ZELEDONEN ITZALEAN

Euskarak ez du jai hartu

Done Mikel eliza ondoko Aihotz plaza euskararen arnasgune da Gasteizko jaietan. Geu euskara elkarteak kudeatzen du gunea, eta egun osoan dago kultur ekitaldiez gozatzeko aukera, plazaren edertasun eta kokagune apartak lagunduta. Bertsoak eta gaueko kontzertuak dira eskaintzarik tentagarrienak.

Jon Maia, Eneritz Zabaleta, Irati Anda eta Jagoba Apaolaza bertsolariak, atzo Aihotz plazan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Euskarak badu tokirik Gasteizko jaietan, Andre Maria Zuriaren plazatik eskailera gutxi batzuk igota, gainera. Kultur kutsua dauka plazak, berez; bertan, idiek tiratutako lauzpabost harritzar baitaude harlauza zaharren gainean, garai batean idi probak egiten ziren lekuko. Egun, plaza ixten duten harresiek mantendutako kultur usain hori arnas daiteke jaietan, alboka doinuek lagunduta.

Geu euskara elkarteak kudeatzen du gunea, hirugarren urtez. Udalak blusa eta nesken kuadrillei uzten die plaza, eta haiek euskararen aldeko ekitaldiei lekua egiten diete, eta euskara elkarteari alokatu. Naroa Cuesta elkarteko kidearen esanetan, «duela hiru urte, udalak kudeatutako euskal gunea zen, baina ez zuen euskarazko zerbitzurik ematen». Orain, aldiz, 200 boluntario baino gehiagok eramaten dute aurrera plazaren atzealdean daukaten txosna. Zeledonen jaitsiera baino lehen ireki zuten gunea, hilaren 2an, eta euskarak jaietan «behar duen tokia izatea» da antolatzaileen helburua, Cuestak dioenez.

Eguraldia lagun, orain arteko balorazioa ona da, txosnak duen martxa onagatik, eta euskarak duen presentzia handiagatik. Jendeak eskertu egiten du, gainera, Geu elkarteak antolaturiko eskaintza zabala: «Oso giro ona egoten da, eta leku ederra da. Urtero gatoz musika eta bertsolariak entzutera», adierazi du Maria Cauchok, albokari begirik kentzen ez dion bitartean.

Bertsoak eta kontzertuak

Egunero, 12:30ean igotzen dira lehen artistak oholtza gainera. Folk musika taldeak dira; atzo, euskal doinuak, Galesko eta Irlandako doinuekin nahastu zituzten, albokaren doinuek gidatuta. Ez zen hor bukatu, baina, kulturen arteko lotura. Ordubete geroago hasi ziren bertsolariak, eta Javier Maroto alkatearen hitz «arrazistak» kritikatu zituzten, edozein jatorri zein kulturatako etorkinei elkartasuna adieraziz. Lan handia izan zuten atzo bertsolariek labe bihurtu zen plazako bero sargoria jasaten; baina, beste behin ere, oso ondo aritu ziren, nahiz eta Jagoba Apaolaza Gasteizko bertsolariak onenean ez zegoela onartu: «Atzo txintxo ibili nintzen, baina nahiko lan dut asteleheneko ajeari eusten».

Jon Maia, Eneritz Zabaleta, Irati Anda eta Jagoba Apaolaza aritu ziren atzo oholtza gainean, herenegungo Andoni Egañaren eta Amets Arzallusen saio arrakastatsuaren ondotik. Gaur hirugarren bertso saioa egingo dute, Oihane Perea, Etxahun Lekue, Ander Solozabal eta Unai Iturriaga bertsolariak igoko dira taula gainera.

Arratsaldean dantzak hartzen du plazako oholtza, eta gauean, kontzertuek. Arrakasta itzela izan zuen asteartean Anne Etxegoienek eskainitako emanaldiak, eta, atzo, Hesian taldea ere bikain aritu zen. Gaur Zea Mays taldeak joko du, eta seguru aurrekoek bezainbeste jende bilduko duela. Gaueko ordu txikitan ere badago zer ikusi eta zer egin: parrandazale handienentzako euskaraokea baitago, lotsa galtzeko ekitaldirik hoberena.

Euskara, beraz, ez da Aihotz plazako oholtzatik jaitsiko jaietan; plazara, dantzara jalgi da euskara bertan, Gasteiz osora noiz zabalduko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.