ATZEKOZ AURRERA. Jean - Damien Collin. Kultura politikan aditua

«Jatorria ulertzea inportantea da kultura gutxitu batean»

Krisia dela eta, kultura politika publikoak berriz pentsatzea ezinbestekoa dela dio Collinek, kultura eskubideen printzipioa martxan jarriz: «Kultura denentzat, denak kulturara».
I.E

Imanol Eppherre -

2017ko otsailak 22
Belfort departamenduko Kultura zuzendaria izan da Jean-Damien Collin (Colmar, Frantzia, 1970). Baionan egon da kultura eskubideez mintzatzen. Kultura politikak behar batzuk betetzeko baino gehiago gizartearen gaitasunak garatzeko baliatu behar direla dio.

Zer dira zuretzat kultura eskubideak? Nola definituko zenituzke?

Gizabanakoa bere identitatean eta giza eskubideen onarpenean ongi bizitzeko eskubideak dira kultura eskubideak. Jakinduriari erlazionatuak diren eskubideak dira. Kultura jakintza ezberdin batzuen bidea da, egunerokoan bizi ahal izateko, hautuak egin ahal izateko eta besteekin partekatu ahal izateko, bakoitzaren errespetuan.

Definizioa ilustra dezakezu?

Ingurumena babestu nahi badut, haren ezaugarriak ezagutu beharko ditut. Ezingo dut babestu ez banaiz kontziente zer lotura dagoen nire aktibitatearen eta ingurumenean eragiten ditudan ondorioen artean.

Baina eskubide horiek askotariko elementuz osatuta daude, ezta?

Eskubideen definizioan hizkuntza, identitatea eta balio sinbolikoak biltzen ditu kulturak. Kulturaren oinarria elementu bakoitzaren arteko interakzioa da. Azken finean, norbanakoa ezaugarritzen duena ulertzea da, harekin bizi ahal izateko.

Zertan ezberdintzen dira kultura eskubideak eta kulturarako eskubidea?

Kulturarako eskubidea da kontsideratzea pertsonek kultura beharrak dituztela eta indarra egin behar dela behar horiek betetzeko. Pertsonek hainbat ezagutza eskupean edukitzeko eskubidea da, haien gaitasunak garatu ahal izatekotan. Kulturarako eskubidea da hezkuntza, artea, ondarea eta historia ulertzeko giltzak ematen dituen eskubidea. Horrez gain, inguruak eragindako portaera sozialen —elikadura edo janzkera ohiturak, adibidez— jatorria ulertzeko gaitasuna ematen du kulturak, bakoitzak ohitura horiekin bizi nahi duen edo ez hautatu ahal izateko. Pasatzen gara, beraz, kontsumoan oinarritua den sistema batetik, beharrezkoa den sistema batera. Nire intimitatearen baitakoak behar bezala bizitzeko aukera ematen dute, berriz, kultura eskubideek.

Kultura politika publikoetan praktika horiek martxan jartzeko ikuspegi aldaketa bat behar dela diozu, eta ez egiturazko aldaketa bat. Zergatik?

Kultura eskubideek eskatzen dute politika publikoak beste ikuspuntu batekin aztertzea. Eskubide guztien arteko loturaren giltza gisa aurkeztu behar dira. Ingurumen politikak, gizarte politikak eta bestelako politika publikoak aurrera eramatean, kultura eskubideak beti barne dira. Gaur egun, politika publikoetan pertsonentzat beharrezkoa dena aurrez epaitzen da, ustez behar batzuk bete behar direlako. Gaur egungo diskurtsoa aldatu nahi dugu. Izan ere, jendea bizi da printzipio eta gaitasun batzuen inguruetan. Beraz, politika publikoak eraman behar dira jendearen gaitasunak garatzeko helburuarekin.

Bakoitzak eskubidea du bere kultura edo kulturak aukeratzeko. Kultura bat beste batekiko gutxietsia denean, hautua zilegi da?

Ez dago bakarra edo homogeneoa den kulturarik, non denek kultura modu berean bizi duten. Kultura katolikoa transmititua izan zaion batek ez du biziko bere auzoko katolikoak bezala. Kontua da gogoetatzea zer den identitatea eta zerk definitzen duen komunitate kulturala, bakoitzari komeni zaion komunitate propioa aukeratu ahal izateko. Ukan ahal da, ziur aski, euskal kultura bat itsasoari lotua dena, edo euskal kultura bat mendiari loturikoa. Garrantzitsua dena da elkarrekin partekatzen dutena onartzea, ezberdina zaiena aitortzeko. Kultura gutxitu batean nondik datorren ulertzea da garrantzitsuena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna