ATZEKOZ AURRERA. Ane Zabala eta Galder Perez. Farolin eta Zarambolas

«Aratusteak gure bizitzaren satira dira»

Aurten Zabala eta Perezi egokitu zaie Bilboko aratusteetako pertsonaia famatuak izatea: Farolin eta Zarambolas. Biek ala biek bilbotar izaera estereotipatuaren ezaugarriak ordezkatzen dituzte.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ane Zabala (Bilbo, 1975) kazetaria eta aktorea da. Galder Perez (Bilbo, 1975), berriz, aktorea eta gidoilaria. Bai bata eta bai bestea, bilbotar peto-petoak. «Bilbotarrak bai; ez, ordea, bilbainoak», argitu nahi izan dute. Pozarren daude, bihar, Bilboko aratusteetako lehen egunean, Farolin eta Zarambolasen papera jokatzeko.

Nortzuk dira Farolin eta Zarambolas?

ANE ZABALA: Bilbon 1984. urtean sortutako aratusteetako bi pertsonaia dira, eta bilbotarrei egokitzen zaizkigun ezaugarriak ordezkatzen dituzte. Farolin bilbotar farolero harroa da. Harrokeriarik gabeko harroa.

GALDER PEREZ: Zarambolas ondo bizitzearen eta bizipozaren ikur bilbotarra da.

Bilbotar izaeraren bi mugak hezurmamitzen dituzte?

A.Z.: Bai, baina euren arteko muga oso lausoa dela esango nuke.

G.P.: Elkarren osagarri dira; buru batek behar dituen aurpegi biak. Gainera, parrandazale amorratuak dira bai bata eta bai bestea.

Benetan da horrelakoa bilbotar izaera?

G.P.: Zorionez, bilbotar izaera mota askotakoa da. Baina izaera tipiko horiek oso aproposak dira jolaserako.

A.Z.: Ez! Aratusteetan gaudenez, bilbotar izaera estereotipatu horren inguruan barre egiteko balio digute pertsonaia horiek.

Estereotipoek geure buruaz barre egiteko balio digute orduan.

G.P.: Bai, baina, betiere, estereotipo horiek onartuta dauzkagunean. Estereotipoak erreferentzia dira, eta, horiek erabiliz, oso erraz identifikatzen dugu zertaz ari garen. Era berean, egoera batzuetan baliagarria izan daiteke estereotipo batek dituen ezaugarriak apurtzea. Dibertimendurako ateak zabaltzen dizkigute estereotipoek.

Nolatan izan zarete aukeratuak Farolin eta Zarambolas ordezkatzeko. Haien antza daukazue?

G.P.: Nik bizipozaren aldeko apustua aspaldi egin nuen! Gainera, asko gustatzen zait Zarambolasi egozten zaion esamoldea: Carpe Diem! Gaur bizi gara, eta bihar, auskalo. Hortaz, bizi gaitezen oraintxe, alaitasunez!

A.Z.: Ni ere askoz identifikatuago sentitzen naiz Zarambolasekin Farolinekin baino. Halere, Farolin oso berbatia da, eta, horretan, antza daukagu. Bestalde, dena ordaintzeko prest dagoen bilbotarra ere irudikatzen du, oso eskuzabala da. Eta ni ere oso eskuzabala naiz; izan ere, Zabala dut abizena.

Aurreko urteetako Farolin eta Zarambolas ezagutzen dituzue?

G.P.: Pila bat! Adibidez, lehenbiziko Farolin, 1984an, Javier Clemente izan zen. Aneren aita oso harro dago bere alaba Clemente iritsi zen lekura iritsi delako.

Zer dira zuentzat aratusteak?

A.Z.: Katarsi bat dira. Bost egunez, egunerokotik alde egin, eta dena zorakeriara eramaten dugu. Behin hori guztia pasatuta, hustuta eta reseteatuta gelditzen gara.

G.P.: Urte osoan jasaten ditugunak ahazteko balio du. Eta gogoko ez dugun hori edo salatu nahi dugun hori umorez eta parranda giroan salatzeko eta satirizatzeko. Aratusteak gure eguneroko bizitzaren satira bat dira. Bai norbanako moduan eta bai talde moduan.

Zein izango da zuen egitekoa?

A.Z.: Ostiralean atxilotu eta epaitu egingo gaituzte Plaza Barrian. Han ikusiko da egozten zaizkigunak delitu diren edo ez. Errudun izendatuz gero, Done Jakue plazara eraman eta bilbotarrek iraindu egingo gaituzte. Herri antzerki mundiala da. Larunbatean kontzertuak, igandean indabak... Ez gara geldi egongo.

Bilboko aratusteek zein berezitasun daukate?

G.P.: Aratuste kaletar hiritarrak dira. Hiria transformatu egiten da, eta eromen giroa sumatzen da.

A.Z.: Bilbon hamaika auzo daude, eta auzo bakoitzean euren aratusteak egiten dituzte. Baina inoiz ez dute bat egiten Bilbokoekin, beste asteburu batzuetan izaten dira. Beraz, Bilboko aratusteetan auzo horietako guztietako jendea pilatzen da, eta festa erraldoia sortzen da.

Aratusteetan mozorro original edo deigarrienaren bila ibiltzen direnetakoak zarete?

A.Z.: Niri beti gustatu izan zaizkit jolas egiteko mozorroak. Esaterako, behin folletoiz joan ginen, Caprichito folletoiaz hain zuzen. Aratuste guztiak pasatu genituen folletoiko kapituluak grabatzen. Folletoiak oso modan zeuden sasoi hartan...

G.P.: Gauak edo egunak aurrera egin ahala, gero eta gehiago barneratzen duzu mozorro hori, eta arriskutsua bihur daiteke: azkenean ez dakizu mozorroko pertsonaia hori zaren edo zu zeu zaren!

Gainera, zuek aktoreak izanik...

G.P.: Aktoreok ez gara mozorrotzen: jantzi egiten gara! Gertatzen dena da aratusteetan ez dagoela gidoirik. Denok gara aktore eta ikusle! Kalea da antzeztoki, eta inprobisazioa da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.