ATZEKOZ AURRERA. Ana Gisasola. Yoga irakaslea

«Buruak lokatzetara garamatza, utziz gero»

Poliomielitisari aurre egin behar izan zion Gisasolak txikitan, eta haren osteko sindromeari helduaroan. Uzkurtu beharrean, gorputza eta gogoa zabaldu ditu, eta bere yoga metodo propioa garatu du edonorentzat.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko martxoak 20
Oraindik ez dio izena jarri, baina baliteke luze gabe entzutea yoga molde bati Gisasola eskola esaten. Ana Gisasolak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1959) poliomielitis gaitzari aurre egin behar izan dio txikitatik. Bildutako esperientziarekin, tesi bat idatzi, eta liburu bihurtu du: La fuerza Está En Tu Interior (Indarra zeure baitan dago). Euskaratzeko lanean ari da.

Bi urte bete berri zenituela erasan zizun poliomielitisaren birusak. Nola eragin zizun?

Bi urte egon nintzen ibili gabe, lau urte bete arte. Orduko sendagile adituak, gainera, inoiz ez nintzela ibiliko esan zion amari. Baina barruan dugun indar horregatik, halako egun batean zutik jarri nintzen. Ohean egoten nintzen, eta amak aldizkari bat uzten zidan mozteko. Beti irribarretsu nengoela dio, neure munduan, pozik. Amak leihoan zutik ikusi ninduenean, miraria zela esan zuen. Aitak ere diziplina handia izan zuen nirekin: egunero, 16 urte bete arte, ariketak egiten zituen nirekin. Uste dut horrek diziplina izaten irakatsi zidala.

Gaitzaren ondorengo sindromea pairatu zenuen, 2005ean. Are gogorragoa da, helduaroan eragiten dizulako?

Poliomielitisa izan dutenen %25-50 inguruk pairatzen dute haren ondorengo sindromea, normalean 40 bat urte dituztenean. Berriz ahultzen dira giharrak. Gainera, okertuz joaten da, poliki, eta ez dago tratamendurik; ariketa neurriz egitea, besterik ez dago.

Zergatik uste duzu yoga beste ariketa mota batzuk baino hobea izan daitekeela horretan?

Nik gimnastika asko egin dut beti, baina ikusten dut yoga oso tresna indartsua dela, ez bakarrik gaitz hau dugunontzat, baizik eta denontzat. Gimnastika ariketak eta yogako asana [jarrera] batzuk oso antzekoak izan badaitezke ere, yogan arreta eta kontzientzia lantzen dituzu. Mugimenduak suabe eta gorputza behartu gabe egiten dituzu, zure mugen baitan.

Zeure sistema propioa garatu duzu, hainbat teknika nahasiz. Nola?

Shiatsu ikasi nuen duela urte asko [Japoniako masaje bat da, hatz puntak eta esku ahurrak erabiltzen dituena]. Konturatu nintzen neure mugek ez zidatela uzten jarrera guztiak behar den bezala egiten. Baina ikusi nuen emozioak askatu egiten zirela. Emozioak lantzeko tresnarik ez genuen shiatsun. Uruguain egon nintzen gero bitan, gobernuz kanpoko erakunde batekin, medikuntza alternatiboak lantzen. pentsatu nuen gauzok hemen ez zutela funtzionatuko eszeptikoagoak garelako. Baina neure buruarekin lan egin nuen, eta bazebilela ikusi nuen. Horiek EFT Emozioak Askatzeko Teknikarekin lotu ditut, eta, horrekin, teknikaren emozio plana egin dut. Ikasi dudan guztia neure erara moldatu dut, beraz. Yogarekin osatu dut dena.

Poliomielitisari eta haren ondorioei aurre egiteko «barruko indarra» entzutean, Frida Kahlo margolaria dator gogora berehala. Gaitz horrek jotakoen bizitzeko grina hori berezia da?

Indar hori denok daukagu, baina estalita egoten da, aurreiritziekin eta beldurrekin. Nik ezin izan ditut egin gauzak besteek bezala. Egitekoak neure mugetara moldatu behar izan ditut. Horrek praktiko egiten zaitu eta. Konponbide bilatzaile eraginkor. Nik gauzak erraz egiten ditut gaur, modu batean ezin badut, beste bat bilatzen dudalako, lehenengoan setatu gabe. Horrek burua zabaltzen dizu, malgutasuna ematen dizu. Esaterako: ezin naiz Aizkorrira igo, baina kilometro bateko tirolina batean ibilia naiz.

Gorputzak behar bezala erantzuten ez duenean ere, burua da gakoa?

Ezin diogu utzi geure buruari geu menpean hartzen, geuk menperatu behar dugu. Utziz gero, buruak lokatzetara eramaten gaitu. Teknikak ditugu buruaren burrunba hori gelditzeko, min egin baino lehen. Pentsamendu ezkorren minutu batek, zazpi orduz egiten digu kalte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna