Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Marta Sabando Martinez. Artxibozaina eta arkeologoa

«Matriarkatuaren ideiak berdintasunaren ilusio faltsua islatzen du»

Gasteizko kontzejuetako ordenantzetan emakumeen presentzia oso txikia izan dela azaldu du Sabandok, eta eliza katolikoak herrietan izan duen pisua nabarmendu du, halaber.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2017ko azaroak 1 - Gasteiz

Komunitatea gobernatzeko tresnak izan dira kontzejuak, historian. «Aditu batzuek bisigodoen garaian kokatzen dituzte», azaldu du Marta Sabando Martinezek (Logroño, Espainia, 1984), Ondare Babesa enpresako kideak. Gasteizko udalerrian 60 herri baino gehiago daude, eta kontzejuen bidez gobernatzen dituzte. Ordea, zein izan da emakumeek kontzejuetan izan duten garrantzia? Nola islatu da hori tokian tokiko araudietan? Ostiral honetan galdera horiei helduko diete Kontzejuak eta landa eremuko emakumeak historian zehar hitzaldian, 17:30ean, Gasteizko Kontzejuen Elkarteak antolatuta. Elorriagako (Araba) Biltzar Etxean izango da, eta, besteak beste, Sabandok parte hartuko du. Hitzaldien helburua emakumeek historian egin duten bideaz kontzientzia hartzea izango da.

Zergatik aukeratu dituzue ordenantzak emakumeak landa eremuan izan duen presentziari buruz hausnartzeko?

Ordenantzetan herria gobernatzeko irizpideak zehazten dira, agintea duten hiritarrek berek erabakita. Ordea, agintea dutenek beren arrastoa ere uzten dute. Horregatik da garrantzitsua emakumeek erabaki postuetan parte hartzea eta ordenantzak irakurtzen jakitea.

Kontzejuetako ordenantzen digitalizazio eta ikerketa lana hasi zenutenean, hipotesiren bat al zenuten? Gauzatu al da?

Genero ikuspuntua aintzat hartuta hasi genuen ikerketa, baina emakumeari buruzko ezer ez da agertzen garai horretan. Gizonarentzat idatzita daude, gizonek idazten baitzituzten ordenantza horiek.

Hitzaldiaren programaren barruan landa eremuko emakumeen «inboluzioa» ere aipatu duzue.

Mende askoan ez da ezer garatu. Egun, susperraldi bat egon daiteke, baina duela oso gutxi hasi zen. Hori guztia ikusiko dugu, baita Euskal Herriko matriarkatua ere. Ideia hori tentuz hartzekoa da.

Matriarkatuaren ideia desitxuratu egin al da? Mitifikatu egin al da?

Azken hitzaldian horri buruz hitz egin genuen. Botere politiko eta kulturala gizonena izan da, esaten dena esaten dela. Horregatik apurtu nahi dugu mitoekin, eta errealitateari heldu, egin daitekeen horri.

Zein da emakumeen presentzia kontzejuetan?

Landa eremuko emakumeek gogorarazten dute duela 20-30 urte hasi zirela kontzejuetan parte hartzen. Gaur egun, ordezkarien %10 inguru izango dira. Oso parte hartze txikia.

Zerk eragin du horretan?

Kulturak... Eliza katolikoak ere pisu handia izan du. Garai batean, egutegia antolatzen zen elizak markatzen zuenaren arabera. Emakumearentzako jai gutxi zeuden, eta, zeuden apurretan, helburua bikotekidea lortzea zen. Horrez gain, hirietan ager zitezkeen ideiek eragin txikia zuten landa eremuan.

Zama hori nabaritzen da egun?

Tailer batean, kide batek kasu adierazgarri bat aipatu zigun, duela zenbait urte gertatua. Kontzeju bateko bilerara joan zen, eta han zeuden gizonek galdetu zioten ea ez ote zuen beste egitekorik. Asko borrokatu behar da oraindik. Horregatik, matriarkatuaren mitoa mahai gainean jarri nahi dugu, berdintasunaren ilusio faltsua islatzen duelako.

Aldaketa demografikoek eraginik izan al dute kontzejuak gaurkotzerakoan?

Edadetuak geratu ohi dira herrietan: beste pentsamolde bat duten pertsonak izan ohi dira, eta aldaketak zailago hartzen dituzte. Zorionez, emakumeak ere kontzientzia hartuz doaz. Horrez gain, bizilaguna eta kanpotarra bereizi ohi dira, oraindik ere. Kontzeju batzuetan lanak daude horretan aurrera egiteko. Dena den, herrietara heltzen diren gazteak, emakumeak zein gizonak, kontzejuak berritzen laguntzen ari dira. Baina lan handia dago dago egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Rejado

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...