ATZEKOZ AURRERA. Patricia Martinez Garcia. Ikerlaria

«Emakumeen lana guztiz duindu behar da, erakargarria izan dadin»

Arrantza sektorean lan egin duten emakumeak ikusgarri egin nahi ditu Martinezek. Lanbideak erregularizatzeak ahalduntzen lagundu diela dio; oraindik kolokan daude «arlo garrantzitsu batzuk».

EHU.
Maite Alustiza.
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Emakumeen aldeko jaialdiak eta eskulturak ondo daudela dio Patricia Martinez Garciak (Vigo, Galizia, 1983), baina ekintza sinbolikoen eskutik materialek joan behar dutela uste du. Bere tesian emakumeen ahalduntzea aztertu du gobernantza testuinguruetan, eta bereziki arrantza sektorean jarri du fokua.

Lehorrak ere hartzen du arrantza sektorea, baina garrantzitsuena beti itsasoko lana izan dela diozu. Hor, gizonezkoak nagusi. Kasualitatea?

Ikerketa perspektiba erabat feminista batetik egin nuen, eta, beraz, batetik salatu nahi nuen arrantza komunitateetan zegoen matxismoa, oro har, gure inguruko sektore guztietan bezala. Bestetik, emakumeek beti egin zituzten ekarpenak ikusgarri egiteko egin nuen; gizartearen eta ekonomiaren egitura androzentriko eta patriarkalaren erruz, ez ziren inoiz baloratu. Zaintzari lotutakoak eta lehorrean egiten ziren lan osagarriak ez dira baloratzen. Erakutsi nahi izan dut nola pertsona batzuk iritsi diren dauden tokiraino eta eutsi ahal izan dioten emakumeen lanari esker.

Emakume galiziarren eta euskal herritarren kasuak aztertu dituzu. Badago alderik tokiko faktore konkretuak kontuan hartuta?

Tokiko identitate handiko erkidegoak dira biak, marinel identitate handikoak, oinarritzen direnak banaketa publiko-pribatuan, lur-itsaso eremuan. Galizian, itsaski biltzaileak daude; Euskadin, berriz, paketatzaileak eta neskatilak, Galizian ez daudenak. Baina, bietan, batetik lan osagarria dago; eta, bestetik, lan produktiboa, aitortutakoa. Banaketa horrek egiten zuen gizon askok denbora asko kanpoan ematea, eta bi lurraldeetan eragin zuen emakumeak oso autonomoak izatea, indar handiagoa edukitzea...

Sektorea erregularizatzeko prozesuan, emakumeek parte hartu dute. Emaitza bera baino aberasgarriagoa izan da bidea?

Antolatzeak ekarri die administrazioarekin harreman on bat lantzea, bai Xuntarekin eta baita Eusko Jaurlaritzarekin ere. Horretan zerikusi handia izan zuten teknikoek; zuzeneko harremana izan zuten langileekin, eta horrek egin zuen haien eskaerak administraziora iristea, lehen ez baitziren iristen. Galiziaren kasuan, talde tekniko garrantzitsua izan da, talde feminista bat. 1990eko urteetan, adibidez, itsaski biltzaileena izan zen lehen prozesua; ordura arte, inork ez zuen haiekin hitz egin. Legeak egin ziren, eta bakarrik patroi nagusiekin hitz egin zen; hortaz, ez zegoen ezagutzarik kolektiboaren kezken eta beharren inguruan. Haiekin hitz egiten hasi zirenean hasi zen funtzionatzen.

Aintzat hartze hori gero islatzen da praktikan?

Kexu ziren [Espainiako] ministerioarekin; topaketak eta kongresuak egiten dituela, baina pixka bat harremana gezurrezkoa dela, sinbolikoa. Askok esaten zuten: «Informatikako ikastaro asko, baina benetan interesatzen zaiguna, sareen inguruko prestakuntza kurtsoak, ez».

Orioko eta Getariako saregileak kexu dira: «Lege proiektuan ez gaituzte kontuan hartzen». Aurrerapausoak eman arren, legediak sareak bezainbeste zulo ditu?

Arlo garrantzitsuak geratzen dira oraindik. Adibidez, gaixotasunak onartzea. Postura berean eta eskuekin mugimendu bera eginez pasatzen dute denbora piloa; hau da, benetan beren jardunari lotutako gaixotasunak dituzte. Paketatzaileen eta neskatilen kasuan, gauza bera: nahiz eta mekanizatu den prozesua, indar eta esfortzu handiko lana da oraindik. Eta erretiroa aurreratzeko aukerarekin, berdin. Koefiziente murriztailearekin, itsaski biltzaileak bakarrik bi urte lehenago erretira daitezke.

Sektore prekarioa, lan gogorra... Belaunaldi aldaketarik ez. Eman dakioke buelta egoerari?

Batetik, saiatu beharko litzatekeekonomia iraunkorra babesten eta bultzatzen, baina Europako arrantza politikak ez daude ildo horretan. Eta emakumeek baldintza duinak izan ditzatela. Haien lana guztiz duindu behar da, erakargarria izan dadin; eskubideak errealak izan daitezela. Gainontzean, koitadu bat bezala lan egingo duzu denbora luzez, inork eskertu gabe, sekulakoa ez den soldata batekin, barkuen beharrizanen zain... Eta hori dena ezertarako. Jendeak, logikoki, ez du hori nahi.

Irailean, A mar é muller [itsasoa emakumea da] izenburuarekin egingo dute itsasoaren nazioarteko jaialdia, Coruñan. Horrelakoek balio dute?

Egia da askok esaten dizutela: «Nazkatuta nago postal bat izateaz». Ondo dago, noski; Ondarroara [Bizkaia] iritsi eta komunitatean aritu ziren emakumeen eskulturak ikustea bezala, baina sinbolikotik materialera iritsi behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.