ATZEKOZ AURRERA. Eva Garcia Saenz de Urturi. Idazlea

«Familian ez dugu inoiz txupinazoan kale egin; tradizio handia dugu»

'El silencio de la ciudad blanca' eta 'Los ritos del agua' liburu arrakastatsuen idazleak eman die hasiera Gasteizko jaiei. Garciak dioenez, gasteiztar batentzat «ohore handiena» da suziria jaurtitzea.
ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2017ko abuztuak 5
«Txikitan ez nuen momentu honekin amesten. Inoiz gertatzea ezinezkoa zela uste nuen». Eva Garcia Saenz de Urturik (Gasteiz, 1972) bota zuen suziria atzo arratsaldean, pozarren. Suziria jaurti aurretik hitz egin du jaietako kontuen inguruan.

Zer esan nahi du zuretzat suziria botatzeak?

Pribilegio bat da. Gasteizko Udalari eskerrak eman nahi dizkiot aurten kulturarekin eta literaturarekin akordatu delako. Oso polita da. Ilusio handia egin dit. Gasteiztar batentzat, ohorerik handiena da, Zeledon izatearekin batera, noski.

Gaur (atzo), balkoitik ikusiko duzu, baina orain arte nola bizi izan duzu jaien hasiera?

Berrogeita lau urte daramatzat txupinazoa Andre Maria Zuriaren plazatik bizitzen, hutsik egin gabe. Txikitatik, gurasoek plazara eramaten ninduten, lehengusuekin, eta, ondoren, barraketara joaten ginen. Eta nik, orain, gauza bera egiten dut nire seme-alabekin. Tradizio handia dugu familian; ez dugu inoiz txupinazoan kale egin.

Plaza barruko iskanbila gogoko duzu?

Ni beti egon naiz plazan jaien hasieran, eta anekdota asko konta ditzaket. Gogoan dut behin purua erretzen ari zen batek sorbaldan erredura egin zidala, eta, ordutik, orbain bat dut. Beste behin, San Viator ikastetxeko lagun batzuk zeuden erraldoien barruan, eta bero izugarria pasatzen zutenez, ni eta kuadrillako beste neska batzuk erraldoien barrura sartzen ginen ur botilekin. Aurten, duda barik, inoizko jai hasierarik politena izango da. Familia guztia izangi dut ondoan, eta energia askorekin biziko dut.

Nola biziko dituzu jaiak?

Ama naizenetik, egunez bizi ditut. Barraketan ez dut inoiz huts egiten: haurra nintzenean joaten nintzen, eta, orain, seme-alabekin beti joaten naiz. Farolen prozesioa ere oso gustuko dut. Ez naiz batere fededuna, baina prozesioan sortzen den giroa, argien distira, nor bere baitan nola biltzen den ikustea... polita da. Nire eleberrietan ere ohitura horri aipamen egiten diot, estetikoa eta zirraragarria delako.

Aurten ez da zezenketarik egongo. Joateko ohitura zenuen?

Oso oroitzapen txarrak ditut. Gurasoekin joaten nintzen, eta behin, 8-9 urte nituela, eguzkitarako harmailan nengoela, lipotimia bat eman zidan. Botaka egin nuen. Gogoan dut ondoan blusa mozkor batzuk zeudela, eta haiek ere botaka egin zutela. Pentsa zein oroitzapen ezatsegina dudan zezenketen inguruan! Gainera, zezen plazan odola ikustea oso ikuskizun gogorra izan zen, eta, ordutik, ez naiz berriro bueltatu.

San Migel elizako balkoian du abiapuntua El silencio de la ciudad blanca liburuaren tramak, eta eleberria Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan garatzen da. Zer dela eta?

Hiri osoa eleberriaren protagonista bilakatzeko modu bat izan da. Jaiak eta hilketak uztartzeak aukera eman zidan gertaera harrigarriak deskribatzeko.

Zure azken bi eleberriek bisitari asko ekarri dituzte Gasteizera.

Gasteizko Udalak hiria ezagutzeko antolatzen dituen ibilbideen artean arrakasta gehien dutenak dira nire eleberriekin zerikusia dutenak. Kulturarekin zerikusia duen kalitatezko turismoa erakartzen ari dira azken bi liburuak. Kanpoko irakurle askok turismo bulegora jotzen du hilketak hiriko zein txokotan izan diren galdetzera. Italian, Alemanian eta Polonian argitaratuko dira orain bi eleberriak, eta horrek nazioarteko bisitariak erakarriko dituela ziur naiz.

Hainbesteko arrakasta espero zenuen?

Azken bi eleberriak gehien irakurriak dira, gehien salduen artean daude; ezohiko arrakasta, bizitzan behin gertatzen dena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna