ATZEKOZ AURRERA

Adinik gabeko dantzaldi bat

Urteroko 'meneito'-a izan da Blusa eta Neska Beteranoen Eguneko ekitaldi nagusia. Probintzia plazan, dantzaldiak zirimiria eguzki bihurtu du, eta dantza lehiaketak giro ederra jarri du.

Adinik gabeko dantzaldi bat.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizko Alde Zaharraren magalean, Probintzia plazak jaso zuen atzo jai giroaren lekukoa. 12:45ak jo berriak zirenean hasi zen Los New Tocados txaranga, dantzaldiko musika jotzen. Blusa eta Neska Beteranoen Eguna izanik, meneito dantzaldi ezaguna izan zen plazako ekitaldi nagusia.

Herenegun haurren eguna izan zen, eta atzokoan adinekoek izan zuten kaleak girotzeko ardura. Halere, txikitasunaren indarrak dagokion protagonismoa hartu zuen atzo ere, dantzaldiko adineko hamar bikoteen erdialdean izan baitzen haur bikote bat dantzan, eskarmentua eta gaztetasuna nor baino nor gehiago jartzeko saiakeran. Nagusienek, berriz, garbi erakutsi zieten gasteiztarrei, beste urtebetez, adina ez dela muga izaten festa giroan murgiltzeko. Beteranoek euren eguna esperientziarekin girotu zuten.

Pasodobleak, cumbia... denetarik dantzatu behar izan zuten dantzari trebatuek. No te vayas de Navarra eta Juan Luis Guerraren La bilirrubina izan ziren gustukoen dantzatu eta entzundakoak. Bereziki fanfarrearen musika doinuak entzutera hurbildu zenik ere izan zen. 70 urteko Seberino Millanek «musikak arima ere leuntzen du» esan, eta txarangari arretaz begira pasatu zuen dantzaldia. Lehiak aurrera egin ahala, eguraldiak ere hobera egin zuen. Goiza zeru goibelez jaiki bazen ere, bukaerarako eguzkia nagusitu zen, eta, nola ez, horrek dantzarien nekea ere areagotu zuen. Beste urtebetez, Nekazariak blusa eta neska kuadrilla izan zen dantzaldia antolatzeko ardura hartu zuena, eta kuadrillako adituenak ibili ziren epaile lanetan.

Dantza eta jana, bikote ona

Sei bat abestirekin bukatu zuten lehen dantza saioa, eta indarrak berritzeko, ondo merezitako hamaiketako izan zuten. Hamaika jira eta biraren ostean behar baitzuten euren onera itzultzeko pintxo eta kopatxo bat ardo.

Martxan jarri orduko, jendartetik txarangari zuzendu zitzaion ikusle bat: «Hamaiketakoa egin ostean ez dakit nik ondo mugituko diren». Eta, ondoren, «erritmo biziko» kanturen bat eskatu zion fanfarreari, jandakoa jaisteko asmoz. Esan eta egin. Hankak arin astintzeko doinuekin hasi zen bigarren dantza saioa.

Beste sei bat dantzaren ostean, ez zegoen gehiagorako denborarik: sari banaketaren txanda iritsi zen. Txapeldunak: Txaro Santos eta Eugenio Lopez. Urteko beste dantzaldi batzuetan entseatu zutela, eta «nahikoa sari» irabazi dituztela aitortu zuen Santosek pozarren, garaikurra poltsatik ateratzen zuen bitartean. Halere, txalo zaparrada handiena txikienek eraman zuten, onenen pare ibili baitziren dantzaldian.«Dantza egiten ez dakidan arren, nabaritu dut nor dantzatzen den hoberen», esanez alde egin zuen Millanek, dantza egin ez arren, erne egon zela ongi erakutsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.