ATZEKOZ AURRERA. Koldo Pla. Txinparta elkarteko kidea

«Oraingoz, 40 hilotz ere ez ditugu aurkitu»

Ezkaba mendiko espetxea ikertu du Plak. 36ko gerran erabili zuten kartzela gehienbat. 1938an, 795 preso saiatu ziren ihes egiten. Lortutako informazioa eta esperientzia kontatu ditu Gasteizen.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Alberdi -

2017ko apirilak 12
Irakasle ikasketak egin, eta irakasle lana egin du Koldo Plak (Piedramillera, Nafarroa, 1950). Baina, Iruñean bizi izanda, gertu izan du beti Ezkaba mendiko espetxe ohia. Berez, Nafarroako hiriburua babesteko sortu zuten gotorlekua. Baina, 1934an, kartzela bilakatu zuten. 6.000 preso inguru pasatu zirela kalkulatu dute, 1945ean itxi arte. 36ko gerran izan zituen preso gehien, frankistek Nafarroa menderatu ostean. Plari espetxea gertu izanda piztu zitzaion gertakariak ikertzeko interesa. Txinparta elkarteko kide denez, horretan jardun du azken urteetan. Lortutako informazioa eta lortzeko prozesua kontatu ditu Plak, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean emandako hitzaldian. Botilen hilerria esaten diote kartzelari, hildakoak hilobiratzen zituztelako botila batean haien datuak sartuta.

Herenegun, iheslarien hobi bat aurkitu zuten Ezkaban. Beste makina bat ere aurkitu duzue Aranzadi elkartearekin lanean. Zenbat gorpu aurkitu dituzue oraingoz?

Oraingoz, iheslarien 40 hilotz ere ez ditugu aurkitu. Gainera, ez dakigu guztiak hobietan dauden. Testigantzak ditugu, gorpu batzuk erretzen saiatu zirela inguruko herrietan, baita hobi batean erre zituztela ere.

Irakasle izandakoa zara, baina orain ikerlari lanetan zabiltza. Nola moldatu zara irakasle hasi eta ikerlari bukatzeko?

Omenaldiak egiten hasi ginen bertan hil edo erail zituztenei eta ihes egiten saiatu zirenei. Gero, 2000. urtearen bueltan sortu genuen Txinparta elkarte gastronomiko kulturala. Memoria historikoari buruzko liburuak argitaratu genituen orduan. Hasieran, bildu egin genituen liburu horiek, eta memoria gune bat bihurtu ginen. Baina, azkenean, ikertzen hastea erabaki genuen.

Nola ikertu duzue?

Agiritegietan Ezkabarekin lotutako dokumentu bila aritu gara, elizaren agiritegietan, adibidez. Heriotza aktak aurkitu nahi ditugu. Senideekin ere harremanetan jarri gara. Bestalde, datuak antolatu ditugu, eta historia borobiltzen saiatu gara. Orain, badaukagu halako ikuspegi orokor bat, eta helburu batzuk markatu ditugu lan egiteko.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Bi helburu ditugu. Batetik, historia argitu nahi dugu, hots, zer gertatu zen Ezkaban. Bestetik, historia nola berreskuratzen den jakitea interesatzen zaigu. Prozesua bera interesgarria dela iruditzen zaigu.

Zuen esperientziak balio izango die memoria ikertu nahi dutenei?

Bai. Ez die prozesuak bakarrik balioko, baita sortzen diren helburu sozialek eta politikoek ere.

Ezkabako espetxea esanguratsua da 1938ko maiatzaren 22an presoek egin zuten ihesaldiagatik. 2.487 presoetatik 795ek lortu zuten ihes egitea. Nola lortu zuten?

Berez, guztiek egin zezaketen ihes, baina, baldintzak ikusita, 795ek erabaki zuten ihes egitea. Ordu erdian, gotorleku osoa hartu zuten. Afaria banatzera sartzen ziren langileak zaintzaile armatu batekin. Menderatu egin zituzten, eta euren uniformeak jantzi zituzten. Gero, gainontzeko zaintzaile guztiak menderatu zituzten.

795etik hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herrira iristea. Iheslarien bila neurri gogorrak hartu zituzten?

Beste zaintzaile bat iritsi zen. Egoera ikusita, alarma jo zuen. Denbora behar zuten ihesa antolatzeko eta taldetan banatzeko. Batez ere, Frantziara iristeko bideak zekizkiten nafarrak behar zituzten. Baina ez zuten ia astirik izan, frankistek berehala hasi zuten ehiza.

585 atxilotu zituzten, eta 187 hil. Hiruk ihes egitea lortu zuten. Baina guztiak batuta 775 da. Zer gertatu zen falta diren 20 horiekin?

Badirudi hil egin zituztela, baina desagertu egin dira haien gorpuak. Bat, adibidez, ibaira bota zuten hankak eta eskuak lotuta. Testigantza batean esan digute bere aitona urkatuta hil zutela. Egoera arraroetan desagertu dira 20 pertsona.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna