ATZEKOZ AURRERA. Onintze Salazar. Euskalmeteko meteorologoa

«Eguraldi iragarpenekin ezin da jende guztia pozik utzi»

Badirudi uda amaieran heldu direla eguraldi ona eta beroa. Uda hau ohikoa baino freskoagoa eta euritsuagoa izan bada ere, egoera normala dela dio Onintze Salazar meteorologoak.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, eguneroko hizketagai nagusietako bat da eguraldia. Uda honetan, ordea, ohi baino zeresan handiagoa ari da ematen, oro har ez delako uda giro handirik izan Euskal Herrian. Onintze SalazarEuskalmeteko meteorologoak (Bilbo, 1971) dioenez, egia da aurtengo uda «euritsua eta freskoa» izan dela, baina erabateko uda eguzkitsua izatea zaila dela dio.

Nola definituko zenuke uda hau?

Egia da uda hau ohikoa dena baino freskoagoa eta euritsuagoa izaten ari dela, baina lekuaren arabera aldeak nabarmenak dira. Gipuzkoa barnealdean euri asko egin du, baina mendebalderago eta hegoalderago joanda, ordea, gutxiago bota du. Bestalde, egun askotan zerua lainotuta egon denez, ia egunero izan dira prezipitazioak. Hain zuzen, horrek sortu du uda hau euritsuagoa izan delako sentipena.

Uda hau hainbat fenomeno meteorologikok markatu dute: uztail hasierako uholdeak, abuztu erdialdeko ekaitzak... normalak al dira halako bortitzaldiak?

Uda parteko euri mota ekaitz gisakoa izan ohi da. Penintsula erdialdean beroa pilatu ohi da, eta goi geruzetan aire hotza sartzean, bi aire masa horien arteko talkak ezegonkortasuna sortzen du; horregatik sortzen dira trumoi ekaitzak. Dena den, uda hau ez da oso trumoitsua izaten ari. Hala ere, izandako ekaitz gehienak txingor ekaitzak izan dira, eta horiek ohikoak dira udan.

Tenperatura aldetik ere ez dira egun bero asko izan.

Uda hau ohi baino freskoagoa izaten ari bada ere, uztaileko batez besteko tenperatura normala izan da; lehen hamabostaldian tenperatura freskoak izan ziren, baina bigarrengoan, aldiz, giro beroa nagusitu zen. Hain zuzen, uztailaren 17a izan da oraingoz aurtengo egunik beroena; Dena den, abuztuko azken astea ere beroa izaten ari da; hortaz, baliteke egun hauetan oraindik tenperatura altuagoak izatea.

Jende asko kexatzen al zaizue eguraldia dela eta?

Eguraldi iragarpenekin ezin da jende guztia pozik utzi. Ez da ahaztu behar Kantauri isurialdean udak ez direla beroak eta eguzkitsuak. Ipar partean antizikloia suabe sartzean, berarekin ipar haizea ekarri ohi du;horregatik egon ohi da zerua lainotuta nahiz eta euririk ez egin. Bestalde, barnealdean eguraldi eguzkitsuagoa izan ohi bada ere, ekaitzak bortitzagoak dira. Jendeak erabateko eguraldi eguzkitsua eskatzen du, baina hori ez da egokitzen hemengo klima ezaugarriekin.

Klima aldaketaz asko hitz egiten da. «Gehiegizko alarma» dela iruditzen al zaizu?

Gaiaren inguruan kontzientziatu beharra dago; adibidez, frogatuta dago planetako tenperatura igotzen ari dela, eta, beraz, hori kontrolatzeko neurriak hartu behar dira. Dena den, urtaro batean dagokion eguraldia egin ez badu, zuzenean klima aldaketarekin lotzeko joera dago, eta, kasu horretan, tokian tokiko klimaren bilakaera aztertu behar da lehenik, klima aldaketarekin lotu baino lehen.

Esaten da klima aldaketagatik hemendik urte batzuetara euskal kostaldeko leku batzuk desagertu egingo direla.

Helburua jendea gehiago kontzientziaraztea izango da, baina ni ez naiz halako aurreikuspenak egitera ausartzen. Batzuk zuzenak badira ere, asko ez dira fidagarriak. Uste dut oraindik goizegi dela klima aldaketak nolako eragina izango lukeen esateko.

Nola egiten dituzue egunerokoiragarpenak?

Lehenik, momentuko egoeraren argazkia egiten dugu, horretarako informazioa jasotzeko tresnak erabilita: Meteosat satelitearen irudiak, Kapilduiko [Araba] radarrak ematen dizkigun prezipitazio datuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko leku estrategikoetan kokatutako 100 estazioetatik jasotzen ditugun datuak. Bestalde, aurreikuspenak egiteko isobara mapen eta altuera ezberdinetako airearen neurketak ere egiten ditugu. Azkenik, normalean hemengo eguraldi joerak ere aintzat hartzen ditugu.

Nola zabaltzen dituzue iragarpenak?

Egoera larriak abisuekin zabaltzen ditugu, baina batez ere webgunea, sare sozialak (bereziki Twitter) eta prentsa oharrak erabiltzen ditugu. Guk geuk datu guztiei unean-unean erreparatzen diegu.

Zer aurreikuspen egiten duzue udazkenera begira?

Guk ez dugu epe luzerako iragarpenik egiten, zientzia adar oraindik gaztea delako eta iragarpen horietako asko oraindik fidagarriak ez direlako. Zientifikoki, hurrengo eguneko eguraldiaren iragarpena asmatzeko aukera %80 ingurukoa izan ohi da; eta urtaro oso bateko eguraldia asmatzeko aukera, berriz, %50ekoa baino txikiagoa litzateke.Gure aldetik, engainagarria litzateke informazio hori jendeari ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.