ATZEKOZ AURRERA. Daniel Castillo Alvira. Ikertzailea

«Prestaketa fisikoa bezain inportantea da atseden hartzen jakitea»

Futboleko arbitroen nekea aztertu du Castillok, eta, dioenez, igaro behar dituzten proba «zorrotzak» berme dira jokalarien erritmoari jarraitu ahal izateko. Lanketa fisikoa ez da egin beharreko bakarra.

EHU.
Maite Alustiza.
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da Daniel Castillo Alvira (Tutera, Nafarroa, 1987), eta azken bost denboraldietan Alaves futbol taldeko behe mailetako entrenatzaile aritu da. Doktore tesian, partida ofizialek arbitroengan eragiten duten nekea aztertu du. Hirugarren Mailan dabiltzan epaileak hartu ditu oinarri.

Nekeak jokoz kanpo utz dezake epaile bat?

Pentsa partida batek irauten duen denbora tartean epaileek jokalarien antzeko distantziak egiten dituztela, eta agian distantzia luzeagoak egitera irits daitezkeela. Jokalariek, ordea, abiadura handiagoan egiten dituzte distantziok. Oso garrantzitsua da ondo prestatuta egotea, jokalariek partidari ezartzen dioten erritmoari jarraitu ahal izateko.

Askotan jokalariak baino helduagoak dira arbitroak. Prestatuta egon arren, adinak badu eraginik?

FIFAren joera da geroz eta epaile gazteagoak hartzea. Zirkular berri bat egin dute, eta, horren arabera, 35 urtetik gorako epaileak ezin dira kategoriaz igo. Oso baldintza fisiko onak dituzten epaileak bilatzen dituzte, eta eskatzen dizkieten proba fisikoak oso zorrotzak dira. Era berean, 45 urtetik gorakoek jada ezin dute kategoria profesionaletan arbitratu, ez Lehen Mailan, ez bigarrenean, ezta Bigarren B Mailan ere.

Errendimendu on baterako funtsezkotzat duzu entrenamendua. Hobe taldeka edo bakarka?

Guk futbol epaileen Nafarroako batzordean egin dugu ikerketa, eta hor prestatzaile bat dute beraientzat. Iruñean entrenatzen dira, astean bitan, eta, horretaz gain, euren kasa ere egiten dituzte entrenamenduak. Jokalariekiko ezberdintasuna da arbitroak beraien beharren arabera entrenatzen direla, hau da, fokatuta daude denboraldian hirutan dituzten derrigorrezko proba fisikoak gainditzera. Horregatik, taldean egin arren, entrenamenduak banakakoak dira. Jokalariek, aldiz, beti taldean lan egiten dute.

Epaile laguntzaileak zaku berean sar daitezke?

Kategoria hauetan, Hirugarren Mailan eta, arbitro laguntzaile diren asko arbitro dira kategoria baxuagoetan. Horregatik da prestaketa antzekoa. Dena den, badaude laguntzaile direnak bakarrik ere, maila altuagoetan.

Epaile laguntzaileei dagokienez, berezitasun bat jaso duzu tesian: partida bukaeran eskuin aldea nekatuagoa dutela. Nola landu liteke hori, nekea orekatzeko?

Egiten dugun postulazio bat baino ez da; azterketa gehiago egin beharko lirateke hori ziurtatzeko. Baina hori gerta daiteke jokoz kanpokoak eta jokaldirik garrantzitsuenak areatik gertu daudelako. Intentsitate gehiagoko ekintzak hor gertatzen dira, azelerazio eta galgatze handienekoak. Ikusi dugu erpin horizontalean inplikatuta dauden giharretan beherakada izaten dutela errendimenduan, partida bukaeran; aldiz, erpin bertikalean ez dugu ondorio hori atera.

Zer dela eta?

Izan daiteke arbitroek, jokalariek ez bezala, ez dauzkatelako saltoak eta aireko baloien borrokak erpin bertikalean.

Emakumeen kasuan, ondorio berak atera litezke?

Oso interesgarria litzateke hori aztertzea. Hasiera batean buruan genuen emakumezkoena ere ikertzea, baina denbora gainera etorri zitzaigun, eta aurreragorako utzi dugu. Ea aukera sortzen den.

Proba fisiko zorrotzak aipatu dituzu. Nahikoa dira arbitroak denboraldi osoan sasoiko egoteko?

Proba oso egokiak dira. Arbitroen batzordeak bilatzen du epaileak prestatuta egon daitezen jokoaren beharrak betetzeko. Proba zorrotzek epaileak eta epaile laguntzaileak gaitzen dituzte partidetarako. Erresistentziari begirako probak egin behar izaten dituzte, eta kategoria jakin batean arbitratzeko gai zaren edo ez zehazten dute proba horiek. Abiadura probak ere badaude, baita zelaiko beste hainbat ere. Adibidez, kategoriaz igo ahal izateko, arbitroei interesatzen zaie proba batzuk ahalik eta denbora gutxienean egitea.

Entrenamenduarekin bakarrik, hala ere, zaila mailari eustea, ezta?

Prestaketa fisikoa edo entrenamendua bezain inportantea da atseden hartzen jakitea; noiz hartu behar den eta nola, ondo errekuperatzeko. Eta, batik bat, elikadura. Elikadurak egokia izan behar du egiten den entrenamenduarekiko.

Psikologikoki jasaten duten presioa ere nekea da, ezta?

Guk bakarrik arlo fisikoari erreparatu diogu, baina oso garrantzitsua da alde mentala; partidan zehar nola lan egin, ez dezaten ondorio negatiborik izan. Hori aztertzea oso beharrezkoa litzateke, gainera. Epaileak perspektiba ezberdinetatik aztertu behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.