Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Bertha Bermudez. Koreografo, dantzari eta ikerlaria

«Transmisioa da gustatzen zaidana »

Miarritze bizitoki hartuta, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan dihardu egun. Hilabeteotan, Dantza Hirian jaialdiko dantzarien prestakuntzan ari da buru-belarri.
B.B. Tamaina handiagoan ikusi

Garbine Ubeda Goikoetxea -

2017ko abuztuak 29 - Miarritze

Iruñean hazi eta Europa iparraldean hezia da Bertha Bermudez (Zaragoza, 1976). Urteak eman ditu Emio Greco dantza konpainia garaikiderako lanean, Amsterdamen. Ibilbide oparoa izan du dantzari gisa. Sorkuntza utzi gabe, prestakuntzan eta ikerketan ere badihardu.

Curriculum bikaina duzu, baina inor gutxik ezagutzen zaitu. Zergatik?

Gure zirkulua txikia da, eta atzerrira joanez gero, kanpo geratzen zara. Bestalde, dantza garaikideari ez zaio aparteko garrantzirik ematen. Jendeak ez du eguneroko kontakturik, eta normala da ez balioestea.

Kanpora joatea arrakastaren seinale izan ohi da.

Nahiago nukeen kanpora joan behar izan ez banu. Hemen aukerarik ez zegoelako alde egin nuen, baina ari dira gauzak apurka sortzen , esate baterako, Dantzaz, Errenterian. Oraindik ere, kanpoan arrakasta lortu duen bat, hona itzuli, emanaldi bat eskaini, eta berriro joan egiten da. Oso elitista iruditzen zait.

Dantzariaren eta ikuslearen arteko mugak urratzeko esperimentazioan ari zara. Nola egiten da hori?

Dantzan interakzioa dago, publikoarekin, inguruarekin. Teknologiak ere interakzioa eragiten du. Sakelako telefonoaz, adibidez, milaka gauza egin litezke. Bi interakzio molde horiek elkartzea da nire helburua. Nola egiten den hori? Bada, ekinaren ekinez eta pazientzia handiz. Teknologiak oso aurrera egin duela dirudien arren, gorputza bera baino motelago doa beti.

Horren adibiderik?

Ikusleak, pasiboki begira gelditu beharrean, informazioa lortzeko zerbait egin beharra bilatzen dut. Azken emanaldian mugimendu jakin batzuk eskatzen genizkien, eta, hori egindakoan, orduan ikusten ninduten bideoan dantzan. Hurbilpen hori interesatzen zait, dantza garaikidea urrundu egin baita gizartetik, eta dantza garaikidea ulertzeko aditua izan behar dela uste baitu jendeak. Niri, ez zait interesatzen ezgauza sentiarazten duen dantza. Ikuslea tartean sartzea nahi izaten dut, eta teknologia lagungarri da horretan.

Txaloak ez dira nahikoa.

Erantzukizun soziala ere badugu. Errealitatetik oso urrun hazten gara batzuetan, burbuilan. Dantza, gauza askotarako izan daiteke mesedegarri. Sozialki, inklusiorako bidea ere bada, gorputzaren mugimendua besterik ez baita behar. Enpatia eta elkartasun kodeak ditu. Dantzak asko du emateko, baina hurbildu egin behar zaio gizarteari.

Zer eman dizu nazioarteko esperientziak?

Hizkuntzak ikasteko eta herrialdeak ezagutzeko parada eman dit. Kanpotar sentitzea edo baztertuaren aldean kokatzea, hori ere eman dit sozialki.

Egin duzun gauzarik bitxiena?

Dantzari gisa, 19 urte nituela Gregory Colver zinema zuzendari eta argazkilari frantsesa ezagutu nuen. Dantza eta animalien arteko erlazioa landu izan zuen beti, eta, beraz, duela hiruzpalau urte arte, planetako tokirik ezkutuenetara joan naiz harekin, jirafa, elefante, orangutan, tigre eta antzeko animaliekin dantzatzera beti.

Zein duzu doktoretza tesiaren oinarria?

Bizipen aberatsak izan ditut, harreman ugari, eta ezagutza hori partekatzea dut helburu. Dantza ahozko tradizioaren antzekoa da, historiarik izango ez balu bezala jotzen da. Dokumentu idatzi bat edo uki daitekeen zerbait sortzen duzularik, orduan hasten da balioa hartzen. Hedabide digitalek gure ondarea izango diren dokumentuak sortzen nola lagun dezaketen ikertzen dut.

Mongoliako eta Venezuelako dantzen ikerketan hamar urte daramatzazu. Nolatan?

Mongoliako dantzek, bereziki nomadenek, liluratu egiten naute. Hango gizartea ziztu batean ari da aldatzen, eta, dokumentazio lanik egiten ez bada, zaharrak hilko dira eta kito, hortxe amaituko da dena, dantzak eskola formal bihurtuko baitira. Hemen ere antzeko zerbait gertatzen da: dantza bat ikasten duzu, baina ez dakizu haren esanahirik; pausoak ezagutzen dituzu, baina ez dakizu zergatik egiten diren. Zergatia galtzean, forma besterik ez da gelditzen, mamirik gabeko azala. Mamiak bizirik iraun dezan, horixe da bilatzen dudana.

Zer duzu nahiago prestakuntza, kudeaketa ala sorkuntza?

Sortzaile gisa hasi nintzen baina neure burua dantzaritzat daukat. Transmisioa eta dokumentazioa da gustatzen zaidana, eta horretan ari naiz Dantza Hirian-en, dantzatuko duten pieza landu ez duten dantzariak prestatzen. Koreografoak pieza sortu zuenean han nintzen ni, eta transmisio hori egingo diet.

Las Negras Productions enpresa sortu duzue ahizpak eta zuk. Zer egiten duzue?

Prozesu sortzaileekin zerikusia duten gauzak kontatzen ditugu. Funtsean, zinema eta dantza uztartzen ditugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat, Bilboko Konpartsek, atzo, Bilboko Plaza Barrian antolatutako Kapela Egunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bilbok buruan darabilena

Iñigo Astiz

Aste Nagusia hasteko ehun egun baino gutxiago falta direla gogoratzeko Kapela Eguna antolatu dute Bilboko Konpartsek, eta atzerako kontagailu bat ere jarri dute Plaza Barrian.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Herriaren ondarea da auzolana, gizartea osasuntsuagoa izan dadin aberasgarria»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Mozambiketik bueltan erabaki zuen Gabilondok gertuko zuen Garaioneko proiektua berriz hartzea. Sorkuntza, ondare soziala eta natura ditu ardatz, baina baita euskara eta feminismoa ere, zuzenki aipatu ez arren «halabeharrez» egon behar dutelako hor.
Svenja Jung aktoreak bi rol jokatzen ditu telesailean: bi ahizpa biki protagonistena egiten du. ©COSMO

Cosmo kateak 'Der Palast' telesaila emango du bihartik aurrera

Urtzi Urkizu

Alemanian 6,23 milioi ikus-entzule izan ditu (%20,1). Crossover jaialdian lehen atala eman zuten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Garbine Ubeda Goikoetxea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...