ATZEKOZ AURRERA. Carlos Larrinaga. UNEDeko irakaslea

«Sistema ekonomiko oso bat sortu zuten bainuetxeek»

XVIII. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera artean bainuetxeek Gipuzkoan izan zuten pisu ekonomikoa aztertu eta ondorioak liburu batean argitaratu berri ditu Larrinagak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Carlos Larrinaga BergarakoUNEDeko irakasleak (Donostia, 1967) Balnearios guipuzcoanos, 1776-1901. Turismo de salud e inversión de capital en aguas minerales liburua argitaratu du (Gipuzkoako bainuetxeak, 1776-1901. Osasun turismoa eta kapitalaren inbertsioa ur termaletan). Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak argitaratu du lana, taldearen 250. urteurrena aitzakia hartuta.

Zerk bultzatu zaitu lan hau egitera?

Denbora dezente daramat Euskal Herriko modernizazio ekonomikoa lantzen, Gipuzkoakoa batez ere. Modernizazio hori beti lotu izan da XIX. mendeko industrializazioarekin, baina nire asmoa da azaltzea industrializazioaren beste alderdi bat tertzializazioa izan zela. Eta, horren barruan, osasun eta ongizateko turismoak presentzia izan zuen zerbitzuen eskarian. Turismo partikularra zen, nahiko elitista, eta, osasunarekin lotuta egon arren, guztiak ez ziren sendatzeko joaten.

Turismo elitista zela diozu, baina gaur egun orokortuta dago turismo mota hori, ezta?

Noski, baina nik ikertu dudan denbora tartean hala zen. Eliteek soilik egiten zuten turismo mota bat zen, horiek soilik baitzuten nahiko denbora eta diru. Ez denak, baina gehienak gaixotasunen batetik osatzeko joaten ziren, eta zenbait aste edo, are, hilabete bat edo bi pasatzen zituzten bainuetxeetan.

Zergatik etortzen ziren Gipuzkoara?

Gipuzkoa zen metro koadroko ur gehien zuen lurraldea. Eta, gainera, klimak ere zerikusia zuela dirudi. Bero handiko lekuetan bizi zen jendearentzat erakargarria zen Euskal Herriko klima: ekain eta irail artean joaten ziren bainuetxeetara, euren jatorriko beroa albo batera uzteko. Eskaintza ere handia zen, kontuan izanda Gipuzkoan 11 bainuetxe zeudela: zenbaitek inbertsio handiak egin zituzten.

Eta noiz aldatu zen joera?

Zenbait urte geroago gertatu zen. Portaera sozialak imitatu egiten dira; burgesiak, esaterako, nobleziak egiten zuena imitatzen zuen, eta gauza bera egiten zuen langile klaseak burgesiarekin. Sozialki, behetik gora begiratu izan da beti. Klase ertaina 1910 eta 1920 inguruan hasi zen turismo mota honekin; popularizazioa XX. mende erdialdean iritsi zen.

Zer dela eta utzi zion jendeak bainuetxeetara joateari?

Bi arrazoi daude tartean. Bata, medikuntzan izandako aurrerapenak: sendagai bat hartuta osatuko bazara, eraginkorragoa da hiru astez bainuetxe batera joatea baino. Bestea hondartzako turismoaren gorakada izan zen. Dibertigarriagoa eta erakargarriagoa zen Donostiako edo Zarautzeko hondartzara joatea.

Gipuzkoan Zestoakoa zen ezagunena, baina guztira 11 zeuden.

Zestoakoaz gain, bi adibide interesgarri daude. Arrasateko Santa Ageda, gaur egun ospitalea dena: oso garrantzitsua izan zen. Bertan hil zuten Canovas del Castillo, 1897an, eta geroztik bainuetxe izateari utzi zion. Altzolakoa izan zen bestea, Elgoibar eta Mendaro artekoa.

Konpetentzia handia egongo zen.

Hein batean, bai. Bazeuden ur mota berberak zituztenak, eta, beraz, funtzio berberetarako izaten ziren gomendatuak. XIX. mende amaieran, gainera, zegoen eskarirako, gehiegizko eskaintza zegoen. Asko horregatik itxi ziren.

Ekonomikoki ekarpen handia egin zioten Gipuzkoari?

Oso zaila da zenbatekoa zehaztea, baina estimazio moduko bat egiten saiatu naiz, eta egindako ekarpena garrantzitsua izan zen. Historikoki indartsutzat izan ditugun sektoreek adinako emaitzak zituzten.

Egun, gutxi geldituko dira.

Gipuzkoan Zestoakoa bakarrik, eta badakit nahiko ondo dabilela.

Herri askorentzat kaltegarria izango zen bertako bainuetxea ixtea.

Hala da. Liburua aurkeztu nuenean, jende askok esan zidan bainuetxeak inguruetako baserriek hornitzen zituztela elikagaiz. Horrez gain, bainuetxeen hoteletan gelarik gelditzen ez zenean, inguruko baserri eta etxebizitzetan hartzen zuten ostatu turistek, eta bertakoek kanpora joan behar izaten zuten. Sistema ekonomiko oso bat sortu zuten bainuetxeek euren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.