ATZEKOZ AURRERA. Xabier Egaña. Margolaria

«Bizitzaren zati bat da pintura, eta hori da bere edertasuna»

2010. urtetik dabil Xabier Egaña Andetxako San Migel eliza margotzeko lanetan. Gaur egungo gaiak espiritualtasun apur batekin jorratu ditu, «norberaren barnera begiratzeko» asmoarekin.

JOSE LUIS ALONSO QUILCHANO.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Etxetik irten eta bakardadean, bere barnerako erromesaldian, Andetxako (Araba) San Migel eliza margotzen ari da Xabier Egaña (Getxo, Bizkaia, 1943).

Nola doaz pintaketa lanak?

Bi horma falta dira. Bat egun gutxiren buruan amaituko dut. Beste hormarekin espero dut asko ez luzatzea eta hotza heldu aurretik amaitzea.

Nola joan da prozesua?

Kanpoaldetik, eliz ataritik hasi nintzen margotzen. Urtebeteren buruan iritsi zen elizan sartu eta barruan lan egin ahal izateko baimena. Absidearen aurkako aldetik hasi nintzen: Kristoren irudia egin nuen, eta hori erabili dut oinarri gainerako koloreak eta proportzioak erabakitzeko. Lanaren zatirik lirikoena da: hormek bizia hartzen dute, eta ideiak egokitu egin behar dituzu.

Asko egokitu dituzu ideiak?

Azken emaitza desberdina da, zirriborroak ez direlako ideia zurrunak. Asko lagundu didate Jose Luis Lasagabaster arkitektoaren aholkuek.

Picassoren eragina nabarmena da zure lanetan. Nola inspiratzen zaituzte gainerako artistek?

Gazte garaian ez nuen sekula Picassoren lanik ikusi. 18 urterekin hari buruzko liburu bat utzi zidatenean, amaierarik gabeko bide bat zabaldu zitzaidan. Nire barnean betiko gelditu dira sentitu nituen inspirazioa eta askatasuna, eta askotan jotzen dut zirrara horietara.

Zer transmititu nahi izan duzu?

Hormetako batean tximeleta bihurtuko den kusku bat margotu dut. Eta, gutxi gorabehera, hori da nire ideia. Elizara sartzen den orok senti dezala arteak sortzen duen transformazioa. Ez dadila soilik gustu kontua izan, norberaren barnera begiratzeko balio izan dezala.

Arteak nola laguntzen du norberaren garapenean?

Norberaren sentiberatasuna esnatuz. Arteaz gozatu nahi duen horrek bere barnean zerbait piztu nahi du, eta artistok lagundu egin behar diogu. Baina kontuan izan behar dugu denak desberdinak garela: artea egitean, nire ikuspuntutik egiten dut. Gaur egungo gaiak jorratu ditut espiritualtasun apur batekin.

Arteak espiritualki eraginik badu?

Rosa Monterok dio soilik artearen edertasunak salba gaitzakeela. Baina zer da edertasuna? Pintura ez da soilik marra batzuk, konposizio bat edo koloreen nahasketak. Bizitzaren zati bat da pintura, eta hori da haren edertasuna. Museo asko bisitatzen dira egun, baina beti argazki kamerari itsatsita. Ez dugu artearen edertasunaz gozatzen. Ez dakigu arteaz gozatzen, baina asko aberasten gaitu. Eta hori ezin da erosi.

Zer da pintura zuretzat?

Ibilbide bat. Azken urte hauek erromesaldi bat izan dira niretzat: etxetik irten, eta bakarrik bizi izan naiz denbora batez. Ez da erromesaldi fisiko bat izan, bakardadean zeure buruarekin egiten duzun bidaia mental bat baizik. Hormen handitasunari aurre egiteko, nire esperientzian aztarrikatu behar izan dut. Bideak nekatu ere egin nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.