SAIOA ITXI

Hasiera / Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA. Edurne Mendizabal Tolosa. Arremanitz kooperatibako kidea

«Gehiago entzun beharko genuke zertan garen onak»

Ikastetxeetan tratu onak lantzearen onurak nabarmendu ditu Mendizabalek, bai ikuspuntu akademikoan eragiteko, baina baita bizitza hobea izango duten pertsonak lortzeko ere.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado

2016ko abenduak 14
Sexuen hezkuntza, parekidetasuna eta tratu onak sustatzeko helburuarekin sortu zen Arremanitz kooperatiba, 2010. urtean. Feministaldia kultura feministako jaialdian parte hartu dute bertako kideek. Feminismoak eta tratu onak lantzearen kontrako erresistentziak ezagutu, eta horiei aurre egiteko tresnak landu dituzte. Edurne Mendizabal Tolosa Arremanitzeko kideak (Donostia, 1972) azaldu du nola. Gorputzetik eta mugimendutik abiatuta, parte hartzaileek aukera izan zuten feminismoen eta tratu onen onurak bizitzeko.

Feminismoen eta tratu onen aurkako jarrerez hitz egin zenuten. Nondik datoz, nagusiki?

Denok ditugu erresistentziak. Sexismoak eta patriarkatuak guztioi eragiten digute. Feminismotik eraldaketa proposatzen duzun neurrian, beti dago tentsioa. Hainbat botere daude, eta pribilegioen galerek eta aldaketek beldurra eragiten dute. Sistema ezbaian jartzen denean sortzen diren aurkakotasun horiek kudeatzen saiatzen gara gu.

Tratu txarrez maiz hitz egiten da. Zuek, ordea, tratu onei erreparatu diezue. Zergatik?

Indarkeria matxistaren prebentzio lanetan tratu txarrez aritzea ez da eraginkorra: mina sortzen du. Askoz ere eraginkorragoa da tratu onetan entrenatzea: geure buruarekin hasita, ingurukoengana zabalduta, kolektiboetara.. Positiboan pentsatzea. Igartzen ez ditugun zenbat gauza on ditugu? Aldiz, une oro entzuten dugu zenbat hobetu behar dugun; zertan ez garen onak. Tratu txarren entrenamendua badago gizarte honetan; tratu onetan entrena gaitezen. Gehiago entzun beharko genuke zertan garen onak.

Mugimenduaren garrantzia aipatu duzu. Ikasle gazteek, nerabeek, ondo erantzuten dute?

Saioetan, ikasle gehienek ezagutzen gaituzte, eta badakite gela erabat eraldatzen dela. Badakigu hezkuntza sisteman alor akademikoari ematen zaiola garrantzi handiena. Guk ikusten dugu eraginkorragoa dela gorputzari lekua egitea, eta ondo tratatzea. Ondo tratatua den pertsona bat emaitza hobeak izango ditu, eta bizitza hobea izango du.

Ikasgeletan lan egiten duzue, baina ikuspuntu zabalagoarekin; hots, komunitatean eragiteko asmoa duzue?

Egitasmo integrala izatea nahi dugu. Udaletako Berdintasun Zerbitzuek kontratatzen gaituzte, eta asmoa da gazteek beste erreferentzia batzuk izatea, herri mailan. Besteak beste, herriko eragileekin ere antzeko prestakuntzak egiten ditugu. Guretzat giltza da gazteak eragileen eragile izatea. Haiek izan daitezela antolatzen direnak, eta gaiak lantzen dituztenak, bai ikastetxean, bai herrian. Horretarako, herrian dauden eragileekin zubi lana egiten saiatzen gara. Saretzea garrantzitsua da; tratu onen herriak izan daitezela.

Feminismoa hezkuntzan lantzeari buruz hitz egiten denean, edukietara jo ohi da. Hori gaindi daiteke?

Saiatzen gara irakasleekin lan egiten, haiek talde eragileak izan daitezen. Matematika, Historia, Literatura... alor guztietan sar daitezke sexualitateari edota parekidetasunari lotutako edukiak. Hori da benetan jarraitu beharreko bidea.

Esan ohi da duela bi belaunaldi apenas hitz egiten zela sexuaz, eta egun edonon dagoela. Sexualitatea desitxuratu egin al da?

Lehenik eta behin, ez dut uste asko hitz egiten denik sexuaz. Askoz gehiago hitz egin beharko litzateke, eta gauzei izena jarri. Arazoa da soilik hitz egiten dela praktikei buruz, eta praktika jakin bati buruz, nagusiki: praktika heterozentrista, genitalizatua... Biztanleen parte txiki bat baino ez da sartzen horien barruan. Sexualitatea bizitzeko buru beste modu daude; alegia, denok ezberdinak gara. Aniztasunez landu beharko litzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan BERRIAlaguna