ATZEKOZ AURRERA. Mabel Artziniega. Medikua

«Pertsonen abantailak ditu txakurrak, eta alde txarrik ez»

Egunerokoan, eta bereziki gaixoaldian, babes handia izan du Artziniegak bere txakurra. Animoa eta itxura fisikoa aldatu zaion arren, harentzat betiko bera izan dela dio.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Lanbidez medikua da Mabel Artziniega (Bilbo, 1974), Debagoieneko (Gipuzkoa) ospitaleko larrialdietan. Bere esperientziatik abiatuta, gaixoei animaliek nola lagundu diezaieketen kontatu du Donostian, , EHUren udako ikastaroetan.

«Lagun bat da zu ondo ezagutu arren maitatzen zaituena». Zuk esana da. Laguna duzu txakurra?

Familiakoa da. Sentimentalki, ez dut bereizketarik egiten pertsona baten eta txakur baten artean. Garbi daukat txakurra txakurra dela; batzuetan, ikusten dut umeak bezala tratatzen dituztela, eta ez dira. Baina, sentimentalki, pertsona bat bezalakoa da: asko estimatzen dut.

Zertan lagundu dizu minbizia gainditzeko prozesuan?

Horrelako gaixotasun bat daukazunean, parentesi moduko bat egiten duzu bizitzan. Gizonak lanean jarraitzen du, seme-alabek euren gauzekin, lagunek... Baina zu ezin zara lanera joan. Aurretik, haurdunaldi konplikatu bat izan nuenean, ia sei hilabetez egon nintzen ohean. Oso gogorra izan zen, eta txakurra denbora guztian nirekin edukitzea, babes bat zen. Gaixotasunarekin, berdin. Pertsonak dauzkan abantaila denak ditu, eta alde txarrik ez.

Hitzik egin gabe asko lagundu daiteke, ezta?

Ematen dizu maitasuna, afektua, leialtasuna... Gaixorik zaudenean, aldamenekoek beti: «Jan duzu? Deskantsatu duzu?». Noski, gustatzen zaizkit mimoak eta atentzioa, baina ez duzu nahi denbora guztian jendeak zuri gogoratzea gaixorik zaudela, badakizu.

Sumatzen zuen zure aldartea?

Zure txakurrarentzat zeu zara oraindik ere, nahiz eta egon ile barik, betile barik edo bost kilo gutxiagorekin. Begiratzen zaitu maitasunarekin, baina ez lastimarekin. Adibidez, nire lana, larrialdietan, oso atsegingarria da, baina oso gogorra. Nahiz eta egun oso txarra eduki, ikustea txakurrak zer alaitasun daukan ni etxera agertzean... Estres mordoa kentzen dizu horrek.

Ziurta daiteke animaliak izateak osasunean onurak dakartzala?

Batzuk zientifikoki frogatu dira, beste batzuk ez. Demostratu da bihotzekoa izan dutenak eta txakurra daukatenak lehenago suspertzen direla. Gero, adibidez, esaten dute gure burmuinean gertatzen direla aldaketa batzuk, eta zoriontasunaren hormonak jariatzen ditugula: dopamina —plazeraren eta sariaren hormona—, serotonina—umorearena— eta oxitozina —maitasunarena—. Frogatu da txakurrarekin begietara begiratzean maitasunaren hormona jariatzen dela.

Uler dezakezu batzuek beldurra izatea?

Ulertzen dut. Hori da itsasoari edo beste edozeri beldurra izatea bezala. Nola kendu? Pixkanaka. Txakur lasai batekin, ezagun batekin...

Benetan nabaritzen dute?

Bai, eta nabaritzen dute nori gustatzen zaion, eta nori ez. Ni paseatzera noanean, txakur askorekin topo egiten dut, eta ni agurtzera etortzen dira denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.