Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Amaia Gabantxo. Itzultzailea eta flamenko abeslaria

«Euskaldunok ez gara jabetzen daukagunaz; kolonizatuta gaude»

Euskaldunek euren kulturari barre egiten diotenean kolonizatzaileek horretara entrenatu dituztelako egiten dutela uste du Gabantxok. Orain gutxi, Gabriel Aresti ingelesera itzuli du.
BERRIA / Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko apirilak 26

Hamabost urte inguru igaro dira euskal literatura ingelesera itzultzen hasi zenetik, eta ordutik aurrerapauso handiak eman direla dio Amaia Gabantxo itzultzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1973). Chicagoko Unibertsitatean irakurle da, eta euskal literatura «ingelesez eman ahal izatea sekulako luxua» dela dio. Orain, Gabriel Arestiren Harri eta Herri eta Maldan Behera lanak ingelesera itzuli ditu.

Gabriel Aresti lehen aldiz irakurri ahal izango da ingelesez. Zer esan nahi du?

Asko. Pentsa, azken hamabost urteetan hasi gara euskal literatura ingelesera itzultzen, eta gutxi egin dugu. Mundu anglosaxoiari gure literaturaren historiaren berri emateko gure ibilbide literarioa itzuli behar dugu, eta Gabriel Aresti inflexiozko puntu bat da.

Jendeak ez du ulertzen itzulpenen garrantzia?

Ez. Oso ongi dago atzerritarrek jakitea Euskal Herrian ondo jaten dela eta Guggenheim daukagula, oso hizkuntza arraro eta zaharra dugula, eta ETA izan genuela duela gutxi arte. Baina nola ulertu euskalduna izatea zer den? Hori literatura, artea, zinema, dantza eta musikaren bidez bakarrik egin daiteke. Horregatik itzuli behar dugu gure literatura.

Rock & Core izenarekin itzuli duzu Harri eta Herri liburua. Aresti rockstar bat bihurtu duzu?

Ez da broma, Aresti rockstar bat zen. Tipo anarkiko bat, matxino hutsa. Moldeak apurtu zituen. Euskaldunok ez gara jabetzen daukagunarekin, hain kolonizatuak gaude esan dizkiguten gauzekin... Barre egiten diogu euskal kulturari, eta ez gara jabetzen horrela ikustera entrenatu gaituela kolonizatzaileen diskurtsoak. Bai, Aresti rockstar bat zen, eta ingelesezko tituluak horren kutsua badakar... Ba, ingelesez esango nuke: «Fuck yeah!».

Izenburua itzultzeak zailtasuna bazekarren, poemekin ere antzera gertatu da?

Poesia itzultzeak beti dakar zailtasun hori, eta ni oso itzultzaile desleiala naiz. Ez nau originalaren formak lotzen, hizkuntza aldatzean forma ere aldatu behar delako. Poema baten indarra ez dago orrialdean, ez dago paperean dauden hitzetan, baizik eta irakurlearen begien eta orriaren tarteko distantzia horretan. Hor dago mamia. Nik hortik itzultzen dut, mami horretatik.

Itzultzaileok askotan idazle ere bihurtzen zarete idazlan bat itzultzeko orduan?

Nik argi daukat itzultzailea idazle bat dela. Itzulpengintza literarioa idaztearen genero bat da, antzerkia edo poesia bezalakoa. Ezin zara itzultzaile literario on bat izan idazlea ez bazara. Munduko literaturaren historiak itzulpenak behar ditu bizirik jarraitzeko: itzulpenek tradizio literarioak eta hizkuntzak eragiten dituzte. Ezin da, adibidez, alemaniar berpizkundea ulertu Shakespeareren obren itzulpenik gabe.

Euskal literatura zabaltzeko lanetan aritu zara AEBetan, baina flamenkoak ere lekua hartzen dizu. Nola iritsi zinen horra?

Garrantzitsua da musika geure familian, odolean daroagu. Gure aititetik dator flamenkoa maitatzearena. Bera eta bere aita abertzale amorratuak baziren ere, biek maitatzen zuten flamenkoa. DNAn etorri zait niri flamenkoa, nolabait. Ingalaterran bizi nintzela, flamenko dantzaren kurtso baten berri izan nuen, eta apuntatu nintzen; kantatzen entzun nindutenean aho zabalik geratu ziren, erritmoak berehala harrapatzen nituelako. Barruan neramatzan. Irakasleak eskatu zidan haiekin kantatzeko. Baietz esan nion, lar pentsatu barik, eta bidaia izugarria izan da niretzat flamenkoa barrutik ezagutzea: kantaoragaz flamenkoaren teknikak ikastea, hitzen edertasuna kantuaren bitartez bizitzea, Andaluzia hobeto ezagutzea. Ederra da flamenkoa, filosofia existentzial sistema oso bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Garmendia eta Plazaola. ©JON URBE / FOKU
 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Transmititu ez den memoria berreskuratu nahi izan dugu»

Olatz Esteban Ezkati

Erronkaribarko emakumeen ahotik, eskualde horren historian murgildu dira Lahidalga eta Puertas, 'Tenpraren guarpena' dokumentalean. Gradu amaierako lanerako ondu dute proiektua.
Armonia Txantreana peña

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna