dago.

Uholdeak izanda ere, festarekin aurrera jarraitu duzue.

Egin behar izan genuen balorazioa, baina nahiko argi ikusten genuen eginen zela. Elizondon, Erratzun eta Elbeten izan den auzolanaren ostean, uholdeen ondoren, uste dugu jendeak behar duela halako besta bat. Uholdeen ondorioa izan zen baztandarren beste biltzar bat kasik; herritarrak etorri ziren laguntzeko, etxetik hartuta isatsa eta pala. Hunkigarria izan zen. Bestarekin jarraitzea ona da bailararentzat.

Baztandarren Biltzarraren antolatzaileei nola eragin dizuete uholdeek?

Egoitzan eta biltegian ura sartu zen, baina, auzolanari esker, bi egunez garbitu dugu. Dena den, hori ez da izan okerrena. Tonbola bat muntatuz ateratzen dugu dirua, baina uholdeek eraman dute pila bat txartel. Lehenbiziko gastuei aurre egiteko, zailtasun handia izanen dugu. Hori dela eta, eskertuko dugu jendea bestara etortzea.

Ezagutzen ez duen bati nola azalduko zenioke zer den Baztandarren Biltzarra?

Bailarako hamabost herriak elkartzen garen besta da, arras polita dena. Folklorea eta kultura anitz lantzen ditu, gainera. Bestarako herri bakoitzak orga bat egiten du, bertako pasadizoak oinarri hartuta. Eta beste inon aurkituko ezin den orga desfilea egiten dugu! Giro paregabea egoten da.

Zein da festaren helburua?

Gure leloa da Baztanen eskuara barra-barra. Helburua da, beraz, inguru honetan euskaraz solastatzea. Hasmentatik lortu nahi dugun zerbait da, eta anitz hobetu da.

Egun bakarreko festa bada ere, aspaldi hasi zineten prestatzen.

Urtarrilean elkartzen gara, eta orduan erabakitzen dugu Baztandarren Biltzarra behar den edo ez. Harremanak egiten hasten gara, ekinaldiak prestatzen, diru laguntzak eskatzen...

51. biltzarra da aurtengoa: berrikuntzarik bai?

Udaletxean, Espainiako bandera inposatu digute, eta ez dugu, ohi bezala, han bukatuko desfilea; kultur etxean amaituko dugu.

Urtero omentzen duzue norbait; aurten, eskolak omendu dituzue. Zergatik?

Herriari bizia ematen diotelako eta euskara bultzatzen dutelako; baita Baztandarren Biltzarrarekin inplikatzen direlako ere.

Orga lehiaketa da ekitaldi garrantzitsuena. Zein gai aterako dira aurten?

Uholdeena, seguru. Bertzalde, herri bakoitzak tokiko istorioak ditu: pasarteak, aldarrikapenak...

Gai gatazkatsu bat ere bada: mutil dantza. Zuek dantzaldi mistoa antolatzen duzue.

Guk, antolakuntza taldekook, berdintasunaren aldekoa antolatzen dugu, mistoa. Hori dago egitarau ofizialean. Badago herritar talde bat herriko bertze toki batean soilik mutilentzakoa egiten duena... Dena den, inguruko herrietan, jendea dantza irekia izatearen alde dago.

Mende erdi baino gehiago, eta festa bizi-bizi dago oraindik ere. Zein da sekretua?

Sortzen den giroa; baztandarrontzat da egun sakratua. Egun horretan denok gaude harro. Kanpokoei desfilea gustatzen zaie. Horrez gain, denen besta bat da: haurrak hor daude, gurasoak, helduak, gazteak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.