Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ATZEKOZ AURRERA. Francisco Castaño. Irakaslea eta familia aholkularia

«Nahi lukeen haurra hezten du askok, duen haurra hezi ordez»

Castañok uste du seme-alabak heztea garai batean baino zailagoa dela. Hori horrela, beharrezkotzat jo du ahaleginaren, errespetuaren eta elkarlanaren balioak berreskuratzea.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko martxoak 18

Guraso izaten ikasi egiten dela dio Francisco Castaño irakasle eta familia aholkulariak (Ejea de los Caballeros, Espainia, 1966). «Beste edozein gauza bezala». Horretan laguntzeko, liburu bat egin du, Pedro Garcia Aguadorekin: Aprender a educar: evitar el mal comportamiento y el fracaso escolar (Hezten ikasi: jarrera txarrak eta eskola porrota nola saihestu). Donostian eta Bilbon aurkeztu dute liburua.

Nola ikasten dute gurasoek beren seme-alabak hezten?

Beste galdera batekin erantzungo diot horri: nola ausartzen gara seme-alabak hezten, aurretik ikasi edo prestatu gabe? Jendeak argi du informatika edo hizkuntzak ikasteko formatu egin behar dela: ikastaroak egin, eskoletara joan... Guraso izatearekin, ordea, kasu askotan ez da horrela gertatzen, eta akats handia da. Oso garrantzitsua da guraso eskoletara joatea, irakurtzea, eta batez ere behar denean laguntza eskatzea. Izan ere, askok uste dute beren kabuz moldatuko direla seme-alabek dituzten jarrera eta ikasketa arazoak konpontzeko, eta laguntza eskatzen dutenerako berandu da. Beste asko nahiko luketen haurra hezten saiatzen dira, ez daukatena.

Noiz eskatu behar da laguntza?

Seme-alabekin ezin dutela sentitzen duten lehen unean. Haurra oraindik txikia izan arren, jarrera batzuk gero etor daitekeenaren seinale dira. Ez da posible guraso batek bere 3-4 urteko umea ezin kontrolatzea. Ume hori nekez aldatuko da nerabezaroan. Horregatik da garrantzitsua txikitatik arauak eta mugak jartzea, eta umeak argi izatea, eskubideak dituen moduan, betebeharrak dituela.

Gaur egun lehen baino zailagoa da seme-alabak heztea?

Bai, gizartean balio aldaketa bat izan delako. Lehen ahalegina, errespetua eta elkarlana ziren, besteak beste, nagusi. Orain, berriz, berehalakotasuna, ahaleginik eza, eta indibidualismoa. Gaur egun gazte askori gehien kezkatzen diena da Facebooken eta Twitterren zenbat jarraitzaile dituzten. Denen artean lan egin behar dugu garai bateko balioetara bueltatzeko.

Balio aldaketa horrekin lotzen duzu eskola porrota. Zergatik?

Ahalegintzea eta hobetzeko nahia krisian dauden balioak direlako. Gaur egun, gaztetxo askok dena eginda ematea nahi dute. Lanak egiteko errazenera jotzen dute, eta ez dira ahalegintzen. Ez diete erakutsi horren garrantzia. Kontuan izan behar da eskola porrota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan agertzen dela, orduan zailtzen baitira ikasketak. Baina aurreneko zantzuak Lehen Hezkuntzan agertzen dira. Horregatik da garrantzitsua adin horietan balio horiek ezartzea.

Gurasoak ez al dira lan hori eskolen esku uzten ari?

Bai, eta hori ere aldatu behar da. Ez da posible ardura guztia irakasleen esku uztea, eta etengabe haien lana auzitan jartzea.

Zeregin horretan aitona-amonek duten eginkizuna ere aztertzen duzue liburuan. Nolakoa izan behar du haien egitekoak?

Argi dago aitona-amonek gero eta ardura handiagoa hartzen dutela, gehiegizkoa. Aitona-amonek nahikoa egin dute gu hezten, orain gure seme-alabak hezteaz arduratzeko. Ni asko haserretzen naiz gurasoek aitona-amonei kargu hartzen dietenean, adibidez, seme-alabek etxeko lanak egin ez dituztelako, edo egokitzen zitzaiena meriendatu ez dutelako. Ardura hori ez da aitona-amonena, beren seme-alabena baizik. Haiei eskatu behar dizkiete azalpenak.

Gurasoek duten arazoetako bat da seme-alabekiko komunikaziorik eza. Nola konpon daiteke hori?

Komunikazio espazioak sortuz haiekin txikitatik, haiei entzunez eta kasu eginez. Txikitan kasu egiten ez badiegu, ez dezagula espero nerabezaroan gauzak kontatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. ©BERRIA

Elkartasunaren indarra lagun

Jakes Goikoetxea

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Elkarte askotan konpromisorako urratsa egitea kostatzen da»

Iker Tubia

Pedagogia aktiboaren bueltan aritu da Bobes; batez ere, hezkuntza araututik kanpo. Emakumeen ahalduntzerako herri kultur-zentroetan aritu da jo eta su, eta hamaika elkartetan. Emakumeez, feminismoaz, ibilitakoaz eta erronkez mintzatu da.
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Entzundako zerbaitek norbaiti balio baldin badio, zoragarri»

Jakes Goikoetxea

Hamabi bideo elkarrizketako proiektu bat abiatu du, aurrera egiteko tresnak bilatzeko asmoz, besteek egindako bidetik ikasteko asmoz. Enpatian eta konfiantzan oinarritutako solasaldiak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.