ATZEKOZ AURRERA. Andy Fisher. Baionako hizlari-gidaria

«Zer eginen nuen Sousa Mendesen lekuan?»

Bisak emateari esker, 1940an 30.000 lagun salbatu zituen Aristides de Sousa Mendes Portugalgo kontsulak; haren omenez, Baionako karrika bati haren izena jarri berri diote.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bada 25 urte Baionako karriketako sekretu guztiak azaltzen dabilela Andy Fisher (Wellington, Zeelanda Berria, 1957). Hizlari-gidari ari da udalarentzat. Aristides Sousa Mendes (Viseu, Portugal, 1885 - Lisboa, 1954) ezagutzera emanen du asteburuan hirian egin bisitan. 1940ko ekainean, 30.000 bizi salbatu zituen Sousa Mendesek bisak emanez, bere gainekoek eman manuei desobedituz. Lehen bisak Bordeletik, ondokoak Baionatik, Biriatuko mugaraino ere izan zen azken batzuen babes. Bisita Baionako Udalak estreinatu berri duen haren izeneko karrikatik pasatuko da, baita Katedralaren ondoko Pilori karrikako 8. zenbakitik ere. Kontsuletxe zena dago hor. 1940an, milaka lagun ziren aitzinean pilatu. 20.000 aipatu izan ditu Sousa Mendesek.

Zaila da irudikatzea Baionako hiri barnean 20.000 jende pilatua...

Bai, hala izan zen. Gainera, alimaleko euri uharren pean, lerrokaturik egon ziren hor, zain, mugitu gabe, lekua galtzeko beldurrez. Ezin ziren mugitu, ez jatekoaren bila joateko, ez pixa egiteko...

Maurice Papon Bordeleko prefeta ohiaren auzian —1.600 judu deportatu izanaz akusaturik—, haren izenak oihartzun berezia hartu zuen, ez? Esplikatzen ahal duzu?

Bere burua defendatzeko, Maurice Paponek erran zuen garai hartan egin zuen gauza bakarra eman manuei obeditzea izan zela. Baina prokuradoreak ihardetsi zion garai berdintsuetan eta Bordelen bertan ardura berdintsua zuen beste batek, alta, alderantzizkoa egin zuela, desobeditu zuela. Denak harriturik gelditu ziren, ez baitzen hainbeste ezaguna orduan Sousa Mendes. Baina Le Monde egunkariarentzat auziaren berri ematen zuen kazetariak artikulu bat idatzi zuen kontsulaz, baita liburu bat ere. Horrek egin du Frantziako iritzi publikoak ezagutu duela. Hainbat hobe.

Zergatik?

II. Mundu Gerran pertsona bakar baten ekimenari esker salbatu bizien errekorra dauka. Bederatzi egunez, 30.000 pertsona. Zenbaki hori kalkulu bat da. Normalki, bisa bakoitzarentzat aztarna bat gelditzen da erregistroan, baina hor, bazekien ez zuela denbora anitz, eta tarrapatan aritu zen; erregistroan ez zuen dena idazten.

Portugal geriza eskaintzen zuen herri bat zen, eta ofizialki neutroa, baina 14. zirkularra ere plantan jarri zuen Salazar diktadoreak.

Bai, 1939ko azaroan. Zirkularrak zioen errefuxiatuak onartu zitezkeela bai, baina ez gehiegi. Portugaletik atera ahal izateko froga bat zutenak bakarrik zituen onartzen. Ihesean ziren juduak, ez.

Sousa Mendesek hiru egunez bere gelako ohean etzan eta omen zuen hartu «desobeditzeko» erabakia. Jacob Kruger errabino adiskidearekin ukan solas batek ere anitz lagundu zuen. Ez zitzaion begi bistakoa izan hasieratik.

Salazarren zirkularrak eragin presioa zuen alde batetik, baina, beste aldetik, giristinoa zen, zintzoki. Eta konbikzio handikoa. Gainera, Portugalgo Konstituzioak zioen guztiei harrera egin behar ziela, ezberdintasunik gabe. Ezinezkoa egin zitzaion fitsik egin gabe gelditzea. Ekaineko egun haiek arte, bisa eskaera bakoitzarekin Lisboari baimena eskatzen zion. Baina, aldiz, depresio gisa ikus daitekeen haren itxialditik landa, baimenik ez zuen gehiago eskatuko. Horretan du desobeditu. Zehazki, bere gelatik jaitsi zen azkenean, eta familia elkartu zuen. Arazo larriak izateko arriskua hartuko zuela, baina halere bisak emanen zituela. Dohainik ariko zen, eta kate lanean. Batzuk, zigilua jartzen, eta bera, izenpetzen. Pasaporterik ez zutenei paper puska bat ematen zien, horrek balioko zuelakoan. Baina ez zuen beti funtzionatu. Bordelen hasi zen horretan.

Nolaz Baionara iritsi zen?

Baionako kontsulordeak deitu zuen, ikaratua, bisa bila etorri jendez inbadituak zirela. Baionara etorri zen orduan, eta segitu zuen. Kontsulordeak tranpa bat egin zuen gorde zedin, enbaxadoreak ez zezan ikus. Egin duena ekintza humano baten gisa ikus daiteke. Horrek geure galderak pausatzera bultzatzen ahal gaitu: «Eta nihaurek zer eginen nuen haren lekuan izan banintz? Aski kuraia izanen ote nuen horren egiteko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.