ATZEKOZ AURRERA. Aitor Arana. Idazlea eta hiztegigilea

«Esperantoak babesa ematen die hizkuntza txikiei»

Esperantoa-euskara hiztegia osatzen ia 30 urte eman ditu Aranak. «Askok uste dute esperantoak kalte egiten diola ingelesari, baina ez da hala. Maite du, euskara maite duen bezala»
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ander Gartzia Badiola -

2016ko urtarrilak 15
Esperantoa hizkuntza artifizialetan gehien erabilitakoa da gaur egun munduan. Badago esperantoa ama hizkuntza duenik ere. Atzean gordetzen duen filosofiaren zalea da Aitor Arana idazlea (Legazpi, Gipuzkoa, 1963), eta esperantoa-euskara hiztegia osatu du. Gaur aurkeztuko du, 11:00etan, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan.

Zergatik euskara-esperanto hiztegia?

Esperantoa ikasten hasi nintzenean, 22 urte nituen. Euskarazko materialik ez zegoen esperantoa ikasteko, 1930eko hamarkadan atera zuten Esperantoa Giltza izeneko liburuxka soilik. Zaharkituta zegoen.

Zenbat denbora behar izan duzu hiztegia osatzeko?

Uste nuen urte pare bateko kontua izango zela. Ni orduan ez nintzen hiztegigilea, eta hiztegigintza oso lan motela da; xehetasun handiz egin behar da. Azkenean, ia 30 urte joan dira. Hasieran, oinarrizko hiztegia egin nuen, baina txikiegia iruditu zitzaidan.

Esperantisten euskal komunitatea handia al da?

XX. mendean, oro har, euskal esperantista asko izan ziren. Adibidez, Isaac Lopez de Mendizabal. Xabiertxo eta haurrentzako beste hainbat liburu idatzi zituen, eta esperantista zen. Koldo Mitxelenak ere interesa bazuen. Badakit esperantoaren inguruko materiala begiratzen zuela, nazioarteko informazioa jasotzeko. Gaur egun, eragile nagusi bat dago: Internet. Ikaragarri handitu da esperantisten kopurua, gero eta gehiago, batez ere jende gaztea. Ezagutzen al duzue elkar?

Nazioarteko biltzarretan eta urtero egiten diren topaketetan jende mordo bat ibiltzen da atzera eta aurrera. Ni ez naiz bidaiazalea, baina Euskal Herrian topatu izan ditut. Hainbat atzerritar ere urtero etortzen dira Euskal Herrira, eta leku bat egiten diet etxean. Esperantistak direnekin mintzapraktika landu ahal izan dut. Dena den, esperantista euskaldunok saiatzen gara urtean lau aldiz gutxienez biltzen.

Zer dela-eta hasi zinen esperantoa ikasten ?

Bi arrazoirengatik. Bata, linguistikoa da. Felix Ibargutxik artikulu bat idatzi zuen El Diario Vasco-n, esperantoaren logikari buruz. Eta ikusi nuen ikasteko erraza zela. Hitz batekin beste hitz batzuk eraiki daitezke. Horretan euskararen antz handia du, atzizkien bidez hitz berriak sortu daitezkeelako. Polita eta exotikoa iruditu zitzaidan. Baina baita haren inguruko filosofia ere. Zamenhof poloniarra da esperantoaren asmatzailea, eta haren helburua bakean dagoen mundu bat sortzea zen. Garbi ikusten zuen herri batzuek euren hizkuntza inposatzen zietela beste herri batzuei, eta horrek amaitu beharra zuela. Egiazko bake hizkuntza lortzeko, esperantoa sortzea erabaki zuen.

Euskararen normalizaziorako esperantoa baliagarria izan daitekeela esan zenuen hitzaldi batean.

Nazioartean nagusitu diren hizkuntzek beti egin dute beste hizkuntza batzuk galarazi. Gaztelaniak, frantsesak eta, gerora, ingelesak. Eta ez bakarrik hizkuntzak. Zoritxarrez, genozidioekin ere lotuta egon da hori. Benetan izango bagenu nazioarteko hizkuntza neutral bat, navajoek [AEBetan bizi diren amerindiar komunitaterik jendetsuena da] navajoz hitz egiten jarraitu ahal izango lukete, eta munduko harremanak esperantoz egingo lituzkete. Esperantoak babesa ematen die hizkuntza txikiei, helburua ez delako beste hizkuntzak ordezkatzea. Hizkuntza handiak dituzten horiek ere ikasi beharko lukete apaltasun apur batez esperantoa, eta ikasi horren atzean zer dagoen.

Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak itzuli zenuen esperantora. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso atsegina. Bernardo Atxagak asko lagundu zidan. Asko gustatu zitzaidan liburua, eta gustura itzuli nuen. Adiskide nederlandar batek lagundu zidan zuzenketak egiteko garaian.

Aurreiritzi asko al daude esperantoaren inguruan?

Zoritxarrez, askok uste dute esperantoak kalte egiten diola ingelesari, baina ez da hala. Maite du, euskara maite duen bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna