ATZEKOZ AURRERA. Junkal Martin. Flamenko dantzaria

«Era askotako fusioa izan da 'Altzaquillo'»

Txikitatik dantzatzen du flamenkoa Junkal Martinek, etxetik datorkio zaletasuna. Ana Cañamero dantza eskolako irakaslea da. Flamenkoa eta euskal dantzak uztartzen ditu 'Altzaquillo'-n.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Flamenkoarekiko zaletasuna amarengandik datorkio Junkal Martini (Donostia, 1972). Ana Cañamero dantza eskolako irakaslea da gaur egun, eta Altzaquillo dantza ikuskizuneko partaidea da. Flamenkoaz arduratzen da bera, eta Aritz Salamanca euskal dantzez. Bi dantza motak batzen dira Jon Maiaren koreografia duen ikuskizun horretan. Leku ugaritan dantzatu ostean, Donostiako Aste Nagusian dute hurrengo emanaldia: gaur, Ondarretan, 23:15ean hasita.

Noiz eta nola hasi zinen flamenkoa dantzatzen?

Duela gutxi hartu nuen dantza serio. Betidanik dantzatu izan naiz. Ama flamenko irakaslea da, eta bere izena daraman eskola bat du: Ana Cañamero. Txikitatik sustatu zidan flamenkoarekiko zaletasuna. Egun batean dantzatzen hasi nintzen, ikasle bat gehiago bezala, eta, pixkanaka, gustukoa nuela ohartu nintzen. Amak eskolak emateko laguntza behar zuela esan zidan, eta egun hartatik gaur arte.

Zer iruditzen zaizu zailagoa, euskalduna flamenkoa dantzatzen, ala andaluza euskal dantzak dantzatzen?

Biak iruditzen zaizkit zailak. Ez da dantza bakarrik, pertsona bakoitzaren jarrerak ere garrantzi handia du. Altzaquillo-n, dantzariek sevillanak dantzatzen ikasi dute, eta guk euskal dantzak ere ikasi ditugu. Aritz Salamanca dantzaria arduratu da euskal dantzak erakusteaz eta ni sevillanak erakusteaz. Ondo pentsatuz gero, euskal dantzak zailagoak iruditzen zaizkit. Hanka asko igo behar da! [barrezka].

Modan dago Euskal Herriaren eta Andaluziaren arteko uztarketa. Zer moduz moldatu zarete?

Talde oso hetereogeneoa gara. Hamar flamenko dantzarik eta hamar euskal dantzarik osatzen dugu taldea. Guztiak hemengoak gara, Donostia ingurukoak, eta 18-55 urte arteko adinak ditugu. Gure artean ere oso ondo konpondu gara. Hasieratik konektatu dugu, eta era askotako fusioa izan da: dantza aldetik nabarmenena; belaunaldi aldetik ere bat egin dugu, eta zer esanik ez profesionalki... Altzaquillo-k asko eman digu, bai pertsonalki, bai profesionalki.

Nolakoa da Altzaquillo ikuskizuna?

Donostia 2016 egitasmoak iaz proposatu zigun proiektu bat da, eta Altzako Casares kultur etxearen laguntzaz eraman dugu aurrera. Bi dantza estiloko taldeak koreografia baten bidez lotzea zen proiektuaren helburua. Hasieran, Jon Maia ere proiektuan zegoen, harena da koreografia, baina Altzaquillo hazi egin da, eta bakarrik ibiltzen ikasi du. Iazko maiatzaren 24an egin genuen lehen ikuskizuna. Ordutik leku askotan dantzatu gara: Donostian, Olatzagutian...Ikuskizun sinplea da. Ikuslea emozionatu egiten da, eta oso polita da dantzatzeko, baita ikusteko ere.

Ikuskizunean euskaldunaren eta andaluzaren estereotipoak mantentzen al dira?

Hasieran, entseguekin hasi ginenean, nabari zen guk gorputz adierazpen hobea genuela. Hala ere, aurpegiko espresioa da ikusleari transmititzen diona, eta hor ez dago estereotiporik. Fisikoan nabari da, baina bestelakoan ez.

Bietatik zein dantza mota nahiago duzu?

Txikitatik ikasi nahi izan nituen euskal dantzak, baina ez nintzen inoiz hasi. Biak atsegin ditut, baina bat aukeratzekotan, eta, honetatik bizi naizenez, flamenkoarekin geratuko naiz.

Sevillara joan naizenetan, harritu egiten dira euskaldunek sevillanak dantzatzen ditugulako. Baina hemengoak ere harrituko ginateke jakingo bagenu gutako zenbati gustatzen zaien dantza mota hau. Baditugu ikasle euskaldun peto-petoak, andaluzek bezain ondo dantzatzen dutenak flamenkoa, eta dantza hau asko maite dutenak, gainera.

Zein ezberdintasun dago euskal dantzen eta flamenkoaren artean?

Ezberdintasun gehiago espero nituen. Finean, gauza gehiago daude gure artean batzen gaituztenak banatzen gaituztenak baino. Gorputz adierazpenean flamenkoa jolastiagoa da, baina oso ondo uztartzen dira dantzak, baita geu ere.

Nola bizi duzu Donostiako Aste Nagusia?

Duela urte batzuetatik hona, kanpoan pasatzen ditut, oporretan joateko aprobetxatzen baitut. Uda izanik, kanpoan egoten naiz, nahiz eta iaz eta aurten, Altzaquillo dela eta, itzultzea suertatu zaidan. Hemen banago, ohikoa egiten dut: suak ikusi, eta zezensuzkoaren ondoren, kontzertu edo ikuskizun jakinen batera joaten naiz, baina normalean ez naiz hemen egoten.

Bada bereziki ikusi nahi duzun ekitaldirik aurtengo egitarauan?

Egia esan, ez dakit zer programatu duten. Altzaquillo ikuskizunaz haratago ez dakit ezer [algaraka]. Dantza egin eta hurrengo egunean oporretan joango naiz; beraz, egia esan, ez nau askorik arduratzen, kar-kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.