ATZEKOZ AURRERA. Txiki Agirre, 'Keixeta'. Artista

«Jende bati ahora eman behar zaio artea»

Paper, buztin eta zeramikarekin hartu-eman bizia du Keixetak: «Eurek esaten didate noraino landu behar ditudan». Publikoarekin duen harremana hobetzeko merkaturatu ditu lanak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Zarautz
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Jendea galerietara sartu baino gehiago horien paretik igaro egiten dela iritzita sortu dute Artea Merkatuan egitasmoa Zarautzen, Gipuzkoan. Txiki Agirre Keixeta (Arroabea, Zestoa, Gipuzkoa, 1963), haren sustatzaile ez ezik, erakusketa jarri duen lehenengo artista ere bada. Merkatura saltzera joaten direnek egiten duten moduan, egunero bertan izango dela dio. Abuztuaren 17ra arte izango da ikusgai.

Merkatu plazaren gainean jarri duzu erakusketa. Arteak eta barazkiek uste baino lotura estuagoa dute?

Bisitatzera joandako herriak eta herritarren ohiturak ezagutzeko modurik egokiena merkatura bisita bat eginda izaten dela uste dut. Zenbait museo garrantzitsu baino inportanteagoak iruditzen zaizkit merkatuak, bertan egoten den mugimenduagatik. Merkatura erostera oso gutxitan joaten naiz, baina gustatzen zait daukaten estetika, erakusgai dituzten barazkien koloreak, arrainen tamainak... herri baten ezaugarrien erakusle dira. Begirada azkar bat egiteko gustatzen zait merkatuetara joatea. Bi ezaugarri horiek uztartuta pentsatu genuen ekimena sortzea.

Merkatuaren estetika aipatu duzu; zeri erreparatzen diozu?

Ordena eta desordena horretan, arrainen distiran... bada beste ezaugarri nabarmen bat: eskaintzen duten guztia hilda dago; barazki, haragi eta arrainak hilik saltzen dituzte. Fisikoki, oso toki biziak dira; izaten den zarata da horren erakusle.

Zarauzko merkatu plaza jende askoren pasabide izaten da, ez bakarrik erosleena. Nola erakarriko dituzu pasaran doazenak erakusketako eskailerak igo ditzaten?

Ahoz ahokoaren bidez, gehienbat. Ekarri ditudan margolanak tamaina askotakoak dira, eta handienak behetik ikusten dira; horiek erakarrita, jendea igoko da.

Jendea erakusketara baino gehiago erakusketa jendearengana gerturatuta bisitariak irabaziko ditu arteak?

Galerietara edo museotara joateko ohitura galtzen ari da, eta iruditzen zait jende bati ahora eman behar zaiola artea, ohitura sartu arte, behinik behin. Hori lortutakoan edonor joango da galerietara.

Azken bost urteetako lana bildu duzu erakusketan; nolako bilakaera izan duzu?

Eboluzio konstante batean ari gara, beti esperimentatzen: materialak esaten digunaren, buruak esaten digunaren eta gertaerek —bai pertsonalek, baita sozialek ere— esaten digutenaren arabera. Obra hauek guztiak banaka badute zeresan bat, baina desberdin batenak direla ere ematen du. Ibilbidea egin ondoren, ikusleak ikusiko du artistak pausoak nondik nora eman dituen, nola egin dituen harreman horiek. Orain dela hiru hilabete egindako lanak dira erakusketako berrienak.

Azokak urteko lanaren erakusle dituzue artistek, baserritarrek bezala.

Biek leku jakin batean lan egiten dute, baserrian batek, estudioan besteak. Baina produktua publikoari eskaintzen diotenean, haiekin harremana sortzen dute. Produktua lantzeko garaian izan dituzten zailtasun edo baldintzak azalduko dizkiote jendeari. Ni, haien gisan, hemen izango naiz egunero, datorrenari azalpenak emateko.

Materialen aginduetara aritzen zarela esan izan duzu. Oraindik hala da?

Materiala niretzat bitartekaria da. Paperarekin, adibidez, esperimentatu egiten dut, eta iristen da momentu bat esperientziak edo jakinduriak mugitzeko aukera ematen dizuna. Eskuak buruaren agindua betetzen du, baina materialak ere esaten du zu noraino iristea nahi duen. Nik ehuneko zati batean materialari erabakitzen uzten diot, eta akordio bat lortzen dugu.

Haurren lana asko miresten duzu. Zergatik?

Denborarekin sentitzen duzu muga asko egoten direla, eta hainbeste presio izaten dugu batzuetan, ez dugu nahi duguna egiten. Haurrak libreago dira, eta miresten ditut, sortzerakoan daukaten askatasunagatik. Gero eta konszienteagoa naiz mugetatik ahalik eta gehien urrundu nahi dudala, eta ari naiz lortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.