ATZEKOZ AURRERA. Txetxu Mendizabal. Donostiako Udaleko Babes Zibileko teknikaria

«Debozio moduko bat dute ikusleek»

Donostiako Su Festen Nazioarteko Lehiaketak 52. aldia izango du aurten. Sustorik egon ez dadin, segurtasun plana ezartzen dute Alderdi Ederren.

Donostia
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Su festek garrantzi nabarmena dute Donostiako Aste Nagusian, eta garrantzitsua da horien inguruan segurtasun plan bat aplikatzea. Horretaz arduratzen da Txetxu Mendizabal (1960, Donostia) Donostiako Udaleko Babes Zibileko teknikaria. Hogei urtetik gora daramatza lan horretan, eta su festen inguruko segurtasuna «asko» hobetu dela dio.

Su festak arriskutsuak dira?

Ez, edozer izan daiteke arriskutsua. Arauak betetzea, segurtasun aholkuei kasu egitea eta zentzuz ibiltzea da garrantzitsua.

Zergatik aplikatu behar da segurtasun plana su festetan? Nola aplikatzen da?

Kontuan izan behar da bolbora dabilkigula esku artean. Maneiatzen ditugun kantitateak, gainera, handiak dira; eta kaletik jaurtitzen ditugu. Neurriak jakin eta errespetatzea oso garrantzitsua da, beraz.

Lehenik, dekretu bat dago, eta, atzetik, larrialdietarako plana. Dekretuarekin bat dator plan hori. 1985ean ezbehar bat izan zen, baina ez da errepikatu halakorik. Orduko segurtasun neurriak ez ziren gaur egungoak. Anbulantzia medikuduna izatera behartzen gaituzte, eta gure artean ere komunikatuta gaude.

Ikusleak, berriz, zer egin dezake segurtasuna bermatzeko?

Ezarritako neurriak errespetatu. Hau da, hesiaren atzean dagoenak, askotan, ez daki zergatik dagoen hor, zergatik oraindik ez duten ireki... Ikuslearen ulergarritasuna eta pazientzia beharrezkoak dira.

Zein ekarpen egiten diete su festek Aste Nagusiari?

Inbertsio eta errentagarritasuna aztertuz gero, ikuskizun hoberena da, errentagarriena. Lehiaketa antolatzeak duen kostua jakinda, eta zenbat jendek gozatzen dituen ikusita, ekitaldi merkeena da. Gainera, su festarik gabeko Aste Nagusia ez litzateke Aste Nagusia.

Zaletasun handia duzu su festetarako? Nondik datorkizu?

Lanak eragindako zaletasuna da nirea. Behin mundu honetan sartu nintzen, pixkanaka gauzak ulertuz joan nintzen, eta gaur egun su festen inguruko lanak duen balioa ulertzen dut.

Zein da inoiz ikusi duzun su festa hoberena?

Asko daude. Kalitatea, oro har, oso ona da. Ezin dut su etxe jakin baten izena eman, konprometitua egongo nintzatekeelako, bana segurtasunaren aldetik badaude ikuskizun batzuk hobeto babestuak daudenak, besteak baino. Gainera, azken urteetan asko hobetu dira segurtasunari lotutako azpiegiturak.

Zer da garrantzitsuagoa emanaldi batean, soinua ala argia?

Argia esango nuke, baina batasun bat da. Soinuak eragin handia du. Ni bertan nago, eta sufritu egiten dut, baina jendeak gozatu egiten du, bibratu. Bukaerako traka datorrenean ikusleak badaki zer datorren, eta gustukoa dute. Soinua argiarekin eta musikarekin konpasean badoa, askoz hobe.

Aurtengoa 52. aldia da. Zergatik uste duzu iraun duela horrenbeste urte?

Prestigioa handiagoa delako saria baino. Curriculumean, pirotekniko gisa, esanahi handia du. Gainera, urtetik urtera hobetzen saiatzen dira: efektu berriak sortuz, adibidez. Lekuak ere erakartzen du. Kontxako badia, itsasoa parean, horrenbeste jende begira... Erakargarria da. Debozio moduko bat dute ikusle askok. Horrenbeste urteren ondoren, kultura bihurtu den debozioa da. Nik barrutik bizitzen dut, lanean nagoelako, eguneroko tentsioz. Laster beste lankide bat hasiko zait laguntzen; beraz, etorkizunean ea libratzen naizen, kanpotik gozatzeko.

Zergatik joan behar da Donostiako Aste Nagusiko su festen nazioarteko 52. lehiaketara?

Hemen duguna eta eskaintzen duguna ez dagoelako beste inon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.