ATZEKOZ AURRERA. Eli Gorrotxategi. Gaztagilea

«Gazta oso ona eta ketua izan da, horregatik saritu gaituzte»

World Taste Awards sarietan, 12.000 elikagaien artean munduko elikagai onenetakoa da Lezeko gazta. Eli Gorrotxategik kontu eta mimo handiz eginiko gazta «biribiltzat» jo dute adituek.

Jose Mari Jauregi, Eli Gorrotxategi eta Arkaitz Jauregi gaztagileak, baserri aurrean. Leticia escribano LETICIA ESCRIBANO.
Ilarduia
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Goierriko bihotzean abeltzaintzarekin zerikusirik ez zuen familia batean hazi zen Eli Gorrotxategi gaztagilea (Beasain, Gipuzkoa, 1960). Duela hogei urte abiatu zuen Ilarduiako (Araba) Leze gaztandegia, gazta egitea ofizio hartuz. Munduko 165 janari onenetan sailkatu dute haren gazta bat. Irailean jakingo da irabazlea; alabaina, Gorrotxategik sari handia jaso du jada.

Nola izan da World Taste Awards sarietara aurkezteko prozesua?

Martxoan aurkeztu genituen gure bi gaztak Artzain Gazta elkartearen bidez. Olaberriko [Gipuzkoa] Aizpea baserriak ere beste bi aurkeztu zituen, eta haiek ere emaitza oso onak erdietsi dituzte. Gure produktuak nahikoa ondutako gaztak ziren, eta hori izan daiteke arrakastaren gakoetako bat.

Sari horrek bultzada bat ematea espero duzu?

Egia esan, horri baino gehiago begiratu diot egin diguten aitortzari, eginiko lanari esker ona eman zaio, eta hori da garrantzitsuena. Eguneroko lanak gorabeherak ditu, lan gogorra baita garai batzuetan, eta sariak indarra ematen dit jarraitzeko. Baina egia da bezeroengan ere eragiten dutela jasotako sariek, eta hamaika bezero berri ere erakartzen dituztela. Nik beti esan dut: sariak gure bezeroentzat ere badira, haiek gu beste pozten baitira.

Munduko 165 elikagai onenen artean egotea lortu duzue, zergatik?

Oso ona dagoelako gustatuko zitzaien, segur aski. Dastatzaileek azaldu didatenez, izar bateko produktuak oso elikagai onak dira. Bi izarrekoak, kalitate gorenekoak, eta gure gazta batek lortu dituen hiru izarrak, soilik janari biribilei ematen zaizkie. Gazta oso ona eta ketua zegoen, horregatik saritu gaituzte. Euskal Herritik at, ketutako gaztak oso elikagai berezitzat hartzen baitira.

Iaz bi izar lortu, eta aurten hiru. Zerbait aldatu duzue?

Segur aski, gaztaren puntua izango zen diferentzia. Gogoratzen ez naizen arren, uste dut oso gazta gaztea bidali genuela iaz, eta aurten oso ondua. Etxean pentsatu genuenpuntu perfektua zuen gazta bidali behar genuela, eta asmatu genuela uste dut.

Orain urte batzuk arte, gizonen mundua zen artzaintza, edo haientzat izaten ziren sariak behintzat. Zer aldatu da?

Emakumezkoak, beste arlo batzuetan bezala, gure lekua egiten ari gara gaztagintzan ere. Egia da, gainera, gaztandegi gehienetan gazta egiten dutenak emakumezkoak direla. Orain, adibidez, bai Aizpeako Eliri, baita niri ere, saria emakumezkoengan egokitu da. Baina aitortza familia guztiarentzat da.

Baduzu laguntzarik gazta egiten?

Gaztagile eta artzain guztiek bezala, Jose Mari gizonak, Arkaitz semeak eta hirurok kanpainaka egiten dugu lan. Urtarrilean hasita, hilaren erdialdean izaten dituzte arkume gehienak. Orduan, denok ukuiluan egoten gara. Hortik aurrera, ordea, esnea egoten denez, lana banatzen dugu. Aita-semeak ardiak jezten eta gobernatzen dituzte, eta nik gazta egiten dut. Hala ere, denok dakigu dena egiten.

Nola hasi zinen artzaintzan?

Nik ez nuen inongo loturarik artzaintzarekin, Jose Marik zituen ardiak gustuko. Lana utzi, eta biok murgildu ginen bizimodu honetan. Hogei ardirekin hasi ginen, pixkanaka artaldea handitzen. Ni gazta egiten ikasteko ikastaro batzuetara joan nintzen. Horren ostean hasi nintzen gazta egiten, esnea saltzen ezin baitzen bizi bi semerekin.

Zelan aldatu da artzaintza zu hasi zinenetik?

Asko aldatu da, guztia bezala. Gazta modu tradizionalean egin arren, ikasketa eta osasungarritasunaren aldetik askoz gehiago eskatzen da, eta gaztagileok ulertu dugu guretzat hobe dela hori. Bezeroek kalitatea eskatzen dute, eta horretarako modua ematen digu maila handiagoa izateak.

Nahikoa errazten al da zuen lana?

Guk behar duguna da ziurtasuna ematea instituzioek eta elkarteek. Gure lana hain dago lotuta ingurumenarekin, garrantzitsuena hurakontserbatzea da. Jendea eta instituzioak ohartu egin behar dira guk ingurumena behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.