Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Christina Moore. 'Game of Thrones' telesaileko arte zuzendaritzako arduraduna

«Hizkuntza bisual bat edukitzea da gure lana»

Azken bost denboraldietako grabazioetan lan nagusietariko bat egin du Moorek. EHUn izan da hitzaldi batean, bere beharraren berri ematen.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Alaitz Armendariz -

2017ko martxoak 17 - Bilbo

Arkitektoa da lanbidez Christina Moore, eta, guztira, Game of Thrones telesaileko 36 kapitulutan egin ditu arte zuzendaritza lanak. Gertu-gertutik jarraitu ditu telesail arrakastatsuko pertsonaia eta istorio guztiak, hortaz. Euskal Herrian ere izan da, uztailean estreinatuko den zazpigarren denboraldiko eszena batzuk hemen grabatzen. Hirugarren eta laugarren denboraldietan egindako lanarengatik bi Emmy sari irabazi ditu. Artista ingelesak hitzaldia eman zuen atzo EHUko Leioako campusean (Bizkaia), eta aretoan ez zen leku hutsik geratu.

Euskal Herrian zazpigarren denboraldiko hainbat eszena grabatu dituzue. Zerk erakarri zaituzte hona etortzeko?

Euskal Herrian asko gustatu zaiguna kosta izan da, eta, bereziki, Gaztelugatxeko eliza. Uste dut denok maitemindu ginela toki horrekin hasiera-hasieratik.

Game of Thrones sortzeko prozesuan ehunka pertsonak hartzen duzue parte. Zein da zure eginkizuna, zehazki?

Ni atzerriko filmaketaren arte zuzendaritzaren arduraduna naiz, beraz, Game of Thrones-en mundua sortzeko prozesuan parte hartzen dut, platoak eraikitzen ditut, eta filmatzeko tookiak moldatu. Telesail honetan atzerriko arte zuzendaritzako arduraduna naiz, beraz, hiru herrialdetako grabazioan parte hartu dut: Kroazia, Maroko eta Espainiakoan.

Sekulako ikusmira piztu du telesailak, eta jendetza dago kanpoan zure zain, esango duzuna entzuteko irrikan. Ohituta zaude jendea horrela ikustera?

Zur eta lur nago! Ni kameren atzean lan egiten duen pertsona bat naiz, ez dut halakorik bizi izan aurretik. Baina horrek erakusten du Espainian arrakasta handia izan duela. Gainera, ekoizleek Espainian berriz filmatu nahi izateko arrazoietako bat horixe izan da: jendeak gogo biziz hartzen du telesaila, eta hori asko nabaritzen dugu estren artean. Uste dut irrika hori oso ona dela.

Game of Thrones telesailean hainbat mundu agertzen dira. Nola egiten duzue guztiak argi eta garbi bereizteko?

Guztiek oso itxura desberdina eduki behar dutela, eta maiz herrialde desberdinetan filmatzen ditugu. Adibidez, esklaboen hiri batzuk Marokon, Kroazian eta Espainian filmatu ditugu, eta hiruren artean zerbait koherentea lortzen saiatzen gara. Kontua da ikusleak ez ohartzea Marokon eta Kroazian filmatu dugula, baizik eta Game of Thrones-eko mundu bat dela pentsatzea. Hori da gure lana; hizkuntza bisual bat edukitzea, mundu bakoitzarekin zerikusia duena. Hainbat gauzarekin lotuta egon daiteke: kolorearekin, arkitekturarekin, ematen zaion argiarekin... Eta jantziek ere garrantzi handia dute mundu bakoitzaren barnean, zalantzarik gabe.

Zaila da Game of Thrones garai batean kokatzea, goitik behera asmatutako garaia baita, noski. Non kokatuko zenuke telesaila, toki eta janzkerei begiratuta?

Ez da garai historiko zehatz bateko drama bat, eta horrek nolabait askatasuna ematen digu, diseinuak egiteko orduan, adibidez. Ezin dugu garai zehatz batean kokatu; Erdi Aroaz hitz egiten den arren, eta antzeko girotzeak egon arren, fantasia bat da; izan ere, ez zegoen dragoirik garai hartan, eta ez da beste inoiz ere egon.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Munstroa nor den? Barrura begiratu behar da erantzuteko»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Gutun bati buruzko gutuna, eta obrari eta haren egileari buruzko aldarria. Hori da, besteak beste, 'Frankenstein agurgarria'. Galarragak eta Pettik ondua, Literaturian emango dute, hilaren 28an.
 ©DOM CAMPISTRON

Kaka lotsa: kaka koka

Ainize Madariaga

«Lantokian ezin dut kakarik egin, hau lotsa!». «Ikastolan ez dut sekula egiten, bertzeek ikus nazakete!». Kaka egitearen lotsa horri parkopresia deritzo. Emazteek gehiago pairatzen dute. Haurtzaroari hertsiki lotua da gaitz psikologiko hori, eta ondorio fisiologikoak dauzka, baina baditu aterabideak.

 ©EUSKO LEGEBILTZARRA

«El Salvadorren ez dago prentsa askatasun nahikorik»

Urtzi Urkizu

Eusko Legebiltzarrean izan da Dada Sanchez, El Salvadorko kazetarien aurkako jazarpenaren berri ematen. Azaldu duenez, herrialde horretako hamabi kazetari erbestera joan dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...